Bada paradoxa bat musikaren munduan. Badira musikariak partiturarik gabe ezgaiak direnak musika inprobisatzeko, urteak eraman arren instrumentu bat jotzen. Paradoxa hau musikari handien inguruan entzun izan dut.
Orain haurrei ari naiz gitarra klaseak ematen, eta mundu berri bat irekitzen ari zait. Harrituko zinatekete sei edo zortzi urteko haur batek zenbateraino garatzen duen sena esperimentala, hura elikatuz gero.
Musika gauza asko izan daiteke, baina funtsean erritmoa, melodia, eta horien nahasketatik sortzen den sena musikala dago. Sena musikalak pultsio musikalak ateratzera garamatza. Melodia jakinekin eta erritmo jakinekin haizerantz botatzen diren sugar eta negar estetikoak.
Ikusgarria da nola haurrak musikaren sena horri erantzuten dion. Sena esperimental hori elikatu behar da; ariketa motak, erritmoaren kontzepzioa eta kantuaren arnasa, melodiak sortzen ikastea sentsazioetatik abiatuta, haurrari soinuaren mundura begi-belarriak irekitzea. Haurrak musikarengan aspirina bat ikustea, poza eta tristezia bihotzetik atera eta Artera eramateko tresna.Tarteka, klasean gaudela, ariketak egiten, inprobisatzen, musika garaikideko kontzertu batean gaudela ematen du. Piztu da izate estetikoa.
Orduan, musika pertsonaren luzapen bilakatzen da, bere sentipenen espresiorako lehengaia. Harantz ibili behar du musikaren pedagogiak, musika sortzaileak hezi eta trebatzera, gerora bakoitzak nondik joko duen bakoitzari dagokiolarik.
MUSIKA. Musikaren pedagogia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu