Konfinamenduan ereindako ideien fruitua da Pause, Xabier Zeberio musikariaren (Tolosa, 1978) bakarkako lehen lana. Oskorri taldearekin lehendabizi eta Alos Quartet laukotearekin ondoren hainbat urtez lan ugari kaleratu ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio musikariak. Pandemia garaian, «eremu berriak arakatzeko gogoarekin» hasi zuen prozesua, eta, gerora, Aitor Etxebarriak gidatzen duen Forbbiden Colours diskoetxearen elkarlanarekin mamitu ditu hasierako ideiak.
Bederatzi kantez osaturiko diskoa da Pause. «Eremu berriak zapaldu arren, bi herri kanta txertatu ditugu diskoan. Maitia nun zira eta Agur, jauna kanten bertsio bereziak aurkitu ditzakegu bertan. Herri kantak betidanik gustatu zaizkit, eta Pause-n jarri izan nahi nituen», azaldu du musikariak.
Entzuleari «sentsazio bateratu bat» transmititu nahi izan dio Zeberiok diskoarekin: «Pause ez da kantek osatzen duten collage bat, Pause-k hari bati jarraitzen dio. Osotasunean hartuta, obra baten sentsazioa ematen du lanak». Bere ibilbidearen barnean «eremu berri baten» moduan deskribatzen du lan berria, Etxebarriaren ikuspuntuari esker aurkitutako eremu berri bat.
Emaitzarekin oso identifikatua sentitu da musikaria: «Kanta asko genituen, eta murrizten joan gara, kantak kentzen. Azkenean garrantzitsua denarekin gelditu gara, musikaren esentzia ateratzea lortu dugu. Gaur egun musikari gisa naizena diskoko doinuetan irudikatzea lortu dut». Zeberioren iritziz, «mugarik gabeko» lana da Pause, estudioan eginiko «artisau lan zorrotza».
Musikariaren ustez, gaur egungo gizartean, «ero» moduan deskribatzen duen horretan, «lasaitasuna» transmititzen duen lana da Pause: «Jendeak lasaitasuna eskertzen du gaur egungo mundu honetan, eta gure barnera begiratzeko tresna aproposa da lan hau. Nik barne bakea aurkitu dut egitean, eta erraz esan arren, hori ez da gauza batere erraza, oso pozik nago».
Urte oso batez, Zeberio, Etxebarria eta Forbbiden Colourseko lankideak astean behin edo bitan elkartu izan dira Bilboko Mala Estrata estudioan. Han ikerketa eta sorkuntza prozesu handi batez joan dira abestiak sortzen: «Estudioan gure ideiak erabat eraldatzen joan dira. Nire pistak etxetik eraman arren, estudioan lantaldean modifikatzen joan gara. Partekatu ditugun ikuspuntu ezberdinek azken emaitza lortzera eraman gaituzte».
Nahasketak Jean Phocas teknikariak egin ditu. «Lagun handia da Jean, eta, dudarik gabe, bere eskua bertan sartu duela nabaritzen da», azaldu du Zeberiok. Etxebarriak ere ohore gisa deskribatzen du Phocasen parte hartzea: «Euskal musikako handi askoren lanak ekoitzi eta nahastu ditu Phocasek, eta berekin lan egitea esperientzia izugarria izan da».
Etxebarriaren garrantzia biziki nabarmendu du Zeberiok: «Aitorren laguntzaz, erosotasunetik kanpo ateratzea lortu dut, eta musika berria ezagutu eta lantzeko aukera izan dut». Forbbiden Colours diskoetxearen zigilupean argitaratu du diskoa, eta Zeberiok oso argi dauka elkarlan hori gabe Pause ez litzatekeela azkenean dena: «Asko zor diot diskoetxeari. Nire ideietan sinistu eta errealitate bihurtu dituzte, prozesuaren zati oso garrantzitsu bat bilakatuz».
Kolaborazioz beteta
Bakarkako lana izan arren, Zeberio ez da ahaztu inguruan dituen musikariez. Iñar Sastre piano jotzailea izan da diskoko beste oinarrietako bat. Zeberioren ustez, Sastrek «beste dimentsio batera» eraman ditu haren parte hartzeren ondorioz egindako doinuak. Bestalde, Alos Quarteteko taldekideak, Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Ivan Carmona, alboan eduki ditu Zeberiok Urak dakarrena kantan. Markel Zeberio, Aitor Etxebarria eta Liam O Maonlai musikari irlandarrak ere parte hartu dute. Azken horrek diskoko ahots pista bakarra ezarri dio O chuas anoir abestiari, gaelikoan abestuta.
Zeberioren esanetan, «plazer handia» izan da aipatutako musikariekin estudioa eta doinuak partekatzea. «Kolaboratzaileei askatasun handia eman diet. Irizpide gutxi batzuk emanda, haien musika garatzea nahi nuen, haien hegalak askatzea, ez moztea». Diskoren diseinua Ramon Zabalegik egin du. Argazkiak eta bideoak Renata Etanowskik egindakoak dira, eta diskoaren azaleko argazkia Zeberiok berak egindakoa da.
Zuzeneko emanaldiak
Urte bukaerara begira, diskoa aurkezteko hainbat kontzertu programatu ditu musikariak. Lehenengo kontzertua abenduaren 23an izango da, Gasteizko Jesus Ibañez de Matauko antzokian, bertan egiten den folk jaialdian. Ondoren, abenduaren 28an, Tolosan izango da Pause-ren aurkezpena, Leidor antzokian. Bi emanaldiak arratsaldeko zortzietan izango dira.
Zuzenekoak formatu ezberdinetan emango ditu Zeberiok. Harekin batera, Sastre eta Etxebarria ariko dira pianoarekin. Haiez gain, Eñaut Zubizarreta Trigger, biolontxeloa jotzen.
Musikaren esentziaren bila
Xabier Zeberiok bere bakarkako lehen diskoa argitaratu du; 'Pause'. «Eremu berriak» bilatzeko ariketaren emaitza da lana. Aitor Etxebarria izan du lagun sortze prozesuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu