Musikagile garaikideen obrak Tolosako Abesbatza Lehiaketan

Hamabi herrialdetako ordezkariak lehiatuko dira. Ganbera abesbatzek eta ahots taldeek musikagile garaikideen obrak interpretatuko dituzte

Nagore Arin.
Tolosa
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Iaz 50 urte bete zituen Tolosako Abesbatza Lehiaketak. Aurten 51. aldia izango du, eta atzo aurkeztu zuten, Tolosan (Gipuzkoa). Urte luze horietan lehiaketa babestu duen ikusleria goraipatuz hasi zuen aurkezpena Julian Lakunza TEE Tolosako Ekinbide Etxeko presidenteak. Hain justu, elkarte hori arduratzen da urtez urte lehiaketa antolatzeaz; Lakunza presidenteak adierazi duenez, «eskarmentu handiko ikusleria da: leiala, jakintsua eta aditua». Urriaren 31tik azaroaren 3ra arte egingo da lehiaketa.

Ganbera abesbatzek eta ahots taldeek hartuko dute parte aldi honetan; hamabi herrialdeetako ordezkariak bilduko dira: Alemania, Espainia, Galizia, Japonia, Letonia, Lituania, Suitza, Erresuma Batua, Polonia, Belgika, Indonesia eta Ukrainakoak. Ganbera abesbatzen artean, hamar abeslari izango dira, eta ahots taldeetan, berriz, sei ordezkari. Ganbera abesbatzen artean zortzi talde misto, gizonezkoen talde bat eta emakumezkoen beste bat izango dira. Ahots taldeetan, berriz, emakumezkoen lau talde eta bi talde misto lehiatuko dira.

Collegium Musicum Berlin Chamber Choir, Aurum, Batavia Madrigal Singers, Coro Gaos,Consolatio Choir of Universitas Sumatera Utara, Jca National Youth Choir, Mixed Choir 'Pa Saulei', Bel Canto Choir Vilnius,Mannerstimmen Basel, eta Coro de Camara 441 Hz lehiatuko dira ganbera abesbatzen atalean. Ahots taldeen atalean, berriz: Swara, Gema Sangkakala, Vocal Group Era, The Korrigan Consort, Art'n Voices Vocal Ensemble eta Glier Institute of Music Vocal Group.

Ganbera abesbatzen artean da Suitzako Mannerstimmen Basel abesbatza. Ezohiko kontzertua izango da haiena; izan ere, urte askoren ondoren, gizonez soilik osaturiko abesbatza bat izango da Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Bi modalitatetako obrak abestu beharko dituzte parte hartzaileek:polifonia eta folklore ataletakoak.Polifonia atalean, David Azurza eta Albert Alcaraz konpositoreen lanak abestu beharko dituzte: Azurzak eginiko Buscando en mis amores obra ahots mistoek, eta Alcarazen Nunc dimitis obra ahots berdinek. Folklorean, aldiz, Xabier Sarasolaren lanak eta Iker Gonzalezenak abestuko dituzte: Sarasolaren Neguan orbela obra ahots mistoek, eta Gonzalezen Maitia obra ahots berdinek.

Musikagile garaikideen aldeko hautua egin dute aurten, Xabier Ormazabal TEEko langilearen esanetan: «Haietako hiru euskal herritarrak dira [Azurza, Sarasola eta Gonzalez]». Hala, euskararen presentzia bermatu nahi dute: «gure musika munduratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.