Entseguen ordutegi estuek gidatzen dute haien eguna. Aste Santuko kontzertuak antolatzen dituztelako edo bestelako proiektuak dituztelako, ez dute ia beste ezertarako tarterik izaten. Hala ere, entsegu eta entsegu artean izan dute tartetxoa BERRIArekin hitz egiteko. Aitor Garitano (Bergara, Gipuzkoa, 2000), Haizea Lorenzo (Leioa, Bizkaia, 1998), Saioa Goñi (Atarrabia, Nafarroa, 1999) eta Lara Sagastizabal (Bilbo, 1991) buru-belarri dabiltza lanean. Musika klasikoko kantariak dira laurak, gazteak, eta gustuko duten hori ogibide bilakatzeko hautua egin dute. Ibilbidea hasi besterik ez dute egin, baina gogotsu daude etorkizunean etorriko dena jasotzeko: ahotsa berotuta eta tonua jarrita ekin nahi diote etorkizunari.
Garitano tenorra da, eta, Lorenzo eta Goñirekin batera —sopranoak biak—, Cuencako (Espainia) musika erlijiosoko zikloan parte hartu zuen pasa den astean. «Espainiako ziklo garrantzitsuenetako bat da», azpimarratu du Bergarakoak. Gainera, Mallorcan (Herrialde Katalanak) kontzertu bat ematekoa da gaur. Sagastizabal, bestalde, Mari-Eli zarzuela estreinatzear dago Bilboko Arriaga antzokian; Nicolasaren rola jokatuko du bertan. Asteazkenean estreinatuko dute Calixto Bietok zuzendutako proiektua —ostegunean ere egongo da emanaldia—. «Oso pozik nago etxean lan egingo dudalako, ez da ohikoena izaten eta».
Laurek txikitatik izan dute musikarekin lotura; nork bere moduan. Euren herri edo hirietako abesbatzetan eman zituzten lehen pausoak. Bide horretan jarraitzeko aukera zutela ikusita, kantu ikasketak egitea erabaki zuten, kontserbatorioan, zehazki. Kontserbatorioetan, ordea, kantuko erdi mailako titulua lor daiteke, eta horrek ez du balio profesionalki aritzeko. Horretarako, goi mailako titulua eskuratu behar da. Euskal Herrian Donostiako Musikenen eta Iruñeko kontserbatorioan bakarrik lor daitezke.
Kantua baino gehiago
Musikenen ari da ikasten Garitano. Gradu ikasketak iaz amaitu zituen, eta master bat egiten ari da gaur egun. Ikasteko leku ona da, tenorraren esanetan, baina bertan ikasteko aukera izatea ez da erraza: «Kantuko sailean, sarrera probak egiten diren bakoitzean bi ikaslek bakarrik dute sartzeko aukera. Maila handia eskatzen du horrek».
«Musikenen, kantuko sailean, sarrera probak egiten diren bakoitzean bi ikaslek bakarrik dute sartzeko aukera. Maila handia eskatzen du horrek»AITOR GARITANOTenorra
Bere ibilbide profesionalari «lehentasuna» emateko asmoz, Madrilera ikastera joateko erabakia hartu zuen Lorenzok. Goi Mailako Kantu Eskolan ari da, eta pozik dago hautuarekin. «%15 bakarrik da kantua», azaldu du. Izan ere, hamalau ikasgai ditu orotara; besteak beste, gorputza lantzeko teknikak, entzumenaren hezkuntza, bai eta hizkuntzak ere —lau orotara: ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera—. Goñik ere erabaki zuen Euskal Herritik kanpo ikasten jarraitzea Musikenen aritu ostean. Antzinako musikan sakondu nahi zuen, eta duela bi urte Bartzelonara joan zen; geroztik han da. Esmuc-en —Kataluniako Goi Mailako Kantu Eskola— Musikologia, Ikerketa eta Antzinako Musika deitzen den masterra egiten ari da.

Sagastizabalen kasua bestelakoa da. Kontserbatorioko ikasketak amaituta, lan egiteko aukera izan zuen segituan. La viuda alegre (Alargun alaia) musikalean aritu zen; Arriaga antzokian lehenengo, Madrilen gero. Kriminologia ikasketak amaitu berri zituen garai hartan, eta Vienan lan egiteko beka bat eman zioten. Musikalean lan egitea eskaini ziotenean, ordea, bi munduen artean bakarra aukeratu behar izan zuen, eta musikari helduko ziola erabaki zuen. Proiektu batek beste batean aritzeko aukera eman zion, eta, hori dela eta, ez zuen kantuko ikasketa arautuekin aurrera jarraitzeko aukerarik izan. «Hala ere, kantuko klaseak jaso izan ditut gerora ere», aipatu du.
Zortea eta zailtasuna
Lorenzok ere, kantuaz gain, beste ikasketa batzuk egin zituen. Gizarteratzeko Goi Mailako Zikloa egin zuen, eta horretan lan egingo zuela uste zuen, iaz arte: «Azkenean argi ikusi nuen kantuaren arloan espezializatu nahi nuela». Musika ogibide izatea ez da biderik ohikoena izaten, baina hori egin nahi zuela argi zuen Garitanok. «Abesbatzan nengoen garaian, batxilergoa egiten ari nintzen, eta hori zen lehentasuna. Gero kantuari garrantzia eman eta hura lehenetsi izana pauso polita izan zen».

Goñik kantuan profesionalki aritzeko izan duen «zortea» azpimarratu nahi izan du. Nahiz eta mundu horretan denbora asko ez daraman, hainbat zailtasunez jabetzeko aukera izan du. Horietako bat, ekonomikoa: «Konturatu naiz dirua beharrezkoa dela mundu honetan lan egiteko. Probetara aurkezteko, bidaiak egiteko...». Europan bi proiektutan parte hartzeko aukera izan du, eta horietan parte hartzeko eta probetara joateko, bidaia eta hotela bere kabuz ordaindu behar izan ditu, esaterako. Goñi 18 urte bete berritan hasi zen lanean, gastu horiei aurre egiteko. «Seguru talentu handia duen jende pila bat dagoela, baina ekonomikoki erritmo horri jarraitu ezin diotenak. Pena ematen dit horrek».
«Konturatu naiz dirua beharrezkoa dela mundu honetan lan egiteko. Probetara aurkezteko, bidaiak egiteko...»SAIOA GOÑI Sopranoa
Musikenen sartu berritan izan zuen Garitanok bere lehen lan profesionalean jarduteko aukera. Donostiako Opus Lirica konpainiak Mozarten Requiem-a eszenaratu zuen, eta bertako tenorretako baten ordezkoa zen bera. Azkenean Garitanori egokitu zitzaion kantatzea. Orduan lanean hasi zen ikasten ari zen bitartean. Ohikoena ez dela aitortu duen arren, hala izan da haren kasuan. «Kantuaren munduan, eta Euskal Herrian zehazki, ez daude gizonezko abeslari asko, eta agian horregatik izan dut nik halako zortea». Lorenzo ere ikasten ari zela hasi zen lanean: Kantabriako Orkestra Sinfonikoarekin (Espainia) bakarlari aritzeko aukera izan zuen.
Ikusgarritasuna
Euskal Herrian kantari gazte gehienek elkar ezagutzen dutela aipatu du Goñik. Musikenen, orotara, zortzi ikasle aritzen dira kantu ikasketak egiten, eta denek dute elkarren berri. Bestalde, beste zentro batzuetan ikasten dutenekin harremanak izateko aukera ere badute, esaterako, abesbatzetan; Goñiren kasuan, Euskal Herriko Gazte Abesbatzan. Goñi: «Jende pila bat ezagutzen duzu abesbatzetan, baita zuzendariak ere. Lana lortzeko aukera bat da. Batzuetan zaila izaten da, baina garrantzitsua da saltsa guztietan egotea».

Lan aukera berriak topatzeko abagune dira kantarien lehiaketak ere. Opus Lirica konpainiak antolatzen du horietako bat, eta 2022an Sagastizabalek bertan parte hartu zuen. Hori dela eta, nahiz eta ez zuen irabazi, konpainiak berak prestatutako operan parte hartu ahal izan zuen. «Hori da lehiaketen alde ona, sarritan rolak lehen aldiz jokatzeko aukera ematen dutela», azaldu du. Egun, urtean behin behintzat lehiaketa batean parte hartzen saiatzen da, baina ez da erraza: «Jende pila batek ematen du izena, eta batzuetan, lehiaketaren bat irabazi duen jendeari ematen diote lehentasuna».
«Opera munduan lan egiten duten profesionalak egoten dira horrelako lehiaketetan; izan zuzendari artistikoak edo dena delakoak, eta horri esker ikusten gaituzte»HAIZEA LORENZOSopranoa
2021ean Euskadiko Interprete Gazteen Lehiaketan lehenengoz izena eman, eta, kantarien atalean, irabazle izan zen Lorenzo. Horri esker, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin bakarlari gisa aritzeko gonbita jaso zuen. «Opera munduan lan egiten duten profesionalak egoten dira horrelako lehiaketetan; izan zuzendari artistikoak edo dena delakoak, eta horri esker ikusten gaituzte». Aurten ahalik eta lehiaketa gehienetan parte hartuko duela ere adierazi du; «maila apur bat hobea» izan arte itxaron nahi izan baitu.
Etxean bezala, inon ez
Euskal Herrian hainbat proiektu egindakoa da Garitano. Iaz, esaterako, bi operatan parte hartu zuen: Donostiako Musika Hamabostaldian Carmen-en, eta Bilboko Arriagan, Saturraran-en. «Zorionez, Euskal Herrian lan egiteko aukerak badira. Ez, agian, abeslari guztiok lan egiteko beste, baina badira», adierazi du. Tenorra denez, eta tesitura horretako gizonezko kantari gutxi dagoenez, lana topatzeko erraztasun handiagoa du Garitanok, hark azaldu duenez.
Ez zaie gauza bera gertatzen gainerako hiru abeslariei. Sopranoak dira hiruak, emakumeak, eta hortxe dago zailtasuna. «Tenor bakoitzeko hamar soprano daude», Goñiren esanetan. Hala ere Euskal Herrian denentzako lekua dagoela uste du, «bakoitzak bere esparrua du-eta». Goñik antzinako musika lantzen du bereziki, eta horrek aukerak emango dizkiola uste du. Bartzelonan ere lortu du bere lekua, bertako musika zirkuituetan, eta pozik da horrekin.
«Jendeak agian ez nau soprano gisa ezagutzen hemen. Ez dakit Bilbon soprano gisa ezagutzen nauten ala ez»LARA SAGASTIZABALSopranoa
Hemen lan aukerak badaudela ikusi du Lorenzok, baina, Madrilen ikasten duenez, bertan lana topatzen saiatzen da. «Madrilen lehia handiagoa da. Esaterako, soprano gehiago daude, eta azkenean ez da erraza izaten». Euskal Herrian dagoen abesbatzen kultura azpimarratu nahi izan du: «Musika klasikoaren alorrean lan handia egiten da».
Etxetik kanpo egin du lan gehien Sagastizabalek, besterik gabe hala suertatu zaiolako. Madrilen hainbat musikaletan parte hartu du, kantaria izateaz gain dantzaria ere bada eta. Hala ere, kanpoan dituen proiektuak amaitu orduko etxera itzultzen dela gaineratu du: «Hemen nago gusturen». Lanik ez zaio falta izan, baina, haren ustez, horietako asko kanpoan izateak badu alde txarrik: «Jendeak agian ez nau soprano gisa ezagutzen hemen. Ez dakit Bilbon soprano gisa ezagutzen nauten ala ez». Mari-Eli-rekin, ordea, etxean lan egiteko aukera du, eta aukera hori aprobetxatu nahi du bilbotarrak.

Adinaren eta prezioaren fikziozko harresia
Bestelako musiken jaialdiak eta aretoetako kontzertuak beteta ikustea ez da zaila izaten, baina musika klasikoaren eta antzokien kasuan, ordea, bestelakoa da kontua. Izan ere, publikoa bera ezberdina da, lau kantariek azpimarratu dutenez. Haien ustez, txikitatik ohitura sortzea da gakoa. Halere, musika klasikora adinean aurrerago jo nahi dutenentzat ere badaude proiektuak.
Eszenatokiari ematen diote garrantzia lau kantariek, baina emanaldietara bertaratzen den publikoaren erantzuna jasotzeko gai ere badira. Garitanoren ustez, lehen errazagoa izaten zen Donostiako Kursaala betetzea, eta orain, aldiz, ez. Hark nabaritu egin du lehen «publiko fidela» zen hori gaur egun ez dela hainbeste joaten emanaldietara. «Guk kantariok ere ez dakigu hemendik urte batzuetara gu ikusteko publikoa izango dugun; azken finean, gizartea aldatzen ari da».
Sagastizabalen inguruak ez du musika klasiko asko entzuten, eta pena ematen dio horrek: «Normalean, jendeak aipatzen du sarrerak garestiak direla, eta kontzertuetara ez joateko arrazoia dela hori, baina ez da hala. Gaur egun badaude garestiagoak diren beste ohitura batzuk». Bestalde, uste du moda kontuek ere baldintzatzen dutela musika mota horren kontsumoa —«ez dago modan antzokira joatea»—. Goñi iritzi berekoa da, haren esanetan «harresi klasista» bat dago. Egun sarrerak ez dira hain garestiak, are, gazteentzako prezio bereziak ere badaude Euskal Herriko aretoetan.
Eszenatokia baino gehiago
Jendearengan ohitura sortu behar da, Sagastizabalen ustez: «Nola izango du jendeak ezagutzen ez duen zerbaiten inguruko interesa? Interes hori piztu beharra dago, bai ikastetxeetan, baita etxean ere».
Opera produkzioak gazteentzako erakargarriak izan daitezkeela uste du Goñik: «Pelikula bat ikustera joatearen parekoa da, eta haiek uste duten baino hurbilagoa». Zehazki, jende gazteari operaren mundua gerturatzeko asmoz, Opera Lagunen Bilboko Elkarteak (OLBE) Gazteam egitasmoa jarri zuen martxan 2020an. Bertan parte hartzen du Lorenzok. OLBEk opera bat programatzen duenean, saioetako baten aurretik meetup moduko bat antolatzen dute —antzeko interesak dituen jende gaztearen arteko topaketak dira—; ostiraletan izaten dira normalean.
Izena ematen duen jendeak ikuskizunaren xehetasun guztien berri izateko aukera du. Hamabost minutuko hizketaldi laburrak antolatzen dituzte, esaterako, abeslariekin, zuzendari artistikoekin eta produkzioko beste langile batzuekin. Lorenzo: «Publikoak eszenatokia bakarrik ikusten du, baina ez daki zer dagoen horren atzean. Egitasmo horri esker, opera guztia barrutik ikusteko aukera dago, eta jendearentzat erakargarriagoa egitekoa». Sopranoa duela bizpahiru urte hasi zen Gazteamen parte hartzen, eta orduz geroztik gero eta jende gazte gehiago joaten dela nabaritu du.