Urte berezia izan da 2020a, ezinbestean, musikarentzat. Martxoan herritarren konfinamendua ezarri zutenetik, itxita egon dira, denbora luzez, kontzertu aretoak, eta musika grabatua izan da zaleontzako iturri bakarretakoa. Argitaratutako disko horien artean egin dute euren aukeraketa Julen Azpitarte, Inaxio Esnaola Aranzadi, Ihintza Orbegozo eta Andoni Tolosa BERRIAko kritikariek.
JULEN AZPITARTEMusika kritikaria
EUSKAL HERRIKOAK
Mirande. Mirande (Forbidden Colours)
Iaz entzun dudan euskal disko interesgarriena irudi zait Miranderena. Literatura, elektronika, teklatuak, gitarrak eta ahotsak modu minimal eta erakargarrian uztartu dituzte, pop giroetatik gertu dagoen disko iradokitzailea munduratzeko. Elena Setien musikariaren ahotsak eta teklatuek egitasmo guztia biltzen dute; bestalde, gitarrek, eta gehienbat elektronikak oihal gozoa eransten diote obrari. Landa-grabazioentzat lekua ere badago lan mutante honetan.
[youtube]https://youtu.be/69ChbA9n5C4[/youtube]
Rafa Rueda.Rueda (Zart)
Bere aurreko lanarekin ere, Mungiako musikaria urteko onenen artean kokatu nuen, batez ere bere proposamena berritzeko erakutsi zuen gaitasunagatik, kasu hartan, atzera begiratuz; hain zuzen, 1980ko hamarkadara. Aurten ere zerrenda honetara ekarri dut arrazoi hura tarteko; alegia, bere musika koxka bat gorago paratzeko ahalmena agertu duelako. Oraingoan, lan erabat garaikidea egin du, besteak beste, Sufjan Stevens eta Bon Iver musikarien itzalpean. Emaitza ederra da, eta, entzunaldien poderioz, diskoa hazi egiten da. Azpimarratzekoa da Jon Agirrezabalagaren lana, elektronikan eta estudioan.
[youtube]https://youtu.be/T38BcngDGc0[/youtube]
Oki Moki.Working Class Pop
(Paulinni Records, Flexi Discos, Andalucia Uber Alles eta XCementerioX)
Getariako bikoteak langile klaseko pop doinuekin jositako bigarren lana argitaratu zuen 2020an, eta, aurreko grabazioetan ez bezala, euskara erantsi diote haien fidelitate baxuko garage-pop jarioari (Gaztatapeko Balkoitik eta Intzak/n Higatik), gaztelaniaz eta ingelesez ere abestu arren. Taldearen alde punk zalea nabarmentzen da grabazio honetan, baina pop joerak dirau, undergroundetik pop melodiak egin ahal diren seinale. Humedecidos taldeari egindako omenaldia ere bildu dute.
[youtube]https://youtu.be/iSTnlCay9Wk[/youtube]
NAZIOARTEKOAK
Sault.Untitled (Black Is) / Untitled (Rise) (Forever Living Originals)
Bi disko dira, baina kontzeptu bera osatzen dute: izenbururik gabeko egitasmo beltza. Poliziak George Floyd erail zuenean argitaratu zuten britainiarrek Black is, eta bigarrena (Rise), handik bi hilabetera. Arrazismoaren kontrako aldarri bikoitz honek askotariko erritmo beltzak txikitzen ditu sekulako monumentua eraikitzeko: gospel, hip-hop, jazz, soul, post-punk, funk, afrobeat, psikodelia... Ez duzue aurten antzekorik entzungo, inondik ere. «Beltza edertasuna da».
The Bats.Foothills (Flying Nun Records)
Zeelanda Berrikoek 40 urteko ibilbidea burutu dute, eta Foothills haien hamargarren diskoa da, estudioan zuzenean grabatua. Behin eta berriro disko bera egiten dutela dirudi, baina esparru horretan ez dute parekorik. Areago, zaleok ez diegu sekula nobedade arrastorik exijituko, gitarrekin sortutako pop kantuak egiten maisuak baitira. Haatik, disko bakoitzarekin artisau-lan zehatz eta inspiratua espero dugu, urregile batek zizelkatutako harribitxiak, saguzarren doinuak. Hamarkada berri baterako jana bilakatuko da. Taldearen diskografiako lan onenetakoa da.
INAXIO ESNAOLA ARANZADIMusika kritikaria
EUSKAL HERRIKOAK
Cobra.Fyre (Egilea editore)
Konfinamenduan pizturiko sua bizirik mantentzea lortu du Cobra laukoteak. Fyre laugarren diskoaren berotasuna lau haizeetara zabaltzeko egokitu behar izan dira, eta urtea bukatu aurretik taula gainera eramatea lortu dute. Orain arteko lan orekatuena sortu dute Haritz Lete, David Gonzalez, Josu Luengo eta Ekain Elorza musikariek. Zuri-beltzetik gorrira egin dute, azala eta kolorea biziberritzeko. Rock gogorraren errepide lehorrean esperientzia berriak pilatu dituzte. Gainera, muturreko bi norabidetan; oldarkorrean eta melodikoan.
[youtube]https://youtu.be/He3P1S8ZTl8[/youtube]
Hilotz. Aske (Maldito Digital)
Askatasunaren inguruko hausnarketa interesgarria egin dute Hilotz gipuzkoarrek Aske bigarren diskoan. Libre izan nahi dutenen begietatik hamaika istorio kontatu dituzte, eta hori bera egiteko aukera dute entzuleek ere. Askatasuna bezain zabala da musika proposamena, thrash, death eta black metal doinuetatik abiatuta. Folk pasarteak, erritmo latinoak, egitura progresiboak, heavy klasikoa eta neoklasikoa ere topa daitezke. Hiruko egonkortuaren orain arteko lan onena da. Irisgarria bezain konplexua, eta oso erakargarria.
[youtube]https://youtu.be/PS6JxiTEBvk[/youtube]
Ztah.Aska nazazu (Egilea editore)
Aurpegia ematea erabaki dute Ztah lapurtarrek. Izan ere, gatibutasunetik libratzeko askabideak behar dira egunerokoan. Aska nazazubigarren diskoaren izenburua osasun krisiak eztanda egin aurrekoa da. Donibane Lohizuneko bandak boskote gisa eta bi gitarrekin plazaratzen duen aurrenekoa da. Egurrarkore leloa da beraien filosofia. Thrash zein death metala eta hardcorea uztartzen dituzte, groove pasarte aldakorrekin. Mikel Laboaren Gure bazterrak kantu ezagunaren moldaketarekin ausartu dira.
[youtube]https://youtu.be/5OPuKibt1ys[/youtube]
NAZIOARTEKOAK
Dark TranquillityMoment (Century Media)
Etenik gabeko berrikuntzaren beste atal bat da Moment. Suediako Dark Tranquillity taldekoak death metal melodikoaren sustraia eta new wave iluna zein izaera gotikoa nahasten bakarrak dira. Ezaugarri horien arteko nahasketa behin eta berriz indartzeak seikotea azalberritu du. Une gogoangarri asko ditu lanak. Pasarte lasai eta biziekin, ahots gutural eta garbiekin, hitz abstraktu sakonekin. Mikael Stanne abeslari apartaren gidaritzapean harridura sortzeko gaitasunari eusten diote.
Ensiferum.Thalassic (Metal Blade)
Kresal zaporeko melodiei esker, zer esana ematea lortu dute Ensiferum finlandiarrek. Urteko metal diskoetako bat da Thalassic aparta. 25 urteko ibilbidea beteta, beraien diskografiako onenetakoa da. Proposamena biziberritu dute melodien lanketa paregabearekin, eta itsasoari buruzko kontakizun entretenigarriekin. Pekka Montin abeslari eta teklatu jotzaile berriarekin freskotasuna berreskuratu dute. Hiru ahotsetara kontatzen dituzte abentura epiko eta ahaztezinak, death metal melodikoa, folka, heavya eta viking metala nahastuta.
IHINTZA ORBEGOZOMusika kritikaria
EUSKAL HERRIKOAK
Marlik. Azaletik ezabatu baino lehen (Egilea editore)
Urtea amaitzeko hilabete eskas falta zenean jaso genuen zumaiarren harribitxia. Rocka puri-purian eta bluesa oso presente duten zazpi abestietan freskotasuna da nagusi. Bateriaren eta baxuaren erritmoarekin burua mugiaraziz, gitarra eta teklatuen melodiekin dantzan jarriz eta ahots goxo bezain indartsuarekin ozenki abestuz, AEBetako egurrezko taberna horietako batera garamatza. Azaletik ezabatzeko arriskua izango da agian, baina erritmoak barreneraino sartuta, ahazteko zaila izango da.
[youtube]https://youtu.be/LMT4X7_IJAI[/youtube]
Mihise.Kronik@ (Balio Dute)
Bizitzan baditugu distortsio eta oihuz beteriko momentu latzak, gorputza mugitzeko gogoa sartzen diguten melodia itsaskor garaiak, kaosa nagusitu eta erotuko garela uste dugun sintetizadorez eta burrundaraz beteriko uneak, edota ustezko bake egoerako xuxurlak. Behin eta berriz, bata bestearen atzetik eta inongo etenik gabe errepikatu ohi dira pasarteok, eta hala dakartza Usurbilgo hirukoteak, gordin bezain eder mihisean marraztuz, pintzelkadaz apainduz, bizitzaren beraren kronika egiten duen koadroa osatuz.
[youtube]https://youtu.be/vf82v5GQKdE[/youtube]
Belako. Plastic Drama (BMG)
Euren ibilbideko diskorik aldarrikatzaileena dakarte Belakoko neska-mutilek, tituluak berak ere iradokitzen duen honetan. Plastikoaren aroan, honen gehiegizko erabilera, maitasun erromantikoa edota biolentzia matxistarekiko zigorgabetasuna bezalakoak salatzen dituzte. Horretarako, hitzei berebiziko garrantzia emanez, baina bateria eta baxuaren arteko jolasak eginez, ahotsen erregistroak une batetik bestera aldatuz, sintetizadoreekin dantzaraziz, eta distortsioekin haserrea eraginez. Altxa dezagun ukabila, baina dantzarako parada galdu gabe.
[youtube]https://youtu.be/QXlsxD-1EFQ[/youtube]
NAZIOARTEKOAK
Viva Belgrado. Bellavista (Aloud Music).
Horren zale fidelak eta estilo definitua zituen taldea izanik, ezin ukatu arriskatu direnik. Naturalki emandako eboluzioaren emaitzak aurreko lanetatik aldentzen den eremura garamatza —post-hardcore doinuak eta garrasiz beteriko piezak biltzen zituzten—, tarte melodikoagoei lekua utziz. Esentzia mantentzen jakin du Kordobako (Espainia) laukoteak, eta, egiari zor, ezin hobeto bateratzen ditu batzuk eta besteak, Viva Belgradoren izaera nabari baita akorde guztietan, urteko disko aipagarrienetako bat osatuz.
Olafur Arnalds. Some kind ofpeace (Decca Records)
XXI. mendeko musika klasikoan barrena bidaia genezake, Kiasmos taldean bere burua ezagutarazi baina bakarkako ibilbidean ere aski ezaguna den musikari islandiarrak konposatutakoarekin. Pianoa oinarri hartuta datorkigu beste behin, harizko instrumentuez lagundurik, eta horren berea duen elektronika zipriztin batzuekin apainduta. Goxotasuna eta lasaitasuna modu eder batean transmititzeak badu nahikoa meritu garai zail hauetan.
