Ez dago beltzik, ez zuririk, ez eta kortxearik ere. Partitura arrastorik ez aretoan, are eta gutxiago metronomorik. Baina hori ez da problema, sasizuzendariak ederki baitaki kontzertua zer abiadatan gidatu. «Musikaren hiru tempo aukeratu ditut», ohartarazi dio publikoari, eta ongietorria eman die segidan: «Gozatzea espero dut». Egiazki, Fernando Pagola arkitekto eta artistarenak (Donostia, 1961) dira hitzok. Metaforekin jostalari, bere erakusketa berria aurkezteko baliatu ditu musikaren gainekoak. Izan ere, badu zentzua. Erakusketak Kontzertu hirukoitza du izena, eta hiru bilduma jaso ditu horretan: Gilgamesh Enkidu-Allegro Enérgico, Frankfurter Proiektua-Andante espressivo, eta Egunerokoa-Grazioso e giocoso. Nafarroako Unibertsitateko Museoan da ikusgai, abuztuaren 27ra arte.
Pagolak arkitekturaren eta margogintzaren artean kokatu ohi du bere burua beti: «Pintatzen duen arkitekto bat naiz, ez besterik». Izatez, ordea, jadanik hainbat hamarkada ditu margo artean murgilduta, abstrakziotik hurbil, nahiz eta sinetsia dagoen berez ez dagoela arte abstrakturik: «Denek irudikatzen dugu zerbait konkretua». Besteak beste, ikusmolde hori irudiz azaldu nahia sumatzen da berriki zabaldutako erakusketan.
Artistak esplikatu duenez, urteetan eginiko gogoeten emaitza da Kontzertu hirukoitza. Irudiaren eraikuntzari, mugimenduaren irudikapenari eta kolorearen eta figuraren deseraikuntzari buruz hausnartu du. «Gai horiek beti eman didate atentzioa. Hain justu ere, hiru instrumentu horiek eraiki dute nire lanen oinarri izan ohi den melodia», azaldu du.
Pagolak azpimarratu duenez, prozesuaren hasiera-hasieratik izan zuen argi museoko espazioetan esku hartzeak lehentasunezkoa izan behar zuela. Dioenez, arte bilduma batek orduan baizik ez duelako lortzen osoki zentzuzkoa izatea. «Ez nuen galeria moduko bat osatu nahi. Ez zait batere interesatzen koadroak bata bestearen ondoan pilatze hutsa», argitu du. «Koherentzia behar du».
Horiek horrela, artistak xehe erreparatu die hormei, zolei eta sabaiei, eta horietan paratu ditu bere margolanetako asko, aparteko azpiegiturarik baliatu gabe kasik.
Egunkariak, egunerokoak
Jokamolde hori erakusketaren lehenbiziko lanean da bistakoena: Gilgamesh Enkidu-n. Zehazki, museoaren 0 aretoko lau hormak estaltzen dituen margolan bat ondu du artistak; 600 bat metro koadroko horma irudi bat da, 90 bat metroko zabalera duena.
Pagolak oroitu duenez, Andres Barba idazle espainolak eginiko enkargu batetik abiatuta sortu du obra hori, batik bat; baita berriki Gligamesh obra klasikoari erreparatu diolako ere. Zehazki, Barbak borrokari buruzko literatur lan batentzako irudiak sortzeko eskatu zion. Hala eta guztiz ere, artistak zehaztu duenez, idazleak hari eginiko proposamenean borrokaren «kutsu epikoan» egiten zen azpimarra, eta, dioenez, azken emaitzan ikus daitekeenak deus du ikustekorik horrekin. «Irudiak makarragoak dira orain».
Elkarren artean etenik gabe borrokan ari diren gorputzen mugimenduak, tentsioak eta energiak irudikatu ditu Pagolak muralean, argazki tindatuak eta kolore biziko margoak erabilita.
Bestalde, 0 aretoaren erdialdean dago ikusgai erakusketako bigarren bilduma: Frankfurter Proiektua. Zolaren parte handi bat hartzen du, baina pasabide moduko bat utzi dute zentroan, bisitaria aise murgildu dadin piezen artean. Izan ere, argazkiz, pinturaz eta collagez osatutako dozenaka obrak osatzen dute lana. Gauza bat dute komunean den-denek: Pagolak Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkari alemanaren orrialdeak erabili ditu.
Artista aspaldi hasi zen egunkariko edukiak baliatzen. Hala eta guztiz ere, horiekin lan egiteko maneran «metamorfosi» handia izan da: «Azkenerako, artikuluen testu guztiak erauzi ditut, eta irudiak guztiz atera ditut jatorrizko testuingurutik». Askotariko irudiak daude lan horietan: hala nola The Simpsons telesaileko irudi bat, erloju baten iragazkia, edo laku bat udazken partean.
Halaber, horiek guztiak sortzeko erabilitako lan mahaiak ere jarri dituzte ikusgai, aretoaren ondoko korridorean. Pinturaz blaiturik daude, eta horretan xarma ikusi du artistak: «Honela dei geniezaioke: pintura kasuala. Ez dira koadroak, baina badira».
Egunerokoak bilduma da Pagolaren intimitateari buruz gehien ikusten uzten duena. «Gehien biluztu naitekeen era hau da», ohartarazi du. Bilduma zinez iradokitzailea ondu du, azken hamar urteotan erabilitako agendak, egunerokoak eta oharrak zeharka bistara utzita. Mihiseak balira bezala erabili ditu horiek, margotzeko oinarri gisan.
«Urte askoan idatzitakoak daude horietan bilduta, eta beste mundu bat eratzen dut horiekin guztiekin, eta ikusleari sartzen uzten diot. Ez dakit morboak zer rol jokatzen duen honetan, baina iruditzen zait publikoak eskertzen dituela margolariaren bizitzaz gehiago jakiteko aukerak». Gainera, aitortu du berari ere oso baliagarri zaiola eguneroko horietara begiratzea, kokatzeko. «Zer egunetan bizi garen jakitea bera ere zaila zaigu batzuetan, eta, hala, ikus dezaket zer egin nuen noiz, eta norekin. Aurrera begiratzeko ere premiazko dugu hori».
Musikaren tempoak koloretan
Fernando Pagola arkitekto eta artistaren 'Kontzertu hirukoitza' erakusketa ikusgai dago Nafarroako Unibertsitateko Museoan, abuztuaren 27ra arte. Irudiaren eraikuntzari buruzko gogoeta egiten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu