Musikari berrien doinuak Musika Hamabostaldian

Abian da Donostiako Musika Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloa. Gaurtik ostiralera bitarte, Musikeneko ikasleek kontzertuak emango dituzte Donostiako Miramar jauregian

Musikeneko ikasleak eta zikloko ordezkariak, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Interprete Gazteen Zikloa da Donostiako Musika Hamabostaldiak musikari berriei gordetzen dien eremua; bereziki, Musikenen trebatzen ari direnei. Ez da lehen aldia jaialdiak Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin elkarlanean jarduten duena, eta, aurten, hartako lau bakarlari eta talderen kontzertuak hartuko ditu. Denera, bost kontzertuk osatuko dute zikloa, eta 19:00etan izango dira emanaldi guztiak, Donostiako Miramar jauregian.

Musikenek Musika Hamabostaldiarekin duen harremana «oso emankorra» dela adierazi du Jesus Etxeberriak, Musikeneko kanpo harremanetarako zuzendariordeak. Hura arduratzen da jaialdian parte hartuko duten Musikeneko gazteak aukeratzeaz, eta, aurten, June Agirre gitarrista, Cadenza Quartet saxofoi laukotea, Ismael Gil pianista eta Kirudat Duo perkusionistak izango dira zikloko protagonistak; gaur hasi, eta ostiralera arte jardungo dira Miramarren. «Kalitatea bermatzeko moduko aukeraketa egin dugu Musikeneko ikasleen artean, eskain diezaiokegun onena emateko zikloari», adierazi du Etxeberriak. Halaber, atzo hasi zen zikloa, Claudia Besne harpa jotzailearen kontzertuarekin.

Agirrerena izango da Musikeneko ikasleen emanaldietan lehena, gaur bertan, eta bakarlari arituko da, gitarra batek lagunduta. Bi mendetako piezak uztartuko ditu, obra barrokoak eta erromantikoak joz, besteak beste. Espainiako eta Latinoamerikako errepertoriotik hartutako beste kanta batzuekin osatu du programa.

Bihar, Cadenza Quartet taldearen txanda izango da. 2020an sortu zen, Musikenen, eta saxofoi laukote batek osatzen du. Jaialdian emango duten kontzertuan, hiru pieza joko dituzte: jatorriz harizko musika tresnetarako sortu eta saxofoirako egokitutako bi, eta berariazko obra bat. Gainera, Miguel Mercero lagun eta ikaskidearen pieza bat estreinatuko dute.

Pianoa eta perkusioa

Zikloko azken-aurreko kontzertua Ismael Gil pianistak emango du. Debuta du Hamabostaldian, eta, Antonio Solerren bi sonatarekin batera, lau pianista nabarmenen lanak aukeratu ditu estreinakorako: Frederic Chopinen, Maurice Ravelen, Alexander Scriabinen eta Isaac Albenizen doinuek hartuko dute Miramar, etzi.

Ostiralean amaituko da zikloa, Kirudat Duoren perkusio kontzertu batekin. Musikeneko ikasle Juan Luis Garciak eta Markel Perezek osatzen dute taldea, eta perkusio tresna ugari uztartzen dituzten lanak aukeratu dituzteemanaldirako. Marinbak eta bibrafonoak entzungo dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.