Musika garaikidearen sorkuntza eta hari lotutako ezagutzaren transmisioa izan dira Teresa Catalan Sanchez (Iruñea, 1951) piano jotzaile eta konpositorearen bizitzaren zutabeak. Trebakuntza, ibilbide eta errekonozimendu zabaleko musikagilea da, eta etxean iritsi zaio aitortza orain: Vianako Printzea saria jasoko du, Nafarroako musikaren historiaren «erreferenteetako bat» izateagatik.
Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan ikasi zuen, Pilar Baiona, Luis Morondo, Juan Eraso, Luis Taberna eta Fernando Remacharekin, eta piano jotzaile gisa bere buruari galderak egiten hasi zitzaiolako erabaki zuen konposizioa ikastea. Konplexua zen aurrean zuen bidea, ordea: lana bere horretan konplexua zelako, baina baita gizartearengatik ere, orduan apenas zelako emakume musikagilerik Nafarroan. Haren aurretik Emiliana Zubeldia eredu esanguratsua izan zen, baina garai hartan ez zen ezaguna. Horregatik, Catalanek aldarrikatu izan du, berez, asko izan direla, baina isildu egin dituztela.
Sienan (Italia) ere ikasi zuen, eta Europako hainbat hiritan osatu zuen formakuntza. Lehenago, 1985ean konpositoreen Iruñeko Taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta Jakiundeko eta Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea ere izan da, besteak beste.
Pianorako soloak, ganberako kontzertuak eta orkestra sinfonikorako lanak konposatu ditu, eta haren sormen lanak mundu osoko jaialdi esanguratsuetan programatu dituzte. Konposizioa irakaskuntzarekin uztartu du, bi premisa oinarritzat hartuta: ezinbestekoa dela kultura ezagutza gisa hartzea, eta ezagutzaren transmisioa ezagutza bezain garrantzitsua dela. Musika «bizia» aldarrikatu ohi du, eta musika eta entretenimendua gauza ezberdinak direla.
Sari ugari lortu ditu sorkuntza eta interpretazioarengatik; besteak beste, 2017an, Espainiako Musikaren Sari Nazionala.
SOSLAIA. Teresa Catalan
Musika sortu eta transmititu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu