Musika

Musikagile kaputxinoen aspaldiko doinuak lehen aldiz grabatu dituzte 'Iragana betikotzen' diskoan

Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Josu Okiñena pianistak ondu dute lana. Aita Hilario Olazaran, aita Donostia eta Lorenzo Ondarra dira doinuen sortzaileetako batzuk. Asteburu honetan aurkeztuko dute zuzenekoa jendaurrean, Getxon.

Garikoitz Mendizabal eta Josu Okiñena Donostian, 'Iragana betikotzen' diskoaren aurkezpenean. FOKU
Garikoitz Mendizabal eta Josu Okiñena Donostian, 'Iragana betikotzen' diskoaren aurkezpenean. FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko martxoaren 18a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragana betikotzen diskoa plazaratu dute Josu Okiñena pianistak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak, euskal musikagileen iraganeko musika lanak betikotzeko. Bi instrumentuak uztartuz, estreinakoz grabatu dituzte konpositore kaputxinoek sortutako doinuak, eta horietako asko aurreneko aldiz entzungo ditu jendeak. «Gure ondare musikala berreskuratu eta aintzat hartuko dugu diskoaren eta kontzertuen bidez», nabarmendu dute autoreek. Gaur aurkeztu dute proiektua, Donostiako Aquariumeko entzunaretoan. 

Ondare musikala berreskuratzeko intentzioarekin grabatu dute diskoa Okiñenak eta Mendizabalek, gerora kontzertuen bidez zabaltzeko asmoz. 50 minutuko iraupena du lanak, eta 12 obra entzun daitezke, 26 tartetan banatuta. Izan ere, obra batzuk hainbat zatitan daude banatuta. Gainera, doinuak grabatzeaz gain, irudietan bildu dute doinu bakoitzaren zuzeneko emankizuna. Horiek ere zabalduko dituzte, aleka-aleka.

Aita Hilario Olazaran, aita Donostia eta Lorenzo Ondarra konpositore kaputxinoek sortutako doinuak askotan jo izan dira gaur arte, baina lehen aldiz grabatu dituzte bi musikariek. Mendizabal: «Konpositore horien hainbat obra gure prestakuntzan ikasi, entzunaldietarako jo, eta azterketetarako prestatu ditugu txistulariok, baina hortxe gelditu izan dira. Gure proposamena izan da horiek grabatzea eta betikotzea». 

Diskoa osatzeko asmoz, musikagile horien lana grabatzeaz gain beste egile batzuen doinuak ere grabatu dituzte, nahiz eta ez egon pentsatuta txistuarekin jotzeko. Besteak beste, Marin Marais, Astor Piazzolla eta Arcangello Corelli musikarienak.

«Konpositore horien hainbat obra gure prestakuntzan ikasi, entzunaldietarako jo eta azterketetarako prestatu ditugu txistulariok, baina hortxe gelditu izan dira»

GARIKOITZ MENDIZABALTxistularia

Bi artistek azaldu dutenez, obretako asko XX. mende hasieran konposatu zituzten, eta orduko instrumentuak, jotzeko moduak eta erregistroak «oso desberdinak» dira gaur egungoekin alderatuta. Okiñena: «Olazaranen garaiko instrumentuak oso desberdinak ziren; txistua, adibidez. Eta haren doinuak Lorenzo Ondarrak moldatu zituen txistuarekin eta pianoarekin jotzeko. Gure lana izan da obra horiek ahalik eta kalitate artistiko handienera eramatea, soinu zein interpretazio aldetik». Mendizabalek gaineratu du «lizentzia artistiko» batzuk hartu dituztela moldaketa batzuk egiteko. Betiere hasierako bertsioa «hobetzeko» asmoarekin.

Fusioaren balioa

Elkarrekin lan egitea «oparia» izan dela nabarmendu dute bi artistek. Mendizabalek aipatu du pianista askorekin lan egindakoa dela, baina Okiñenak «norabide eta kontzepzio desberdinak» eskaini dizkiola. «Pianoa ez da laguntzaile soil bat txistuak protagonismoa izan dezan. Biok bat egin dugu, bakoitzak bere nortasuna ezarriz». Okiñenak, berriz, esan du diskoa «mugarri bat» izango dela ganbera musikaren sorkuntzan —musikari talde txiki batek jotzeko konposatutako musika—, txistuari eta pianoari dagokienez bederen. «Ondare hau artea da. Kaputxinoek orain dela hainbeste urte konposatutako obra batzuek esangura dute gaur egun ere, eta interesgarriak dira daukaten aberastasun artistikoagatik». 

«Ondare hau artea da. Kaputxinoek orain dela hainbeste urte konposatutako obra batzuek esangura dute gaur egun ere, eta interesgarriak dira daukaten aberastasun artistikoagatik»JOSU OKIÑENAPianista

Hala laburbildu dute bi instrumentuen fusioa diskoaren liburuxkan: «Pianoarekin elkarrizketan, txistua berrasmatzen da, iraganaren lekuko izateari utzi, eta ganbera musikaren eszenatoki handian protagonista bilakatzeko. Ez da haize eta egur hutsa, sentimendua da, abangoardia da, mugarik gabeko hizkuntza».

Ondutako piezak jendaurrean erakustea da bi musikarien hurrengo pausoa. Eta, horretarako, lehen kontzertuen datak erabaki dituzte jada. Asteburu honetan egingo dute proiektuaren aurkezpen kontzertua. Getxon (Bizkaia) izango da, Andres Isasi kontserbatorioan. Bertan egin zuten grabaketa, eta toki berean izango da aurkezpen ekitaldia. Gerora, Deban (Gipuzkoa) eta Bilboko Aste Nagusian ere ariko dira, abuztuan. Oraindik beste data batzuk zehaztu behar dituztela nabarmendu du Mendizabalek, baina atzerrian jotzeko nahia ere adierazi du. «Ziur gaude hala izango dela eta oso harrera ona izango duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.