Artista batzuk fokuetatik kanpo kokatzen dira. Edo kokatzen dituzte. Haien lanak ez dira inoiz agertzen hedabide espezializatuek egiten dituzten zerrendetan, eta makrojaialdiek egituratzen dituzten programazioetan ere ez dira sekula sartzen. Eta, hala eta guztiz ere, jarraitzaile multzo txiki baina fidela izaten dute, nahiz eta horrek ez dituen bihurtzen ikusgarriago. Multzo horretan kokatzen da The Innocence Mission, AEBetako Lancaster hiri txikititik folkaren eta poparen artean mugitu den ibilbide paregabe bat egin duen talde bat. Hiru hamarkadatan hamabi disko grabatu dituzte Karen Perisek (ahotsa, gitarra, pianoa eta beste), Don Perisek (gitarra) eta Mike Bittsek (baxua), eta horietako azkena, See You Tomorrow (2020), taldearen gailurretako bat da.
The Innocence Missionen musikara lehen aldiz iristen denari Karen Perisen ahotsak piztuko dio arreta. Goxoa, ia baltsamikoa, hauskorra, nerabe batena izan zitekeena. Ahots eder horrek protagonismo ia osoa har zezakeen The Innocence Missionen proposamenean, baina hirukotearen musika ez da hura babestera mugatzen, eta gitarra, piano eta noizbehinkako hari moldaketek ehundura melodiko ia zerutarrekin janzten dute Perisen boza.
The Innocence Missionen ibilbidea ez da norabide bakarrekoa izan. Taldea 1980ko hamarkadaren amaieran sortu zuten, Lancasterreko ikastetxe katoliko batean, musika ikuskizun bat prestatzen ari ziren bitartean, eta 1989an lehenengo diskoa kaleratu zuten, taldearen izen bera duena. Lan hartan, nola ez, Karen Perisen ahotsa nabarmentzen zen, baina artean garatu gabea zegoen taldearen proposamena, eta pop egiturak eta soinu estandarrak gailentzen ziren.
90eko hamarkadan sartzearekin batera, ordea, taldea soberazko elementu eta konponketak erantziz joan zen, eta Glow (1995) diskotik aurrera —ziur aski nolabaiteko arrakasta izatera iritsi zen bakarra—, finduz joan zen bere proposamena. Uko egin gabe pop elementuari, baina folkaren eta ukitu zinematografikoa duten testuen artean kokatuz bere melodiak.
See You Tomorrow ez da aldentzen aurreko lanetan ondo finkatutako molde horretatik, baina, agian etxean grabatu izanaren ondorioz, taldearen disko guztien artean hurbilena senti daiteke azkena. Perisen ahotsarekin eta piano zertzelada soil batzuekin hasten da, esaterako, The Brothers Williams Said, diskoko lehen kantua, baina, gitarra eta hari moldaketa eder batzuk sartu bezain pronto, kantua hazi egiten da, gailurrera iristeraino. On Your Side eta Movie datoz segidan; lehenengoa, melodia itsaskor batekin, eta bigarrena, Sufjan Stevensen kantu biluzienetara gerturatuz, See You Tomorrow edertasunez gainezka egiten duen diskoa dela baieztatzera. Baina gitarra arpegiatu huts batekin (St. Francis and The Future) nahiz piano eta hari moldaketa soil batzuekin (John as Well) ere iristen da taldea maila paretsura.
[youtube]https://youtu.be/1DkjY_LAdCE[/youtube]
Hain zuzen, John as Well kantuak, Karen Perisek diskorako idatzi zuen lehenak, laburbiltzen du See You Tomorrow-ren beraren espiritua. Izan ere, musikak bezala, hitzek ere gertutasuna bilatzen dute: «John as Well beste pertsona batzuk egiazki ezagutzeaz eta hizkuntzaren mugez ari da. Eta ideia hori disko osora zabal daiteke», azaldu du kantariak. Horrek jarrarazten dizkio Perisi bere pentsamenduak paper gainean: «Askotan, solasaldi batean, kosta egiten zait hitz egokiak aurkitzea, eta horregatik benetan eskertzen dut jendearekin kantuen bitartez hitz egin ahal izatea. Baita solasaldian hitzak galtzeaz ari banaiz ere».
[youtube]https://youtu.be/46ykYNJwX-E[/youtube]
Indie-folkaren eta ganbera poparen artean, Mazzy Star, Belle & Sebastian eta Sarah Recordseko taldeak elkartzen diren bidegurutzean aurkitu du lekua The Innocence Missionek. Eta See You Tomorrow orban handirik gabeko ibilbide baten alerik distiratsuena bilaka daiteke. Distira sekretua izaten segitzen duen arren.
Musikarekin hizketan
Sekretu ezkutu handi bat. Horrela defini liteke The Innocence Mission taldea. Hiru hamarkadako ibilbidea du, eta hamabi disko, baina deskubritzeko talde bat da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu