'FOLIA'
Donostiako Musika Hamabostaldiak urtero ekartzen du dantza konpainia handi bat, dantzak eta musikak elkarrekin duten harremana dela eta. Mourad Merzoukik gidatzen duen Käfig konpainiak beste batzuetan bisitatu gaitu —Bilbon, Donostian eta Miarritzen, nik dakidala— eta orain Folia izeneko lan bikaina aurkeztu digu.
Nire gogorapen lausoak diost hasierako eszena presiditu duten gomazko bola handiak aspaldiko lan batean ikusi genituela, baina, dena dela, Folia honek (Jendetza italieraz) zerikusi gutxi eduki du balizko pieza harekin. Esfera haietariko batek Lur planetaren itxura eduki du, eta ilunantzean agertu diren gorputzek masa formagabe bat eratu dute. Halako batean, urre koloreko esfera askoz handiago bat agertu da eszenan, haren barruan laute jotzaile bat zegoela. Orduan ikusi dugu dantzarien atzean sei musikariko orkestra txikia, behe-laino eta ilunean gordeta eta goitik eskegitako kandelabro poetikoek leun argiztatuta.
Emanaldiaren lehen erdian dantzaren diseinua ez zait beste munduko ezer iruditu. Ondo zegoen dena, jakina: jantzien koloreak beltz, gris, hondar eta zuriaren paletan egon dira; gizonak nagusi ziren taldean, baina lau emakume ere aritu dira —aurrerapen bat Merzoukiren estiloan—, haietariko bat soineko zuriarekin, bestea ballet moduko gonarekin eta beste biak prakekin, gizonen antzera. Gizonezko batzuek gorbata edo tximeleta luzitu dute, eta musikariek librea gorri dotoreak jantzi dituzte, estilismoaren arloa maila gaindiezinera eramanez.
Bitartean, aurrera egin du musika barroko identifikaezinak Le Concert de l’Hostel Dieu talde barrokoaren eskutik, aro hartako konposizioak eta herri musika italiarrak moldaketa garaikide sotilekin interpretatuz. Musikaren poderioaz jabetu naizenean utzi dut arima libre, orduan konturatu naizelako musika ez zegoela dantzaren zerbitzura, alderantziz baizik: dantza zen musikaren apaingarri, eta erabakimen osoz jarduten zuten orkestraren eta soprano bikainaren zerbitzura ikusi behar genituen dantzarien itzelezko energia, koordinazioa eta keinu-definizioa.
Izan ere, gorriz jantzitako sopranoak dantzariekin interaktuatu du behin baino gehiagotan —ahaztezina, zinez, Vivaldiren Pioggia di lacrime ariaren interpretazioa— eta emanaldiaren erdialdetik bi biolinistak eszenan agertu eta distira paregabearekin dantzariak xaxatu dituztenean goia jo du dantzaren arteak, txantxa eszeniko batzuk eta guzti tarteko, eta inspirazio handiz elkartu dira goi mailako hip-hop delakoa, dantza garaikidea eta puntetan dantzaturiko ballet klasikoa.
Bukaeran, santeroen itxura zuriarekin eta Karibeko konpasekin eman ditu derbitxe beltzak bere bira mistikoak, eta amaitutakoan eutsiezina izan da publikoaren entusiasmoa, areto handia goraino betetzen zuten den-denek zutik jarrita eta beren txalo zaparradekin artisten hunkidura eta esker ona eraginez.