Durangoko 54. Azoka. Sormen Beka

Musika urbanoa euskaraz sortuko duen proiektu batek jaso du Sormen Beka

Iratxe Aguilera musikagileak irabazi du Durangoko Azokako 54. edizioko Sormen Beka, eta urtebete izango du ideia garatzeko

Iratxe Aguilera musikagilea, atzo, bere proiektua aurkezten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Nagore Arin.
Durango
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Iaz abiatu zen Sormen Beka Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak: funtsean, urtebeteko epean sorkuntza lan berri bat garatzeko laguntza bat. Atopia RPG kolektiboak irabazi zuen lehen deialdia, iaz, eta aurten aurkeztu dute sortu duten rol jokoa. Musika izan da bigarren bekaren gaia, eta hamahiru proposamen aurkeztu dira guztira; haien artean, Iratxe Aguilera kantariarena saritu du epaimahaiak. 15.000 euro jasoko ditu euskaraz ere musika urbanoa egin daitekeela frogatzeko: «Ikusi genuen genero hau ez dagoela oso garatuta Euskal Herrian; interesgarria iruditu zitzaigun egitea», azaldu du egileak.

Aguilerak Jon Maia bertsolariaren hitzak baliatuz azaldu du proiektuaren muina. «Gure proiektua periferian sortzen da, euskararen periferian. Garrantzitsua da periferiako euskal nortasun eta identitate berriak proiektatzea, euskaraz eta Euskal Herri osora». Bazterreko musika estiloak garatzeko beharra nabarmendu du Aguilerak, betiere Maiaren hitzak bere eginez. «Proiektu hau bultzatzea garrantzitsua da euskararentzat, laguntzen duelako heldulekuak sortzen zein egungo belaunaldientzat erreferente diren musika eta kultura adierazpide berriak sustatzen».

Fikzioaren aldarrikapena

Atopia RPG kolektiboko kideekumorez aurkeztu dute beren rol jokoa. 400 orrialde inguruko liburu formatua du, eta, azaldu dutenez, material gutxi beharko da jokatu ahal izateko: jokalari bakoitzaren fitxen fotokopiak, orri zuriak, arkatzak, dadoak eta liburua bera. Gutxienez hiru pertsona mahai baten bueltan elkartu, eta fikzio inprobisatu bat sortu beharko dute. Batzuetan, kooperatu; besteetan, elkarren aurka aritu. Jokalari bakoitzak bere pertsonaia sortu beharko du, eta harentzako fakzioa aukeratu: Agentzia, Internazional ikusezina, marxialistak, Lur4a edo STMA. Baina jokalariek aukeratuko dute nola jokatu nahi duten.

Euskal fikzioaren aldeko aldarria ere egin dute: «Euskarak fikzioa behar du, euskal politikak fikzioa behar du, euskal gizarteak fikzioa behar du, Euskal Herriak fikzioa behar du. Edo, bestela esanda, euskara asmatu behar da, euskal politika asmatu behar da, euskal gizartea asmatu behar da, Euskal Herria asmatu behar da, bizirik irauteko».

Zuzeneko rol partida bat jokatuko dute gaur Kabi@ gunean, 16:30ean, eta harekin podcast saio bat egingo dute gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.