Durangoko 56. Azoka. Xalba Ramirez eta Andres Kamio 'Jitu'. Musikaria eta kazetaria; eta Elkar-eko musika arduraduna

«Musikan eztanda bat dago: izen interesgarri asko ari da ateratzen»

Musikaren ikuspuntutik begiratu diote azokari, eta, haren bidez, egungo eszenari. Garai politean ikusten dute, batez ere belaunaldi berrien eskutik.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Itziar Ugarte - Ainhoa Sarasola
Durango
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Kazetari lanetan ez ezik, hainbat musika taldetan ere—Koban, Physis versus Nomos— aritu da Xalba Ramirez (Donostia, 1990). Musikaren jiran aspalditik dabil murgilduta Andres Kamio Jitu (Irun, Gipuzkoa, 1965), eta Elkar etxeko musika arduraduna da egun. Bestela ezin, musikaren talaiatik begiratu diote azokari biek ala biek.

Nola heldu zineten Durangoko Azokara lehenengoz?

ANDRES KAMIO 'JITU': Nire lehen azoka izan zen duela 30 urte. Lehen aldia zen Esan Ozenki-k postua jartzen zuena merkatuan. Eta, ordutik hona, parte handiago bat joan naiz hartzen; bisita hutsa izan zen lehen hura, baina, ondoren, Esan Ozenki-ren barruan lan pixka bat egin dut; gero, Metak-en... Hiru diskoetxetan egon naiz jada, eta, orain, Elkar-en musikako mahaien ardura dut. Lanarekin lotuta, beraz, baina parrandaren bat ere egin dugu, nahiz eta dagoeneko ahaztua dugun [barrez].

XALBA RAMIREZ: Gaztetan ezagutu nuen, eta urtero etorri izan naiz, zerbait erosi eta parrandaren bat egitera. Azken urteotan beti tokatu zaigu mahairen batean egotea. Orain, Balio Dute Donostiako musikari kolektiboaren mahaian nago; Mukururekin batera gaude.

Zerrenda eginda, ala ikusi ahala aukeratzen aritu ohi zarete?

KAMIO: Bueno, urtero ekartzen duzu zerbait buruan, eta gero sorpresaren bat ere aurkitzen duzu, baina nik normalean oso denbora gutxi izaten dut. Aurten, ordu erdiko etenaldiekin baduzu denbora bueltatxo bat emateko eta tarte horiek jendea agurtzeko aprobetxatzen ditut gehienbat.

RAMIREZ: Nik beti diru gutxi izaten dudanez, aldez aurretik ondo pentsatu behar dut, eta muga batekin etorri, ez pasatzeko [barrez]. Normalean badakit zer nahi dudan, eta igual bestela lortu ezin direnak lortzeko aukera izaten dut. Baina, gero, batetik bestera mugitzen zara, eta beti dago beste zerbait, aurreikusi gabekoa.

Baina bat azokari?

RAMIREZ: Zentzu onean ere, batzuetan badut irudipena urrian eta azaroan mundu guztia dagoela diskoak eta liburuak ateratzeko premiaz bezala, aurkezpen asko daudela astero... Alde horretatik, ez dakit ez ote den inbutu bat egiten azokarekin, baina zentzu onean ere esaten dut, nolabait laguntzen baitu hori gertatzea... bada akuilu moduko bat.

KAMIO: Hori egia da, baina eskerrak hau dugula; erakusleiho garrantzitsu bat da. Elkar-en, adibidez, urte osoan ekoizten dugu, eta hori dena hona ekartzen dugu. Baina bai, sumatzen da aipatzen duzuna. Nik aurten baina bat aipatzearren, edukiera aipatuko dut; ulertzen dut zein den egoera, baina 1.200 baino pittin bat gehiago ere sartzea igual... Halere, eguraldia, txandak... Ez da egoera erraza, eta jendeak etortzearren egiten duen esfortzua txalogarria da.

Zertan egin dugu aurrera kultur komunitate gisa, eta zertan gaude trabatuta edo atzeraka?

RAMIREZ: Ni, batez ere musikari begira, aurten gertatzen ari denarekin oso motibatuta nago. Uste dut azken urteotako aldaketarik handiena gertatu dela belaunaldiei begira, eta disko zoragarriak atera direla. Asko aldatu da sortzeko eta partekatzeko era, entzuteko era agian ere bai, eta hori ez da islatzen ari zenbakietan. Baina ni ilusio handiz nago, aspaldi gertatu ez diren gauzak gertatzen ari direlako, estetika edo molde berriei lotuta, eta batez ere belaunaldi aldaketa bati, oso denbora gutxian talde berri asko atera izanari. Uste dut garai polit batean gaudela.

KAMIO: Ados nago zurekin. Uste dut eztanda bat dagoela oraintxe bertan; izen oso interesgarriak ari direla ateratzen. Eta flipatzen dut duten kalitatearekin; oso zaila da egun musikari txar bat aurkitzea.Jende gazte asko ari da ateratzen, oso interesgarria, berritzailea, eta erne nago, ze ari naiz ikusten eszena desberdin batzuk...

RAMIREZ: Gero, non egon gaitezkeen trabatuta edo... Badago hutsune handi bat transmisioan; titularretatik egin da asko, ez edukietatik, eta, alde horretatik, uste dut Elkar-ek azken urteetan egin duen gauza onena izan dela Katebegiak, Amaia Zubiria eta Pascal Gaignerena, eta beste hainbat lan ateratzea. Lau gauza ezagutzen ditugu, baina ez dugu benetan egin zena ezagutzen. Eta oso garrantzitsua iruditzen zait transmisioa, zeren lan horiek beste ibilbide bat izan balute, Euskal Herriko eszena erabat ezberdina izango zen. Askoz gehiago landu behar da edukien transmisioa.

KAMIO: Bai, puntu zailena ikusgaitasuna lortzea da, ondo komunikatzea eta bilatzea zurea defendatzeko espazioa. Ur handitan gabiltza egun; mundu handi batean gaude, eta gu oso txikiak gara; oso zaila da guretzat burua altxatzea eta esatea «hemen gaude, hau ari gara egiten».

Bina ale aurtengo azokatik?

RAMIREZ: Xofaldia Produkzioak-ek ateratako Bloñ, Diabolo Kiwi eta Habiarenak zoragarriak dira.

KAMIO: Etxekoak aipatuko ditut: Ruper Ordorikaren lan berria eta Korrontzik Aita Mari-ren proiektua laguntzeko atera duena. Eta Xalbak hiru aipatu dituenez, gehituko dut Jon Maiarena ere [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.