Musikagile errefuxiatuak gogoan

Alejandro Zabalarekin batera 2005ean Saran egin zuen emanaldiaren grabazioa kaleratu du Maite Idirinek

Juan Luis Zabala
2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitarauaren barruan, 1936ko gerraren ondorioz Ipar Euskal Herritik oro har eta Saratik bereziki igaro ziren euskal musikagile errefuxiatuei eskainitako kontzertua eman zuen Maite Idirin sopranoak (Ugao, Bizkaia, 1943), Alejandro Zabala pianistaren laguntzaz, 2005eko abuztuan. Kontzertu harekin, errefuxiatuak gogoratzeaz gain, Sarako herriak errefuxiatuei emandako babesa ere ekarri zuen gogora Idirinek. Kontzertu haren grabazioa CD formatuan eman du argitara orain ausArt Records diskoetxeak, Klasikart bildumaren barruan, Maite Idirin kontzertuan izenburuarekin.

«Sarak jazarpen politikoari doakionean oso memoria kolektibo handia du», dio Idirinek diskoaren barruko kaiera txikian. Frantziako Iraultzaren garaian Sara eta Azkaineko biztanle asko Landesetara deportatu zituztela dakar gogora, eta haietako asko han hil zirela, orduan Landes harea eta ura besterik ez zelako; pinudiak Napoleonek aginduta landatu ziren geroago. «Gainera, Saran euskal intelektual anitz egon zen; esaterako, Joxe Miel Barandiaran eta Labaien sendia, baina baita Aita Donostia eta Jose Urruñuela musikagileak ere». Bi musikari horien lanez gain, Jesus Guridi eta Fernando Rematxarenak ere sartu zituzten, 2005ean Saran egindako kontzertu hartako egitarauan, Idirinek eta Zabalak, «garai eta sentimendu beretakoak» zirela iritzita. «Eta amaitzeko, horien segida hartu zutenak daude, Francisco Escudero, Mixel Labegerie eta Rafael Castro».

Orotara, 23 kantuk osatzen dute diskoa. Gabriel Arestiren beste hainbeste poemetan oinarrituta daude diskoko hiru kantu, Rafael Castrok sortutakoak hirurak; Francisco Escuderok sortutako batek, berriz, Bitoriano Gandiagaren Artaso poemadu oinarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.