Zinema estreinaldiak

Musikaren laguntza apur batekin

'La guitarra flamenca de Yerai Cortés' Anton Alvarezen lehen film luzea da, eta gitarrista gaztearen erretratua egiten du: familiarekin duen harremana, kontatu gabeko sekretuak eta haren musikan eragina izan duten beste hainbeste kontu jasotzen ditu.

'La guitarra flamenca de Yerai Cortés' filma. BERRIA
'La guitarra flamenca de Yerai Cortés' filma. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko abenduaren 18a
04:05
Entzun

Anton Alvarez, C. Tangana izenez ezaguna, ospea lortzen ari zen. El Madrileño diskoa kaleratu berri zuen, eta Madrilgo ekoizle batek etxean egin behar zuen festara gonbidatu zuen. Jendez beteta zegoen festa. Gau hartan noizbait, Montse Cortes abesten hasi zen; madrildarraren abeslari gogokoenetako bat da. Montseren ondoan zegoen Yerai Cortes, eta emakumeari lagundu zion gitarraz. Tangana harrituta gelditu zen gaztearen gaitasuna eta berezitasuna ikustean.

Gau hartan, Yerairi bere proiektuaren inguruan galdetu zion Antonek, eta gitarra joleak disko bati buruz hitz egin zion. Gitarra disko bat zen, bere bizitza eta familiaren historia kontatzen zituena. Cortesek pena aipatzen zuen, bere bizitzan inpaktu handia izan zuena, munduarekin partekatu nahi zuena. Alvarezek pelikulak zuzentzeko ametsa zuen, eta ideia hori nabarmen errealistagoa bilakatua zen Little Spain ekoiztetxea sortu zuenetik. Gitarra jole gaztea ezagutu zuenean, zerbait berezia sentitu zuen, eta musikarako inspiraziotzat d dauzkan istorioak entzutean, argi izan zuen Yerai Cortesi buruzko film bat egin nahi zuela. Eta egin du: La guitarra flamenca de Yerai Cortés du izena, eta Anton Alvarezen lehen film luzea da, zehazki. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Zuzendari Berriak sailean, eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen.

Alvarezek maitasun istorio bat kontatu nahi zuen. Ama baten maitasuna, emakume batena, anaia batena. Erakutsi nahi zuen tragedia batetik gauza ederrak atera daitezkeela, Yeraik bere gitarrarekin eta oinazearekin egiten duen bezala. Horretarako, dokumental forma hartu duen film bat egitea erabaki zuen. Ez da biopic bat, ez da erreportaje bat; fikziotik gertuago dagoela dirudien film bat da. Alvarezek, ordea, argi utzi du bere begiradatik kontatuta dagoela istorioa, horrek eragina duela kontatzen ari den horretan, eta, horretarako, istorioa aurkezteaz gain, filmean ere agerian uzten du bere parte hartzea, hura ezkutatu ordez.

La guitarra flamenca de Yerai Cortés musikari gazte baten erretratua da. Haren iraganarena eta orainarena. Haren amarena eta aitarena. Lehengusuena. Izeba Taniarena. Tania neska lagunarena. Azaltzen dira familiaren zauriak, penak, isiltasunak, borrokak. Yerairen dilema identitarioak. Eta musika. Filmaren gidalerroa da musika. Enpatiaz beteriko bidaia horretan, musika dago erdigunean. Alvarezek eta Cortesek abiapuntutzat hartuko dute arteak sendatzeko daukan ahalmena, eta horri gehituko dizkiote aurrez bizi izandako guztiak, zalantzak eta kezkak, familiaren historia gidatu duen pena hori barne. Zuzenean grabatutako musika eszenak tartean direla, flamenkoak eta musikak lagunduko dute Cortesen erretratua borobiltzen.  

'La guitarra flamenca de Yerai Cortés'

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17344269647545) (/EZEZAGUNA) \'All we imagine as light\' filmeko irudi bat
'All We Imagine as Light' filma. BERRIA

'All We Imagine as Light'

Mumbain, Prabha erizainaren errutina aldatu egingo da Alemanian lan egiten duen senarraren ezusteko opari bat jasotzen duenean. Haren pisukide Anu, gazteagoa, alferrik saiatuko da hirian leku bat aurkitzen bere mutil lagunarekin elkartzeko. Kostaldeko hiri batera egindako bidaia batek aukera emango die beren desioak azaleratzeko.

'Parthenope'

Parthenoperen bizitzako bidaia luzea, 1950ean jaio zenetik gaur artekoa. Heroismorik gabeko epopeia femenino bat da, askatasunarekiko grinaz betea. Napoli eta maitasunaren askotariko aurpegiak, Capriko uda perfektua. Eta gainerako guztiak: napolitarrak, gizonak eta emakumeak, maitatuak, desilusionatuak eta biziak. Eta hor atzean, hain hurbil eta hain urrun, Napoli dago, sorgindu eta liluratu egiten duena, garrasi eta barre egiten duena, eta beti badakiena nola min eman.

'queer'

1950. urtea. William Leek estatubatuarra da, 50 urte ditu eta Mexiko Hirian bizi da. Ia bakarrik ematen ditu egunak. Komunitate estatubatuar txiki bateko beste kide batzuekin dituen harremanak dira salbuespen bakarra. Eugene Allertonekin, hau da, hirira iritsi berria den ikasle gazte batekin izango duen topaketak lehen aldiz erakutsiko dio posible dela norbaitekin lotura estua izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.