Literatura

Musika jaialdiak auzitan, Jon Urzelairen 'Su festak' saiakeran

Musikaz ez ezik, «hiri eta nazio markez, turistifikazioaz eta folklorizazioaz» ere aritu da Urzelai, besteak beste, musika jaialdien fenomenoan sakontzeko. Susak argitaratu du.

Jon Urzelai, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andoni Imaz.
2023ko maiatzaren 3a
17:02
Entzun

Uda garaian, musika jaialdiei buruzko albisteek hartu ohi dituzte hedabideetako kultura orriak: aurretik, zein izar bilduko dituzten esateko; ondoren, zenbat jende eta zenbat diru pilatu den kontatzeko. Jaialdien fenomenoa hobeto ulertzeko, horren guztiaren azpian mugitzen denari erreparatu dio Jon Urzelai Urbietak Su festak. Euskal musika jaialdiak XXI. mendean liburuan. Gaur aurkeztu dute, Donostian, Urzelaik berak eta Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak.

«Musika jaialdiak ez dira kontzertu segida hutsak. Haiei buruz horrela mintzatzea azalkeria baizik ez da: Guggenheim museoa zer den azaltzeko barnean dituen koadroak zerrendatzearen parekoa», esan du Urzelaik. Jaialdiak gauza asko izan dira, liburuan kontatu duenez: asmo utopikoen gordailuak, transzendentziarako bidea, euskaltasuna errotzeko tresna... Baina, gaur egun, musika jaialdiez aritzea egungo gizartearen dinamikez aritzea da, egilearen esanetan, eta esanahi garaikide horren inguruan aritu da liburuko berrehun orrialdeetan.

Urzelai, besteak beste, kultur gaiak aztertzen eta kultur egitasmoak antolatzen ibili izan da eta dabil, batez ere Urretxuko eta Zumarragako (Gipuzkoa) KKinzona irratiaren eta Kalegorrian kultur elkartearen bidez. Hainbat komunikabidetan idatzi izan du, bereziki musikaz; tartean, BERRIAn eta Badok-en. Lehen liburua du Su festak.

Musika jaialdiei buruzko azterketa kritiko hori egiteko, festibalez aritu da, baina «marko handiago batean» kokatu du auzia, Lopezen hitzetan: «Gauza konkretu horietatik abiatuta, argazkia zabaltzen du, Euskal Herriko azken urteetako kultur politiketan arreta jartzeko eta musika jaialdiek gaur egungo Euskal Herrian zer esangura duten aztertzeko».

Horregatik, musikaz bezainbeste aritu da beste gauza batzuez: «Uste dut ezinbestekoa dela hiri eta nazio markez hitz egitea; turistifikazioaz, folklorizazioaz, zergatik ez, baita gentrifikazioaz ere. Egoera geroz eta monopolistikoagoez eta festaren pribatizazioaz. Musikaren bueltan lan egiten dutenen baldintzak aintzat hartzeak eta egoeraren makurra mahaigaineratzeak ere derrigorrezkoa behar luke», esan du Urzelaik.

Bost ataletan banatu du liburua: Koba, Basoa, Herria, Hiria eta berriro Koba. Lehenengoan, sarreran, kobazuloak, akelarreak eta festibalak lotu ditu, Mairuelegorretako kobetan egiten den euskal jaialdia, Crystal Fighters taldeak Zugarramurdin emandako kontzertua eta Larraitzen 1971n egindako jaialdia aipatuta, besteak beste. Itxierako atalean, pandemiak utzitako panorama eta klima larrialdiaren testuinguruan festibalek izan beharreko moldeak ekarri ditu hizpidera. Hauxe dio liburuan: «Geroz eta eztabaidaezinagoa da norberaren behar eta desioak ase ahal izatea era zilegian aldarrikatu zuen kontrakulturari neoliberalismoak emandako erantzun hipertrofikoa, egokia ez izateaz gain, ekozida ere badela, eta, beraz, erantzun berriak emateko garaia da, horrek ardura eta desaztea eskatzen duela onartuz».

Tarteko bidaian, jaialdien bueltako panoramika zabal bat irudikatu du Urzelaik. Musika festibalen historia moduko bat eginez, Woodstocken garaitik abiatuta, erakutsi du «nola sasoi batean transgresore zena gaur egun transgresio antzerki bihurtu den», Lopezen esanetan. Euskal Herrira etorrita, euskaltasuna sortzen lagundu zuen musikatik gaur egungo «turistentzako euskaltasun exotiko» baterako bilakaera ere aztertu du. «Kontzertuok euskaltasuna eraikitzerako orduan duten rola ezbaian jartzen ahalegindu naiz, eta hiri garaikideari forma nola ematen dieten ikertu dut, herritarrok halakoekin harremana izateko modu ezberdinak ere iruzkinduz bidean», idazlearen hitzetan.

Dekoratua ala komunitatea

Euskal Herritik egin du azterketa, eta inguruko adibideak dira nagusi. Adibidez, liburuan maiz aipatu du BBK Live jaialdia, «lehenago auto lasterketa batek egin gisara, Euskadi Basque Country nazioartean kokatzeko sortutako artefaktua», haren bidez hitz egiteko «hiri ereduaz eta komunitate simulakroez». Hiria «dekoratutzat» duten proiektuak aletu ditu, baita Donostiaren kultur hiriburutzak utzitako ajeak ere, baina erroa komunitatean duten esperientziei ere eman die beren tokia: «Euskal Herria Zuzenean festibala eta Iruñean gertatzen ari dena, etengabe moldatzen den identitate baten erakusle, biak ere. Eta ezin aipatu gabe utzi Gernikako Lekuek bezalako ekimen txiki bezain aberatsak».

Euskal Herriko eredu horien guztien ezaugarriez eta balioez jabetuta, kulturaren egitekoa zein den auzitan jarri nahi du Urzelaik: «Liburuaren muinetako bat horixe bera da: kulturak gurean zer esanahi duen argitzen saiatzea; salgai huts den, inbertsioak erakartzeko kaskabilo magiko, fedearen ordezko, askapenerako bide, garapen urbanistikorako erregai ala komunitatea trinkotzeko erreminta».

Argi du zein den helburu nagusia: jaialdiei buruzko gogoetak agerian jartzea eta inguruan eztabaida sustatzea. «Liburua gai baldin bada gaur egungo kultur politikak auzitan jarri eta gogoeta eta eztabaida hauspotzeko, bere egitekoa beteko du». Helmuga horretara iristeko asmoz, idazleak saiakeraren tonua ere zaindu du bidean: «Pop festibalei buruzko pop saiakera bat da, nahi baduzue».

Aurrerantzean, Su festak toki gehiagotan aurkeztekoa da, kultur kolektiboekin elkarlanean, liburuko gogoetek leku bakoitzean izan ditzaketen oihartzunen bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.