«Kaixo» edo «hemen gaude» adierazteko erabili ohi den esaera da Eup!, Euskal Herriko zenbait ingurutan. Hiru urteko isilaldiaren ondoren, bueltan direla adierazteko asmoz, Elkano Browning Cream taldeak izen hori daraman diskoa kaleratu berri du. Mikel Azpiroz donostiarra da taldeko gidaria, eta, haren ustez, «arreta handiz ekoiztutako lana» da, «musikari apartez jantzia».
Duela hamabost urte ezagutu zuten elkar Elkano Browning Cream taldeko kideek: Mikel Azpirozek, Franck Mantegari frantziarrak eta Dave Wilkinson britainiarrak. Taldekide bakoitza maparen mutur batekoa izanda, AEBetan batu ziren, 2000ko hamarkadan. Bronxeko (New York, AEB) musika eszenak, nolabait, hiru musikariak elkartu zituen, eta haien proiektu musikala abiatu zuten.
Bi hamarkada geroago, bederatzi kantaz osatutako EP bat kaleratu dute: Azpirozek idatzitako sei kanta eta «taldekide guztien gustuko egileen» hiru abestiren moldaketak biltzen ditu. Piezak «espresuki» album horretarako sortuak diren arren, «badaude urteen zakuan gordetakoak ere». Bertsioei dagokienez, Abdullah Ibrahimen Someday Soon Sweet Samba, Joe Higgsen Steppin' Razor eta Willie Dixonen My Babe aukeratu dituzte.
«Hainbat arrazoi» izan dituzte gogoan, bertsioetarako egileak aukeratzeko orduan: «Abdullah Ibrahim hegoafrikarra jazzaren munduan gehien eragin diguten piano jotzaileetako bat da; Steppin' Razor abesti klasikoa da guretzat, Peter Tosh jamaikarraren mailako musikariek interpretatu izan dutena; My Babe, berriz, kultuko kanta da bluesa maite duen ororentzat, eta, gainera, taldeko abeslari ohi Matt Hardingek kantatu du diskoan».
Gitarrak, ahotsak, Hammond C3 organoak eta bateriak elkarturik sortzen duten soinua da Elkano Browning Creamen identitate erakusgarria. Disko berrian, funtsean, jazza eta bluesa landu dituzte, baina haien erreferentzia musikalen sorta askoz zabalagoa da, Azpirozen aburuz: «Batetik, onartu beharra dago diskoan blues asko dagoela, baina, bestetik, azpimarratu behar dugu beti sentitu dugula edozein musika entzuteko askatasun osoa».
Interes horrek eraman ditu azken lanean eskala zingaroak, gitarra pasarte psikodelikoak, oinarri erritmiko afrikarrak eta melodiaren kutsu hipnotikoa lantzera, besteak beste. «Aurreneko diskotik sartu ditugu horrelako erreferentziak, gure izaera pluralarekin bat datozelako». Azpirozek eta haren kideek, beraz, musika aditzen dute, estiloen eta sailkapenen gainetik: «Taldekideok ez dugu sinesten etiketetan, egungo joera dena estiloetan etiketatzea izan arren. Beti diogu munduko musika entzutea gustatzen zaigula, eta, ondorioz, musika mundutarra jotzeak pozez betetzen gaitu: jazza, bluesa, soula, rock-and-rolla edo dena delakoa».
Eklektikotasuna identitate
Disko berrian hainbat jatorritako ñabardurak «naturaltasun osoz» jorratu dituzte. «Lana ez dugu egin berritasunerako grinaren prismatik, baina nahitaez senti daiteke gure estiloaren kutsu eklektikoa». Horren harira, Sutan suite abestia aipatu du Azpirozek. Hamaika minutuko pieza bat da, «hainbat pasarte eta interludio musikal» dituena: «Ez da, nolabait, abesti klasikoa, baina suite barroko baten zantzuak ditu, gitarrarekin egiten ditugun jolasetan, adibidez».
Abestiak konposatzeaz gain, ekoizpen lanaz ere arduratu da Azpiroz. «Lan handia da, neketsua, baina beti sinistu dut autogestioan eta do it yourself ideologian». Ekoizpena «ardurak eta aukerak» biltzen dituen prozesua da, «auzolanetik asko» duena: «Analogia ikusten dut baserri munduko eta diskoen ekoizpeneko atazen artean; bietan prest egon behar da tokatzen den lana egiteko, edonolakoa izanik ere».
Dena dela, Eup! ez da lan oso konplexua produkzio aldetik. «Elkano Browning Cream osatzen dugun musikariok urteak daramatzagu elkarrekin jotzen, eta, beraz, nahiago dugu gure artean sortzen dugun freskurari eta originaltasunari garrantzi guztia eman, postprodukzioari eman ordez». Nahasketak egitean zenbait efektu baliatuagatik ere, gogoan dituzte aspaldiko rock-and-roll diskoak: «Tranparik eta iruzurrik gabeak dira, bene-benetakoak, eta musikarien arteko xarma da protagonista bakarra».
Azaroan, lau kontzertu dituzte Eup! aurkezteko: gaur, Bilboko Bidebarrieta kulturgunean arituko dira, eta, bihar, berriz, Madrilen. Baina Azpirozek letra larriz markatuta duen emanaldia igandekoa da, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango duten kontzertuarena: «Ezagunen aurrean musika egitea egundoko gozamena da beti». Baina gozamena gozamen, erantzukizuna ere igartzen du: «Bi urte eta erdi dira Donostian jotzen ez dudala, horrek dakarren ardura psikologikoarekin». Azaroko azken emanaldia Eibarren (Gipuzkoa) izango da, asteartean, Helmholtz organoaren inguruko jaialdian.
Hainbat disko ekoitzi, egile ugarirekin lan egin eta musikaren banderapean mundu osoa ertzetik ertzera zeharkatu duen egungo eskarmentudun musikariak sei urterekin pianoa jotzen ikasten hasteko zorian zegoen Mikel Azpiroz hari zer aholkatuko liokeen itaunduta, erantzuna argi asko du: «Bidearen zailtasunaz ohartaraziko nioke, baina merezi duela argi utzi; ematea eta jasotzea gustuko duen heinean, gogor saiatzeko eskatuko nioke».
Musika mundutarra jotzearen poza
Elkano Browning Cream taldeak 'Eup!' diskoa kaleratu berri du. Gaur Bilbon aurkeztuko dute; igandean, Donostiako Viktoria Eugenian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu