MUSIKA. Iraultza robotikoa

2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Chromeo kanadarren lan berria orain arte landu dituzten elektrofunk doinuen jarraipena da. 2007an Fancy Footwork diskoa atera zutenetik, DJ Kicks ekimenerako prestatu zuten bilduma argitaratua zuten. 80ko hamarkada hasierako funk elektronikoa ekarri zuten orduan, beren abestietan horrenbeste entzun daitekeena. Egun italo-disco edo space-disco-aren eragile nagusiak dira, eta erritmo robotikoak lortzen dituzte makinekin eta ahotsaren jokoekin.

Montrealgo bikotea Tiga, Erlend Oye, Dizzee Rascal, Calvin Harris eta gisakoekin lan egiten aritu da urteotan, munduko festa erraldoi eta perfektuenak sortuz. Horren erakusle garbiena dugu Dance with Me abestia. Lan berrian, Hot Mess da linea horri heltzen dion kantua. Don't Turn the Lights On eta You Make Rough ere abesti txukunak dira, baina ez dute aurrekoek bezalako eztanda lortzen. Datu bitxiena Beyonceren ahizpa txikiaren parte-hartzea da, Solange Knowles, When the Night Falls abestian. Disko erritmoetara gerturatzen den kantu honek momentu alaiak ekarri ditu, robotikoak alde batera utzi eta gizakion mundura gerturatuz. Gainera, dantzalekuan entzuteko single perfektua da. Gero, Don't Walk Away kantuak bi zatitan banatzen du lana, amaierarako utziz abesti koloretsuenak: The Right Type eta Grow Up.

Egun ohituta gauden abestien doinu eta egiturak kontuan hartuta, 80ko hamarkadara egiten duten jauzia ez da entzuteko erraza, lehen entzunaldietan ez behintzat. Ahotsarekin sortzen dituzten melodiek, ordea, musika unibertsal bilakatu eta entzulegora gerturatzen dute. Egungo talde modernoetakoa da, momentuko hype-etatik urruti dagoen bakarrenetakoa.



CHROMEO

Diskoa: 'Business Casual'.

Diskoetxea: Atlantic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.