Bihar hasi eta igandera bitarte eginen dute Bilboko Musika-Musica jaialdiaren 24. aldia. Festibalak 70 emanaldi programatu ditu guztira, eta Euskalduna jauregiko sei aretotan eginen dituzte horietako gehien-gehienak. Salbuespen bakarra dago: inaugurazio kontzertua. Izan ere, Bilboko Koral Orkestra eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiak zabalduko du egitaraua, bihar 19:00etan, eta Arriaga antzokian izanen da hori. Erik Nielsen zuzendariaren agindupean, Richard Wagnerren, Piotr Ilitx Txaikovskiren eta Aleksandr Borodinen obra bana interpretatuko dute.
Musika eta emozioak leloaren pean antolatu dute jaialdia aurten. Hari loturik, programatzaileek nabarmendu dute festibalak askotariko eskaintza ekarriko duela Bilbora aldi honetan, eta, hortaz, «emozioen errepertorio oso zabala» eragiteko ahalmena erakutsiko dutela kontzertuek, preseski. Helburu hori erdiesteko, emanaldietan orotara 1.500 interpretetik gora ariko dira, euskal herritarrak zein atzerrikoak.
Etxekoen estreinaldi bat da programazioan jasotako ikuskizun nabarmenetako bat. Izan ere, asteburu honetan taularatuko dute aurrenekoz Musika-Musica festibalak berak ekoitzitako opera berria: Degli affetti proibiti. Nabarmendu dutenez, «emakumezko konpositore eta ahots isilduen omenezkoa» da obra hori. Ensemble Galdos talde musikalaren eta Beatriz Oleaga mezzosopranoaren emanaldi bat da, zehazki, Ivan Martinen zuzendaritzapean egina, Naiara Beistegik egokitutako eszenaratzearekin. Estreinaldia larunbatean izanen da, 13:00etan, baina beste bi saio ere programatu dituzte: larunbatean bertan 18:15ean bata, eta igandean 18:00etan bestea.
Nazioartekoentzako helmuga
Oro har, festibalak bere ohiko moldeari eutsiko dio aurten ere, baina, hala eta guztiz, badu nobedade bat: lehenbiziko aldiz, dantzariak ere oholtzaratuko dituzte. Zehazki, igandean gertatuko da hori, Euskalduna jauregiko auditoriumean. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak ikuskizun bat eskainiko du Kukai dantza taldearekin batera: Prometeoren izakiak. Perry So da zuzendaria.
Aipatuez gainera, festibalaren antolatzaileek atzerriko hainbat orkestraren parte hartzean egin dute azpimarra azken asteotan. Besteak beste, nabarmendu dute Europako «prestigio handiko» taldeak ariko direla asteburuan Bilbon, «aurrez aritu ez direnak». Hauek jarri dituzte adibidetzat: Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa, Strings Lucerne jaialdiko orkestra, Diderot Ensemble eta Freiburgeko Orkestra Barrokoa.
Bestalde, honako bakarlari hauek ere estreinakoz ariko dira festibalean: Martin Garcia Garcia piano jolea, Cristina Gomez Gody oboe jotzailea eta Elinor D’Melon biolin jolea. Egitaraua festibalaren webgunean dago ikusgai, eta, leihatiletan ez ezik, atari horretan ere eros daitezke sarrerak.