Musikaren Besta ospatuko da gaur Ipar Euskal Herrian

Urtero bezala, ekainaren 21ean iraganen da Musikaren Besta. Baionan berrogei kontzertu edo ikusgarri baino gehiago eginen dira, 23 leku sinbolikotan banaturik, eta Ipar Euskal Herriko beste herri anitzetan ere kontzertuak proposatuko dituzte.

XIBEROOTS
Xiberoots taldea. BERRIA
Nahia Etxeberri Lopepe
2024ko ekainaren 21a
14:30
Entzun

Baionan 26. aldia da aurtengoa. Musikaren Besta dela eta, musikazale guziek aukera izanen dute ekainaren 21 honetan bestaz gozatzeko, eta udaren etorrera ospatzeko. Jazza, rocka, musika latinoak, hip-hopa, euskal musika tradizionala eta musika elektronikoa entzuteko parada ukanen du nahi duenak. Baionako hainbat lekutan ikuskizunak eta kontzertuak emanen dituzte hamaika artistak, eta, hala, programazio aberatsa osatu. Baina Baionan bakarrik ez, Ipar Euskal Herri osoan izanen dira kontzertuak eta besta.

Baionan berrogei ekitaldi baino gehiago proposatuko dituzte aurtengo aldian. Haien artean, lehenik, Baionan Kantuz izanen da, Euskal Museoaren ondoan, arratsaldeko seietan. Koru batzuk ere arituko dira: Haiz’Egoa, Medikoak eta Buhaminak,  adibidez. Kantariez gain, euskal dantzako Zabalik ikusgarria izanen da zortzietan, Baionako merkatu estalian. Baionako kontserbatorioko Zabala moduluak urte osoan landuriko proiektuaren emaitzak aurkeztuko ditu. Horren ondotik, Bilaka kolektiboaren Bilabal ikusgarriak hartuko du segida, eta Xiberootsen kontzertuarekin bukatuko da besta, arratseko hamarretatik goiti.

Bestalde, karrikako dantzen erakusketak izanen dira, bai eta Afrikako eta Tahitiko dantzenak ere. Ikus-entzuleak dantzarazi edo kantaraziko dituen talderik ere agertuko da nonahi, hamaika musika estilo jorratuz.

Beste herrietan

Baina musikaren besta ez da bakarrik Baionan ospatuko. Irisarriko Gure Doia trinketean, adibidez, aperitifa animatua eta bi kontzertu eginen dira: Arti 2.0 eta Kurtney Bartnetx. Hendaian, Basapiztiak talde gazteak joko du bederatzietan, besteak beste. Baigorrin, berriz, Arrola dantza taldearen ikusgarria izanen da zazpietan, eta Pangea Poo, Sarbakul eta Jamaldia taldeak ariko dira bederatziak laurden gutxitan. Donapaleun ere izanen da aukera kontzertuak ikusteko: Bots, Alarma Morea eta Karma taldeek joko dute. Azkenik, Urruñan Ixabe eta Rudiger taldeak agertuko dira kantuz, gaueko zortzietan hasirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.