Jende alaiarentzako diskoa egin du Gecko Turner-ek beste behin. Duela lau urte sortu zuen Chandalismo ilustrado diskoaren arima bera du lan berriak, giro edo rollito ona alegia. Azken urteetan bizi izan dituen kontu pertsonalak alde batera utzita,musikalki asko aberastu da haren proposamena. Mundu osoan kontzertuak ematen aritu da, eta bidaia horretan hartu dituen eraginak betiko blues, soul eta funk doinuekin nahastu ditu.
Extremaduran, Texasen, Londresen, Madrilen eta Kalifornian grabatu du lan hau, eta soinuari freskotasuna ekarri dio horrek, soinuaren mugak gaindituta.
Truly da diskoa irekitzen duen kantua. Kantu horretan, doinu lasai eta beroak eskaintzen dizkigu. Ingelesez abestuta, Irapoan Freire musikariaren tronpeta doinuekin bete du kantua.Turnerren labela berehala sumatu daiteke hemen, eta azkar atzematen da hark egindako kantua dela. Doinu latinoak Cuánta suerte abestian datoz, eta Tea Time kantu lasaiarekin talka egiten dute; izan ere, tempo guztiz ezberdinak erakusten dituzte biek. Ámame, mírame soul-blues nahasketa da, gaztelania eta ingelesa batzen dituena. Karibeko doinurik lasaienak You Can't Own Me abestian erakusten ditu, eta, Mbira Bira egiteko, Afrikako doinuak bilatu ditu. Aurreko diskoan egin zuen bezala, oraingoan ere elektronikara jo du Lovemonk eta horrelako abestiak sortzeko. Diskoetxeari omenaldia egiteaz gain, entzuleari opari bat egin dio abesti horrekin. Kaleko doinuak When I Woke Up abestian erakusten dizkigu, eta AEBetako hegoaldeko jazz ukitua dauka Gone Down South kantuak.
Oro har, jazz doinuen falta sumatuko duzu aurreko lanekin konparatuz, baina kaleko soinuen bilduma hau disko borobila da.
GECKO TURNER
Diskoa: 'Gone Down South'.
Diskoetxea: Lovemonk.
MUSIKA. Kaleko soinuen bilduma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu