Kritika. Musika

Musikari kolonbiar lotsatia

Edmundo Ariasen 'Guepa Je!' diskoaren azala.
Edmundo Ariasen 'Guepa Je!' diskoaren azala.
2024ko irailaren 15a
05:05
Entzun

EDMUNDO ARIAS

'Guepa Je!'
Diskoetxea: Radio Martiko.

Soinu eklektiko eta globaletan espezializatutako Radio Martiko diskoetxeak Kolonbiako musiketan bustitako bilduma berri bat eman du argitara hil honetan —gogoratu 2022an Lucho Bermudez y su Orquestaren The Coastal Invasion bikaina ere kaleratu zuela, zeina orriotan ere agertu zen—. Bada, oraingoan Edmundo Arias musikariari egokitu zaio, eta Bermudezen lana aise gainditzen du, nahiz eta biak ala biak garai berbereko musikariak izan. Izan ere, Pacho Galanekin batera, cumbia, porro, bolero eta bestelako estilo tropikaletan hazitako kantuak gaurkotu zituzten 1950eko eta 1960ko urteetan, hirurek zuzentzen zituzten big band-en bitartez, Medellineko gauak sutan jartzeraino.

Arias da hiruren artean xelebreena. 1925ean jaioa Tulua herrian, konpositore, moldatzaile eta instrumentista aparta izan zen. Hamaika instrumentu jotzeko gaitasuna zuen, besteak beste, klarinetea, gitarra, baxua eta bandola (mandolinarekin lotutako udare-formako hari-instrumentua). Ahalmen izugarri hori aitarekin eta anaia nagusiarekin eratutako Trio Arias taldean hasi zen zabaltzen, baina aita zendu zenean, Medellinerako bidea hartu zuen, non Kolonbiako musika industria gehiena biltzen zen, besteak beste, herrialdeko diskoetxe nagusiak herrialdeko hiriburuan zeuden. Medellinen garatu zuen Ariasek bere musika ibilbide garrantzitsuena, eta tartean ehunka abesti grabatu zituen, hala bere bandekin nola Sonolux zigiluko taldearekin. Moldatzaile emankorra ere izan zen: behin, hamasei piezako banda baterako moldaketak idatzi omen zituen minutu gutxi batzuetan, bandak beste abesti bat grabatzen zuen bitartean.

Gaitasun horiek gorabehera, Arias pertsona lotsorra zen: bere bizitza publikoaz oso gutxi idatzi da, ez baitzuen elkarrizketarik ematen. Jarrera antisozial hori muturrera eraman zuen bere izeneko bandako kide bati esan omen zionean agertokian bere lekua har zezala, ikus-entzuleak saihesteko asmoz. Haatik, musikariek biziki maite zuten, eta lanerako jokaera oso kolaboratiboa agertu zuen. Radio Martiko zigiluaren arabera, «egun horietan Medellingo musikari guztiak Ariasekin batera aritu ziren, modu batera edo bestera. Lan erregimen zorrotza zuen: gauez konposatu, antolatu eta grabatu, egunez lo egiten zuen bitartean».

Edmundo Arias 1993. urtean hil zen, eta bere ondare musikala ezagutzeko lan aproposa da binilozko disko bikoitzean datorren Guepa Je! hau —yeah onomatopeiaren parekoa da bildumaren izenburua, Kolonbiako argotean—, batez ere, kolonbiarraren 50eko eta 60ko urteetako uzta zabala ezagutzeko, diskoan 24 doinu biltzen baitira.

Horiek horrela, bilduma Kolonbiako musika tropikaletan barrena murgiltzen den soinu-tramankulua da. Doinuak hainbat moldaketaz apainduak daude, makina bat instrumentuz baliatzen baitzen Arias, eta kantuak aproposak dira dantzarako. Hitzetan maitasun aferak dira nagusi, betiere tonu lizunez koipeztatuak. Tus ojos kantuak honela dio: «Ez nau heriotzak berak salbatuko, zure besoetan amaituko dut-eta».
Bilduma lehen mailako cumbiekin osatuta dago, baina behin diskoan sartuta, entzulea ohartuko da Arias bestelako estiloetan ere bikain aritu zela. Horren erakusle soinu banda baten trazak erakusten dituen Fiesta Tropical abestia, perkusioz josia, «gaur jaio da itsasoan eta palmondo-sailean jai-kanta beltz bat»; edo jazz pianorekin jantzitako El Guarachero doinu afro-kubatarra. Gozamena!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.