Gor diskoetxeko arduraduna

Patxi Goñi: «Musika interesgarria entzuten genuenean, ezin geldirik geratu»

Patxi Goñik erretiroa hartuko du udazkenean, eta, horrekin batera, Gor diskoetxeak ateak itxiko ditu. Musika editoreak esan du deskonektatzeko gogoa duela, baina oraindik lan handia dagoela egiteko.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Patxi Goñi. IDOIA ZABALETA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Hiru hamarkadaz editatutako diskoak kutxetan gorde ditu Patxi Goñik (Iruñea, 1960). Kutxa horietako batzuk Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxibora bidaliko ditu; besteak, egileen etxera. Gor diskoetxearen ibilbidea udazkenean amaituko da, Patxi Goñi arduradunaren erretiroarekin batera. Marino Goñirekin eta Antonio Goñirekin batera abiatutako zigiluan 280 bat lan argitaratu dira: Kortatu, Hertzainak eta Barricada taldeenak, besteak beste. Erretiroa hartu baino lehen, Goñik badu nahikoa lan: enpresa ixtea eta diskoak banatzea.

Hirurak Soñua eta Oihuka zigiluetan egon zineten. Zergatik erabaki zenuten Gor sortzea?

Marino Goñiri okurritu zitzaion Soñuan rock musika argitaratzea, eta Motos gure taldearen single bat argitaratu genuen. Jarraian, Barricada izeneko talde bat etorri zen guregana; aspaldiko lagunak. Bi disko egin genituen haiekin. Gero, La Polla Records etorri zen: estudioko atea jo zuten, single bat grabatzeko asmoz. Soñuan eta Oihukan egon ondoren, gure enpresa muntatzea erabaki genuen 1990eko maiatzaren 1ean: Gor.

Artistek zer-nolako ezaugarriak izan behar zituzten?

Originalak eta benetakoak izatea. Hala ere, benetako hitza gehiegi erabili da, eta guztiz galdu du esanahia. Abestien hitzak barregarriak izatea gustatzen zitzaigun, batez ere. Talde batek bere lehendabiziko diskoa grabatzen duenean, ez da oso trebea, baina, hitzak xelebreak badira, gabezia horiek orekatzen dira.

Euskal Herriko taldeekin bakarrik lan egin nahi zenuten?

Ez. Musika interesgarria entzuten genuenean, ezin geldirik geratu. Chumbawamba taldearekin lan egin genuen, adibidez. Londresera joan ginen haien disko bat hemen editatzeko asmoz. Ondoren, abeslarietako bat Iruñera etorri zen, eta, egun horretan Korrika igaro zenez, Arrotxapera eraman genuen; txundituta geratu zen.

Beti adi-adi egon beharra dago musika berriaren zain?

Bai. Marino Goñi eta Antonio Goñi duela urte batzuk erretiratu ziren, eta talde berriak gomendatzen dizkidate oraindik. Hala ere, gaur egungo talde askok ez dute diskoetxe batera etorri nahi: oso komertziala iruditzen zaie. Orain, autoedizioa da nagusi; talde askok beren lana grabatu, editatu eta banatzen dute.

Musika editore baten rola aldatu da, beraz?

Bai. Dibertsifikatuta dago. Diskoak ekoizteaz gain, kontzertuak antolatu behar ditu, manager lanak egin: denetarik. Ez dakit etorkizuna nolakoa izango den; kristalezko bola etxean utzi dut.

Diskoetxea ixtean, deskonektatzeko gai izango zara?

Deskonektatzen saiatuko naiz, baina zaila da. Baliagarria da hemengoarekin zerikusirik ez duen musika entzutea. Beste hizkuntza batzuk bilatzen ditut: georgiera, adibidez. Georgiarrak musikazale amorratuak dira, eta estilo guztietako musika egiten dute. Oso talde dibertigarriak aurkitu ditut.

Lekukoa hartuko duen ondorengorik ez?

Ez. Ondorengo baten bila egon ginen, baina ez dugu pertsona egokia aurkitu. Uste dut oso zaila dela gure lanbidea eskualdatzea; hemen ordu asko sartzen dituzu, eta lauzpabost lan ditugu aldi berean: banatzaileak, managerrak eta editoreak gara. Gainera, lanbideak gorabeherak ditu.

Nolakoak izan dira diskoetxearen gorabeherak?

Garai eroak izan ditugu. 1980-1990eko tartea izugarria izan zen, izan genuen arrakastagatik. Gero, 2008ko krisiarekin, gauzak aldatu behar izan genituen; denboraldi gogorra izan zen. Musika digitalaren sorrera ikusi, eta horretara egokitu behar izan genuen.

Nola bizi izan dituzu musika kontsumoaren aldaketak?

Kezkaz, eta poliki-poliki. CDen hasiera bizi izan genuen, adibidez. Gainera, talde euskaldunak aurreratu egin ziren, eta haiek saltzen zuten CD gehien: Durangoko Azokara eraman, eta berehala saltzen ziren.

Aurten, bezero gisa joango zara Durangoko Azokara?

Aurten, oporrak hartuko ditut. 1983an joan nintzen lehendabiziko aldiz Durangoko Azokara. Azokaren bilakaera osoa ikusi dut: hasieran, itoginak zeuden, eta, orain, jacuzzi batera joatea bezala da. Azokak beti markatu du Euskal Herriko musikaren egutegia, eta asko lagundu digute.

Gor itxi baino lehen, baduzu proiekturen bat esku artean?

Gutxienekoa editatzen dut. Paketeak postaz bidaltzen ditut, eta webgunea mantentzen dut. Enpresa bat desmuntatzea muntatzea baino zailagoa da; hori esan izan da beti, eta orain egiaztatu dut.

Itxiera ospatzeko ekitaldiren bat antolatuko duzue?

Ez dakit. Ez dugu ezer berezirik pentsatu. Badakit gauza bat antolatzen ari direla; zurrumurruak entzun ditut, baina sekretua dela esan didate.

Lanbideari dagokionez, zeren falta sumatuko duzu?

Jendearen sormena ezagutzearena. Artistek askotan modu pribatuan egiten dute sormen prozesua, eta hori ikustea pribilegio bat izan da niretzat. Beti irakasteko prest egon den jendea izan dut inguruan. Egun hauetan, artista askorekin egon naiz; polita da hainbeste urteren ondoren haiekin harremana izatea oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.