Musika

Musika-Musica jaialdian 76 kontzertu izango dira, bihartik igandera arte, Bilbon

Aurtengo jaialdian irudiak izango dira ardatz. Euskalduna jauregia izango dute erdigunea, eta asteburu osoan egingo dituzte emanaldiak bertan.

(ID_17092058385345) (/EZEZAGUNA)
Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Euskalduna jauregiaren kanpoaldean. MUSIKA-MUSICA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko otsailaren 29a
13:00
Entzun

Musikazaleek izango dute non gozatua asteburuan; bihar hasi eta igandera arte Musika-Musica jaialdia egingo baitute Bilbon. 23. aldia izango da, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral elkarteak emango diote hasiera. 19:00etan izango da kontzertua, Arriaga antzokian. Jesus Guridiren Eusko irudiak eta Modest Mussorgskyk Maurice Ravelen orkestrarentzat egindako Erakusketa bateko koadroak lanak interpretatuko dituzte. Irudiak izango dira aurtengo jaialdiko saioen haria.

Musika bete-betean arnastuko da Euskalduna jauregian, asteburuan 70 kontzertutik gora emango baitituzte. 45 bat minutuko ikuskizunak izango dira, eta jauregiko hainbat areto erabiliko dituzte horretarako.

0B aretoan eta Auditoriumean izango dira kontzertu sinfonikoak eta koralak. Besteak beste, Bilboko, Nafarroako, Galiziako eta Murtziako Orkestra Sinfonikoak ariko dira, Euskadiko Orkestraz gain. Azken horrek larunbatean izango du saioa, 13:00etan. Ganbera kontzertuak izango dira nagusi 0D aretoan. Hogei kontzertu baino gehiago izango dira bertan, musikaren historiako konpositore ezagunei eskainiak: Mozart, Vivaldi, Beethoven, Chopin, Haydn...

Kontzertuez haratagoko ekintzarik ere egongo da. Musika eta beste arte batzuk mahai ingurua egingo dute larunbatean, 12:30ean, 0C aretoan. Bertan izango dira Miguel Angel Marin, Juan March fundazioko musika zuzendaria; Isabel Urrutia konpositorea, eta Isabel Villanueva biola jotzailea. Cesar Cocak gidatuko du saioa.

Gazteen «kioskoa»

Musikari gazteen txokoa izango da Kiosko izeneko gunea. Autonomia erkidego ugaritako musika kontserbatorio eta musika heziketako zentroetan aritzen diren 700 musikari arituko dira bertan. Larunbatean eta igandean izango dira kontzertuak. Kantamundi egitasmoa izango da Kioskoan egingo dituzten ekitaldietako bat. Jaialdiaren antolatzaileek Bilboko koral elkartearekin batera 2022an antolatzen hasi ziren egitasmoa da. Hiriko eskolen arteko abesbatza sare bat sortzea da helburua, eta bertan parte hartzen duten ikasleek kontzertua emango dute, larunbateko 19:00etan.

Zinema ere uztartuko dute aurtengoan. Cesar Cocak era Patrizia Sojok bi saio gidatuko dituzte, zinema eta musika uztartuz. Familientzako saioak eskainiko dituzte, 0E aretoan. Samfaina de Colors eta aSombras konpainien ikuskizunak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.