Polizia atzetik zuen Begoña Larrañagak. Madril zen, 1967. urtean. Egun batzuk lehenago ihes egina zen Bilboko etxebizitza familiarretik. 18 urte zituen. Adinez nagusi izateko urte batzuk falta zitzaizkion garai hartan. Hobeto ezkutatu behar. Laster, organo bat erosi zuen. Teklatuak jotzen igaroko zituen bizitzako hurrengo hamarkadak, Bilbotik Madrilera eta Madriletik Turkiara, Iranera eta Tanzaniara eraman zuen bidaia harrigarri batean.
Neskatxa maite liburuan, Larrañagaren istorioa jaso du Elena Lopez Agirre idazleak. Istorio oso ezezaguna, Euskal Herrian musikaren munduarekin harremana izan duten beste emakume askorena bezala. Hutsune hori konpontzeko asmoa argi utzi du liburuari jarritako azpitituluak: Euskal musikak ahaztu beharko ez lituzkeen 25 emakume.
Emakume horien bizitzako gorabeherek osatzen dute liburua. Bakoitzari egindako elkarrizketa pertsonalak dira abiapuntua. Ondoren, moldatu egin ditu egileak, kontakizuna ordena kronologikoan eta lehen pertsonan aurkezteko. «Historiak dena ahazteko joera du», azaldu du liburuaren idazleak, «baina inork desagertu behar badu, emakumeak desagertu ohi dira».
Aurretik euskal musikari buruzko beste hainbat liburu idatzi ditu Lopez Agirrek: besteak beste, Hertzainak: la confesión radical (Hertzainak: aitorpen erradikala), eta Historia del rock vasco: edozein herriko jaixetan. Aianai kultur elkartearen eta Baga Biga diskoetxearen artean argitaratu dute Neskatxa maite, gaztelaniaz.
Tori Amos abeslariari irakurri zion gogoeta batek jarri zuen martxan Lopez Agirre. Elkarrizketa batean, edozein adineko emakumeek euren burua gutxiesteko duten joera kezkagarriari buruz mintzatu zen Amos. Euskal musikagintzari lotuta dauden emakumeak etorri zitzaizkion berehala burura idazleari. «Kontua ez da haietako batzuk euren burua gutxietsi dutela edo ahanzturan erori direla; haietako batzuek ez zioten sekula utzi anonimo izateari», azpimarratu du.
Ideia horren erakusgarri da liburua hasten duen pertsona. Jende gehienari aktore gisa zaio ezaguna Arantxa Gurmendi. Urte luzez Hortentsi izan zen Goenkale saioan. Askoz lehenago, ordea,Ez Dok Amairu mugimenduan jardun zen, 1960ko hamarkadaren amaieran. «Amorrua ematen zidan jendeak ez ezagutzea lan garrantzitsu hura», Lopez Agirreren hitzetan.
Biurriak izeneko musika taldean abestu zuten Gurmendik eta bere ahizpak. Taldeak ez zuen inolako zerikusirik garai hartako folk eta kantautore giroarekin, rock musika aukeratu baitzuten, euskaraz abestuta, gainera. «Rock talde oso gutxi zeuden orduan Euskal Herrian, baina euskaraz aritzea benetako bitxikeria zen», dio egileak.
Ikusleen artean erreakzio kontrajarriak pizten zituen horrek: gazteentzat sekulako eromena zen, baina adineko askok erdeinuz begiratzen zituzten. Ez Dok Amairu mugimenduan deseroso amaitu zuten. «Gurmendik elkarrizketan dio Ez dok Amairun domina asko jarri zirela, eta horietako asko bidegabeki jarri zirela». Lopez Agirrek uste du Gurmendik merezi zuela eman ez zitzaion aitortza hori. «Gaurko ikuspuntutik ikusita, ezin dugu imajinatu nolakoa zen gazte eta probokatzaile izatea 1960ko hamarkada horretan, nolako ahalegina egin zuten euskal kultura aurrera eramateko».
Ezagunenak, alde batera
Gurmendiren istorioak erakusten du liburuaren norabidea. 25 emakume aukeratu ditu idazleak, ezagunenak nahita alde batera utzita. Banaketa horren arrazoiak ulertzeko Aurora Beltranen izena aipatu du. «Ez dago, uste dudalako inork ez duela ahaztuko hark egin duen bidea; ez, behintzat, euskal rockaren eta musikaren historiari buruz kezka duen inork».
Belaunaldi, jatorri eta ibilbide oso ezberdinak dituzte liburuan agertzen diren emakumeek. Asko musikariak dira, edo abeslariak izan dira, bolada batez edo ogibide gisa, baina badira musikaren industrian aritu direnakere, edo jaialdiak antolatzen, edota musikaren inguruan ereindako arte ekintzetan. Hala ere, badaude denak bateratzen dituzten ezaugarriak, idazlearen irudiko. «Borrokalariak izan dira, eta oso langileak, baina ez dute halabeharrez arrakastarik izan».
Lopez Agirrek uste du saiatzeko gaitasun hori ondo laburbilduta dagoela Catherine Marchand La Plum antzerkigilearen eta musikariaren ibilbidean. Latirili antzerki konpainian eta La Xeta Pasote musika taldean aritutakoa da Marchand, beti punkaren espirituari jarraituz. «Ez du sekula arrakasta handirik izan; esan liteke porrotetik porrotera ibili dela beti —halakoa da punka ere —, baina ez dio saiatzeari sekula utzi, eta bizimodu aparta du». Borrokatu diren eta euren buruan sinetsi duten pertsonak dira, finean.
Garai edo testuinguru batzuei buruz gogoeta egitera ez ditu behartu nahi izan Lopez Agirrek. Galdera orokorrak lehenetsi ditu. Hala ere, badira liburuaren atal ezberdinetan errepikatu daitezkeen hausnarketak eta gaiak. Horietako bat da matxismoa. Musikan eta rockean matxismoa egon izan dela uste du idazleak, gizartearen isla diren neurrian.
Iritzi ezberdinak daude gaiari buruz, nork bere ibilbidetik ateratakoak. «Silvia San Miguelek, esaterako, nabarmendu du beti izan dela emakume bakarra hainbat taldetan, baina uste du emakume izateak ez diola kalterik egin. Beste batzuek, Carmen San Estebanen gisara, uste dute gizonak izan balira askoz ere aukera handiagoak izango zituztela».
Kontakizun errealak
Elkarrizketatuek bizi izandakoa jasotzea izan da helburu nagusia. Horregatik lehenetsi du Lopez Agirrek lehen pertsona. Idatzitakoari zuzenketak egiteko aukera izan dute elkarrizketatuek. Horrek korapilatu du idazketa prozesua, eta elkarrizketatu batek testua osorik kentzea erabaki zuen. Lopez Agirrek ez du elkarrizketetatik kanpoko elementurik gehitu nahi izan. «Ahozkotasunaren freskotasuna izanik, zertarako eman buelta gehiago? Literatura kontakizun baten modura irakurtzen da, baina aipatzen den guztia egiazko gertakizunak diren berezitasunarekin».
Elkarrizketa oso ezberdinak dira. Bereziei buruz galdetuta,Begoña Larrañagaren izena datorkio burura Elena Lopez Agirreri. Ez zuen aldez aurretik ezagutzen, baina izena Internet bidez bilatzeak jarri zuen haren arrastoan. Madrilen lotu ziren. Ordubete eskasa zuten batek eta besteak. Ondo baliatutako ordua. «Metroan nengoen elkarrizketaren ondoren, grabagailua altzoan, eta 'mesedez, ez dadila ezaba' zen nire pentsamendu bakarra. Horrexen bila ari nintzen. Altxor bat nuen esku artean».
Gertukoek eman diote ezustea beste batzuetan, urrutira jo behar izan gabe. Halako bat izan da Jeni Prieto. Radio Vitoria irratiko esatari gisa ezaguna da Prieto, baina musikarekin harreman estua izan zuen garai batean. «Lantzale taldean egon zen; berak zioen garai hartako Kortatu izan zirela». Kostatu zitzaion elkarrizketa egitea, ordea, eta kendu ez kendu ibili zen Prieto. Azkenean, liburuaren parte da. «Imanol Larzabalekin ere izan zuen harremana, baita harekin abestu ere. Nik ez nekien. Urte luzez adiskide izanik ere, elkarrizketa egin arte ez nuen hori jakin». Beste harritxo bat 25 emakume horiek euskal musikari egindako ekarpena bidean gal ez dadin.
Musikak ahantz ez ditzan
Euskal Herriko musika ekoizpenarekin lotura izan duten 25 emakume sakonki elkarrizketatu, eta haien biografiak lehen pertsonan aurkeztu ditu Elena Lopez Agirrek 'Neskatxa maite' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu