Ion Celestino. Musikaria

«Musika izan da beltzek Afrikatik eraman ahal izan zuten gauza gutxietako bat»

GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Arrazakeriari idatzitako kantu jakinetan soilik ez, musika beltzaren egiteko moduetan ere jasotzen dira komunitatearen bizipenak eta bazter egoera. Musika beltzaren gertuan dabil aspaldi Ion Celestino (Donostia, 1991), besteak beste, Broken Brothers Brass Band taldean. «Musika afro-amerikarra komunitatearekin estu lotuta egon da beti, New Orleansen nabarmen. Eta beti ikusi dut gu geu eta mundua ikusteko ispilu bat hor. Brokenek hori landu nahi du: musikaren lengoaiaz harago, nola eragiten duen musikak gizartean eta gizarteak musikan».

Bi horien arteko lotura da musika beltzaren gakotako bat?

Niretzat bai. Musika izan da beltzek Afrikatik eraman ahal izan zuten gauza gutxietako bat. Belztasuna halako freskotasun batekin lotu ohi da, eta uste dut bizia aurrera eramate horrekin lotzen dela. New Orleanseko Congo Squareko kondaira da adibide klasikoa: esklaboek libre zuten igandeetako tarte txikia erabiltzen zuten plazan kantu-dantzan elkartzeko. Boza eta gorputza ziren espresio bide bakarrak. Eta hori da XX. mendeko musika gehienaren jatorria. Toki hori eta egoera hori.

Musika beltza-rekin, ez da gauza gehiegi sartzen zaku berean?

Bai, arrisku hori du: hustu egiten da estilo gisa hartzen dugunean. Nik musika beltza erabiltzen dut, esaterako, Chicagoko AACM kolektiboak 1960ko hamarkadan zuen diskurtsoarekin bat eginda. Industriak erabiltzen zituen estilokako etiketak ez zituzten onartzen. «Gurea ez da gospela, rhythm and bluesa...», zioten, «gurea Great Black Music da». From the Ancien to the Future.

Zer du harrapatzen zaituena?

Musika beltzean, garrantzia interpretazioan dago; hori da alde interesgarrienetako bat niretzat. Originala versus erreala hori. Mendebaldeko tradizio zuriak originaltasuna, autorea hobetsi du. Pop kantari bat da bere kantuak sortu eta kantatzen dituen artista bat. Baina rhythm and bluesetik edo souletik heldu ziren horra, eta horietan ez zeukan garrantzirik. Musika beltzean garrantzitsuena erreala izatea da; transmisore gisa ikusten dute euren burua. 9th Wonder rap ekoizleari entzun nion aurrekoan bera katebegi bat gehiago sentitzen dela. Sanpleatzen du 1940ko blues kantari bat, hip-hopeko gazte bat... Brass band-en eszenak ere ez dauka autore izen baten beharrik. Badituzte tresnak denona dena zaintzeko.

Zein dira estilo ugarien bide horrek utzi dituen mugarriak?

Historiografia errazago egiten da soinua erregistratzen hasten denetik, baina aurretik dator. 1910eko hamarkadan du jazzak jatorria, Louisianan, New Orleansen; 20koan, Harlemgo berpizkundea, jazzaren loraldia, eta New Orleanseko jendea oldeka iparraldera migratzen, Chicagora; 30ekoan, ordura arte gauza bera zen dantzarako eta entzuteko musika banandu egingo da. Rhythm and bluesetik rock-and- rolla sortuko du industria zuriak. Jazzak bere bidea segituko du, minoritarioagoa; 50eko urteetatik aurrera, musikari batzuek arrazakeriaren aurkako jarrera politiko irmoago bat ere hartuko dute.

Orduan hasiko da hedatzen arraza zapalketaren kontzientzia?

Bai. Soulak eta beltzen kausak maila global bat hartzen du lehen aldiz 60ko urteetan. Hortik aurrera berdin gertatuko da beltzen pop estilo guztiekin: funka, disco musika (dudak duda), hip-hopa eta gaur arteko eboluzio guztia. Baina kontuan hartu behar da segregazioa urtzen hasi denerako herritar afro-amerikarrek badaramatela 300 urte esklabotzan. Belaunaldiak eta belaunaldiak dira hori, non amatik alabara pasatu den apenas ez zarela gizakia. Hori ezin dugu ongi ulertu kanpotik.

Zertan da egun musika beltzaren nolabaiteko espiritu hori?

Musika beltzaren eragina inoizko nabarmenena da egun, baina inoiz baino zailagoa da ikuspegi global bat izatea. Kendrick Lamarren adibidea adierazgarria da: kaleko bizitza nahiko bortitz batetik iritsi da izar bat izatera, eta haren mezua geroz eta politikoagoa bihurtu da. Alright kantua ereserki bat bihurtu zen ia Black Lives Matter mugimenduan, Trayvon Martin erail zutenean. Kontzientzia hori beti hor da; beren burua pop kantaritzat izanda ere, jatorria ez dute ahazten.

[youtube]https://youtu.be/2f3M7-B0WUA[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.