ANDONI TOLOSAMusika kritikaria
EUSKAL HERRIKOAK
Amorante. Bat edo hiru (Forbideen Colours)
Amoranteren bigarren lan luzeak Elgoibarkoaren ibilbidearen eta apustu musikalaren sendotasuna erakusten du, bide batez adieraziz ez dela kasualitatearen edo grazia-sortzailearen une bakanen emaitza, aurrekoekin lortutako oihartzuna eta piztutako jakin-nahia. Freskotasuna zaila da definitzen, batik bat musikaz ari garenean, originaltasuna, berriz, oso lehengai erlatibo eta eskasa da. Ordea, bietatik topa daiteke disko honetan, kopuru aipagarrian gainera. Ausardia ere balio nabarmena da disko honetan, adibidez, euskal iruditeria lotsarik gabe erabiltzeko eta perbertitzeko garaian, edota Laboaren mundua ikuspuntu propioarekin berrikusterakoan. Arazo bat baino ez du disko honek: laburregia da.
[youtube]https://youtu.be/2ZgYKh-mwLg[/youtube]
Rafa Rueda. Rueda (Zart)
Ruedak ez du ezer erakutsi beharrik, are gutxiago bakarkako zortzigarren diskoarekin, pop musika ulertzeko modu jakina du, eta eskarmentua sobera adabakietan ez galtzeko. Eta horixe da, hein handi batean, disko honekin egin duena, distrakzioak alde batera utzi eta kantu-gozo sorta honek eskatzen zuen tamainako etxea eraiki, nahiz eta, horretarako elektro-popera jotzeko inongo erreparorik ez eduki. Disko honen hanka bat Ruedaren kantuak, ahotsa eta gitarrak direlako, baina bestea, Jon Agirrezabalagaren marrazki, erritmo, ukitu elektronikoak baitira. Alde horretatik, kantuok bikain erakusten dute zein ongi molda daitezkeen elkarrekin elektronika eta musika akustikoa.
[youtube]https://youtu.be/kzPZ0giatKg[/youtube]
Petti. Manipulazio estrategiak
(Zart)
Anbizio artistiko handiko diskoa da Pettiren azkena, eta hori beti da estimatzekoa artista batengan, behintzat, eroso sentitzen den leku horietatik ateratzen laguntzen badio, arriskuak hartzera bultzatzen badu. Nork jar lezake zalantzan Berakoaren sena, gaitasun, kalitate ikaragarria? Ongi etorriak, horiek lurralde berrietara eramateko saiakera guztiak. Sortzailearen heldutasunaren seinale ezin hobea dira disko hau osatzen duten 11 kantuak. Ez da erraza karga literario eta ideologiko handiko kantu hauetatik onik ateratzea, baina Pettik lortu du, Harkaitz Canoren laguntzaz, jakina.
[youtube]https://youtu.be/zUahs2jMoSg[/youtube]
NAZIOARTEKOAK
Keleketla!. Keleketla! (Ahead of Our Time)
Coldcut DJ eta ekoizlearen bultzada da Hego Afrikako eta Ingalaterrako hainbat artistaren artean burututako elkarlana. Afro-beata, hip-hopa eta elektronika, Tony Allen, DeeJay Ramdom edo Zounds Of The South kolektiboaren eskutik, besteak beste.
Jenny Sturgeon. The LivingMountain (Hudson Records)
Kantari eskoziarrak folk disko bikaina kaleratu zuen 2020an. Nan Shepperd idazlearen izen bereko liburuan oinarritutako lana da, eta naturaren erreferentzia etengabez betetako biluztasuna eta akustikotasun muturrekoa dira nagusi.
Musikak segitzen du
Zuzeneko emanaldietarako atea ia erabat itxita, urte zaila izan da iazkoa musikarentzat. Diskoak, ordea, argitaratu dira, eta, beste hamaikaren artean, Rafa Ruedak 2020an kaleratutakoa nabarmendu dute BERRIAko kritikariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu