Nafarroako Gobernuak Musikariak Ikastetxeetan programa etetea erabaki duela salatzeko, agerraldia egin dute gaur goizean Hezkuntza Departamentuaren aurrean. Han zirela, baina, berri ona jaso dute: egitasmoa ez da bertan behera geratuko. Izan ere, Hezkuntza Departamentua ez beste batek hartuko du proiektua bere gain aurrerantzean: Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak. Euskarabidea institutuak kudeatuko du.
Hezkuntza Departamentuak programa eten zuelako albistea bezain espero gabekoa izan da gaurkoa. Protesta 11:30erako zegoen deiturik, antolatzaileak ordu erdi lehenago bildu dira, eta orduantxe izan dute erabakiaren berri. Are gehiago, Gotzon Barandiaran proiektuaren sortzaile eta koordinatzaileak kazetari baten bitartez jaso du albistea: «Guri inork ez digu ezer komunikatu. Inork ez digu deitu». Hain zuzen horregatik, informaziorik apenas jaso dutelako, argitu beharreko galdera asko dira programaren kudeaketaren gainean.
Izan ere, Nafarroako Gobernuak plazaraturiko oharrean, datu bakar batzuk baizik ez dituzte eman. Batik bat, nabarmendu dute Euskarabidea eta Hezkuntza Departamentua akordio bat lantzen ari direla, Musikariak Ikastetxeetan programaren jarraipena bermatzeko. Agiriaren arabera, akordioaren bidez bermatu nahi dute programak «lehentasun berriei arreta ematea». Diotenez, nahi dute programan lantzen direnak estuago egotea kurrikulumari loturik, hala nola euskararen ahozko eta idatzizko adierazpena eta ulermena indartzea.
Hau da, kudeaketari buruzko deus gutxi dago argi. Esaterako, aurrekontuari buruzko inolako daturik ez da plazaratu. «Nafarroako Gobernuari gomendatuko nioke askoz ere gehiago inbertitzeko. Zenbat eta gehiago inbertitu, orduan eta onura gehiago jasoko dituzte ikasleek», azpimarratu du Barandiaranek, zer gertatuko zain.
Edonola ere, gaur, parte hartzaile eta antolatzaileen artean poza da nagusi, Barandiaranen arabera: «Izugarri pozten gara programak aurrera egingo duelako. Zorionak ikasleei, irakasleei, musikariei eta Nafarroako hezkuntza komunitateari, horrelako programa batek iraun egingo duelako».
Ezbaian jarri ezinezkoa
Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 2018an abiatu zuen Musikariak Ikastetxeetan programa, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean euskara eta kultura bultzatzeko helburuz. Saioetan, askotariko jarduerak egin dituzte ikasleekin: besteak beste, kantak sortzeko prozesuak partekatu eta euskarazko kantagintzaren historia eta oraina esplikatu. Mikel Inunek nabarmendu duenez, ikastetxeek programari buruz eginiko balorazio negatiboak «esku bakarreko behatzekin» zenbatu daitezke.
Horregatik, iritzi diote programaren baliozkotasuna zalantzan jarri ezinezkoa dela, eta irmo galdegin dute haren iraupena berma dadila. 30etik gora musikarik sinatu dute Ez dadila haria eten izeneko agiria. Hauek dira sinatzaileak: Abereh, Erik Berganza, Aguxtin Alkhat Iban Urizar Amorante, Aneguria, Birkite Alonso Birkit, Eñƒaut Elorrieta, Esti Markez, Gorka Urbizu, Habia bikotea, Ibai Osinaga, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Iñƒigito Txapelpunk, Jon Basaguren, Jon Gurrutxaga, Joseba B.Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Elena Caballero, Lide Hernando, Maite Larburu, Maria Rivero, Mikel Inun, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza, Odei Barroso, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Paxkal Irigoyen, Rafa Rueda, Thierry Biscari, Tristtan Mourguy, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo.