Tropikalismoa miztura eta mestizajearen uhin berria izan zen -bossa nova izenak aditzera eman nahi duen bezala-, eta gaur egun Brasilgo musikaren bolada bat bezala ezagutzen dugun arren, hirurogeiko hamarkadan kultura eta artea osoki busti zituen, diktaduraren aurka mugitzeko eta mundu osoko kultur influentziek bat egitea aldarrikatzeko. Mugimendu askatzailea izan zen goitik behera.
Askotan gure musika tradizioari begira jartzen naiz, eta uste dut ez gaudela horren urruti beste herri batzuetan egiten ari diren musika nahasketa etakultur mizturetatik. Alde batetik, Kolonbiako kunbia elektroniko berria, Bomba Estereo taldearena, adibidez, edo Dj Rupture horrek egiten dituen elektro-kunbia erremixak eta, bestetik, gurean Gozategik eta Gosek egin izan duten musika ez daude elkarrengandik hain urrun.
Tradizio musikalaren berrikuspenaz eta instrumentuen erabileraz ari naiz, dela Brasilgo tropikalismoak egiten zuena, era guztietako herri tradizioetatik eratorria, Hego Amerikako beste musika mota batzuek egiten dutena, baita gure herrian trikitiarekin eta bestelako instrumentuekin gertatu dena ere.
Sinkretismo honek, nahasketa honek, ekar dezake, adibidez, erritmo elektronikoak herri tradizioko instrumentuekin gainjartzea, erritmo kontzepzioak zaharberritzea eta gure polirritmia herrikoia dantza aretoetara eramatea.
Bide bat da musikak ematen duen bidea, komunitatea sortzeko, gure artean dauden etorkin brasildar, kolonbiar edota senegaldarrekin zubiak eraiki eta loturak sendotzeko. Horrela beharko genuke ulertu musika, Euskal Herriaren arima guztiak hurbiltzeko eta anaitzeko lehengai gisa.
MUSIKA. Tropikalismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu