Musikaren giharra

Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko da gaur Graham Nash ingelesa; bakarkako seigarren lana aurkeztuko du.

2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
This path tonight diskoa kaleratu zuen Graham Nashek apirilean, bere bakarkako ibilbideko seigarrena. Hamalau urte zeramatzan ezer argitaratu gabe, eta, dirudienez, gogotsu bueltatu da. Hamar kantuko album kontzeptual malenkoniatsua ondu du; izan ere —eta horrek izan dezake zerikusirik—, emaztearengandik banandu berritan aurkeztu du. Rock eta folk melodia leunak uztartu ditu, akustikoan, baina banda baten babesean aritu da, kantuei sakontasuna emateko asmoz.

74 urte bete zituen otsailean musikari ingelesak. Bost hamarkadatik gora egin ditu errepidean, eta osasunari ez eze, freskotasunari ere eusten dio Nashek. Maiatzean eta ekainean Europan zehar ari da biran; hamalau kontzertu hitzartu ditu, eta horietatik bi Euskal Herrian: atzo, Sondikako (Bizkaia) Music Legends festibalean izan zen, eta, gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian An Evening With Graham Nash emanaldia eskainiko du. Ondoren, AEBetara itzuliko da, eta disko berriaren aurkezpen birarekin jarraituko du han. Musikaria aspalditik bizi da han, eta esan daiteke bere ibilbidea ere han garatu duela.

1960an, The Hollies pop banda sortu zuen Allan Clarke eskolako lagunarekin, Ingalaterrako Salford hirian. Manchesterren egin zituzten ondorengo urratsak, eta, 1962an, lehenengoz igo ziren areto bateko oholtza gainera. Gerora, Liverpoolgo The Cavern areto mitikoan The Beatles taldeak utzitako lekua bete zuten.

Ahots landu eta armoniatsuak eta gitarra melodia itsaskorrak ziren taldearen ezaugarri bereizgarria. Eta askok alderatu zituzten The Everly Brothers eta Beach Boys taldeekin. British Invasion delakoaren talde enblematikoenetarikoa bihurtu zen The Hollies, eta laster egin ziren ezagun Europan eta AEBetan ere. Garaian garaiko modak gorabehera, euren estiloari eutsi zioten beti, etaButterfly diskoarekin heldu ziren gorenera.

AEBetan egin zuten bira 1966an, eta orduan ezagutu zituen Nashek David Crosby eta Stephen Stills.Crosbyk The Byrds taldean jotzen zuen, eta Stills Buffalo Springfielden zebilen, biak ala biak garai hartako talde ezagunak. Dirudienez, harreman ona egin zuen hirukoteak, eta, handik bi urtera, aipaturiko proiektuak bertan beherautzi, eta Crosby, Stills & Nashtaldea sortu zuten. Kontzertu batzuetarako, Neil Young ere gehitzen zitzaien, eta luzatu egiten zuten izena: Crosby, Stills, Nash & Young.

Folk rock supergroup gisa bataiatu zituzten garai hartako hedabideek, eta, lehen kontzertua eman orduko, hainbat zaleren arreta bereganatu zuten. Ahots melodia landuak ziren taldearen bertute handiena, gitarra akustikoaren laguntza soilarekin beti. Gitarra elektriko, teklatu, atabal eta perkusioekin jantziko zituzten gero kantuak, zuzenekoetarako lehenik, estudiorako gero.

Etorkizunera begira

1969an, izen bereko diskoa argitaratu zuten, eta, ondorengo urtean, DejáVu lanarekin, Billboard zerrendako lehen postua lortu zuten. Dena den, eta loria dastatu arren, urte berean desegin zen taldea, 1970ean. Ezagunak ziren partaideen arteko tirabirak, eta, horrez gain,argudiatu zuten nork bere proiektu pertsonalak abian jarri nahi zituela.

Eta egia izango zen; izan ere, 1971n nork berediskoa kaleratu zuen. Eta lau lanak Billboard zerrendako Top15 izan ziren. Nashen Songs for Beginners, zehazki, hamabosgarrena izan zen. Ordutik etorriko ziren beste bakarkako beste bost disko ere, horietako azkena 2016 honetan. Joan den ostiralean, Bilbon eman zuen prentsaurrekoa Nashek, eta, adierazi zuenez, 1960ko hamarkadako ideal hippya da oraindik. Harro agertu zen The Hollies eta Crosby, Stills&Nash taldeetan aritu izanaz, baina orain etorkizunera begira dagoela azpimarratu zuen. «Aurrera joan beharra daukagu; bizi egin behar dugu. Eta musika gihar bat bezalakoa da: erabiltzen ez bada, atrofiatu egiten da».

Gaur, 19:00etan, Victoria Eugenia antzokian erakutsiko ditu giharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.