Jose Luis Ansorena. Musikografoa

«Musika ikasten tematzen denak izaera finagoa bereganatzen du»

Abesbatza sortzaile eta zuzendaria, konpositore «mugatua», organo jotzailea, Eresbilen bultzatzailea... Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman berri dio, musikaren inguruan urteetan egindako lanagatik.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Errenteria
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Donostian bizi da, fraide kaputxinoen komentuan, Okendon. Astelehenetik ostiralera, baina, «asteazkenetan izan ezik», Jose Luis Ansorena (Donostia, 1928) Errenteriara, Eresbil Euskal Musikaren Artxibora joaten da goizero. «Iaz arte, azken urteotan, [Resurreccion Maria] Azkueren 1.000 melodia baino gehiago digitalizatzen ibili naiz hemen. Antza, funts bat egin nahi dute Interneten...». Asteazkenetan, berriz, Urbasara. «Izotza edo elurra egin, berdin du. A zer-nolako astinduak hartu ditudan Euskal Herriko mendietan!». Mantsoago dabil orain. «Artrosia daukat bi belaunetan....». Goiza denez, osteguna denez, Eresbilen dago. Bere etxean. Orain 38 urte berak sortutako artxiboan. Karpetaz beteta dauka mahaia. Armairu bat ireki du. «Gauza zaharrak biltzen nabil. Gainera, Lorenzo Ondarra zenari buruzko artikulu bat egin beharra daukat Txistulari aldizkariarentzako». Artikuluak ere idazten ditu, musikaren bueltan beti.

Musika heziketa hobea jaso ez izanaren pena duzula esan zenuen orain urte batzuk. Eskerrak, musikaren inguruan lan mordoa egin baituzu heziketa hori falta izanik ere...

Bai, hala dela uste dut. Hasieran, hitzeman zidaten Erromara bidaliko nindutela musika ikastera. Hori gertatu izan balitz, musika gehiago konposatuko nukeen seguruenik, baina zaude ziur ez nituzkeela beste lan horiek guztiak egingo. Zenbait gauza konposatu ditut neure kabuz, baina neure burua ez daukat konpositoretzat. Esan dezaket, hori bai, musikografoa banaizela, musikaz asko idatzi baitut. Abesbatzak ere sortu nituen, Musikaste jaialdia, Eresbil artxiboa... Oso gustura nago egindakoarekin...

Aipatutako pena hori sentitzen duzu, ordea...

Bai, bai... Gero, 1960ko hamarkadan, Zaragozara bidali nindutenean, saiatu nintzen hango kontserbatorioan ikasten... Umetan Donostiakoan ibili nintzen... Zaragozan ikasketekin jarraitu nahi izan nuen, bai, baina arazo ugari zituen etxe erraldoi bateko kudeatzaile izendatu ninduten, eta ikasketak alboratu behar izan nituen. Eta Errenteriara etorritakoan ere [1966an], Francisco Eskuderorekin ikasteko ahalegina egin nuen, baina ordutegiek ez zuten bat egiten nire zereginekin. Orduan ere ilusio hori alboratu behar izan nuen... Hortaz, egia da, ia-ia musika analfabetotzat daukat nire burua.

Zaragozan, Errenterian... Baina urte batzuk lehenago, Altsasuko kaputxinoen apaiztegian zeundenean, Erromara bidaliko zintuztela hitzeman zizuten. Zergatik ez zen hala izan?

Nirekin inolako zerikusirik ez zeukan gorabehera estrainio bat gertatu zen. Iruñean bazen haur kantarien talde bat, Carlos de Espinal izeneko erlijioso batek zuzentzen zuena. Ez dakit zer gertatu zen harekin, eta Lekarozera [Nafarroa] bidali zuten. Zera esan zidaten: «Aizu, beste inor ez daukagu, eta zuk joan beharko duzu hura ordezkatzera. Ea hurrengo urtean Erromara joaten zaren». Hortaz, urte hartan Erromara ez joatera etsi nuen. Hurrengo urtean ere Erromara joateko ideiarekin joan nintzaien, baina erantzuten zidaten artean ez zela posible. Beraz, etsita, Iruñeko San Antonio haur kantarien taldearekin jarraitu nuen lanean, buru-belarri, Erromakoa ahaztuta.

Ezin Erromara joan, beraz. Eta noiz edo non nabaritu izan duzu musika heziketaren gabezia zenuela?

Konposatzeko orduan, batez ere. Gauza batzuk konposatu ditut, baina oso errazak direnak. Ez naiz gai, ordea, obra handi bat osatzeko: sonatak, sinfoniak... Ezgauza naiz, erabat. Egin ditut, batez ere, antifona erlijiosoak liturgia kristaurako zuzendutakoak, eta arlo horretan moldatu ahal izan naiz, baina beste musika mota batean, ezin.

Txistuaren bidez eduki zenuen lehen harremana musikarekin. Izan ere, zure aita Donostiako Txistularien Udal Bandako zuzendaria zen. Gizon erlijiosoa zen hura ere, baina kaputxinoa izan nahi zenuela esan zenionean, gogo txarrez hartu zuen zure erabakia.

[Barreak] Egia da, disgustu handia hartu zuen. Pentsatzen zuen nik ordezkatuko nuela udal bandan; horrekin amets egiten zuen. Nik neure kabuz hartzen nuen txistua, eta jo egiten nuen hari ezer esan gabe, baina bazekien, atzetik ibiltzen zitzaidalako. Baina kaputxino izan nahi nuela esan nion momentuan, haren proiektu guztiak hankaz gora erori ziren bat-batean...

Zein instrumentu jotzen dituzu?

Batez ere pianoa eta organoa jo izan ditut. Organo elektronikoa, tradizionala... Ahal dudana egin izan dut, teklak jotzen formazio handia ez dudan arren. Beltran Pagolak, Donostiako kontserbatorioan nire irakaslea izan zenak, behin ikasteari utzi nionean nigatik galdetu zion aitari. Erantzun zion fraide joan behar nuela eta latina ikasten ari nintzela ero baten moduan. «Ona zetorren, ba!», esan zion Pagolak.

Azkenean, fraide. Kaputxinoa. Beste ordenaren batean sartzea pentsatu al zenuen inoiz?

Ba, ez... Beti eduki nuen gogoa kaputxino izateko. Apaiztegian nenbilenean, eta zenbait kidek ikasketak uzten zituztela ikusten nuenean, disgustu handia hartzen nuen. Pentsatzen bainuen ez zegoela kaputxinoen ordenako kide izatea baino gauza hoberik.

Eta 70 urteren ondoren gauza bera pentsatzen al duzu?

Bai. Kaputxinoa naiz beste edozeren gainetik. Goizetan Eresbil-era etortzen naiz, baina arratsaldetan Okendora [Kaputxinoen Donostiako komentuan] joaten naiz, aitorlekura, meza ematera.

Kaputxinoek musikarako zeneukan zaletasuna hauspotzen al zuten?

Ez dakit zergatik, baina apaiztegiko bi irakaslek estimu handia zidaten. Haiek bultzatzen ninduten pianoa ikastera. Nire mailako abesbatzako zuzendari izendatu ninduten bigarren urtean, eta hala jarraitu nuen apaiz bihurtu arte. Gainekoek berezko dohain batzuk ikusten zituzten nigan, eta horregatik zeukaten ni Erromara bidaltzeko ideia, hori gauzatu ez zen arren... [arbuio keinua egin du]... Azkenean ez zuten hitzemandakoa bete, eta asko tristetu nintzen.

Erromara ez, baina 14 urterekin Altsasura joatea bera drama handia izan zen Donostiako Hernaniko kaleko 6. zenbakian, zure etxean... Zu pozik apaiztegian sartzeagatik. Baina ba al zenuen etxean utzitako tristeziaren berri?

Bederatzi anai-arreba eta gurasoak ginen, eta elkar asko maite genuen. Ni, igual, ez nintzen kontziente, baina arrebek asko maite ninduten, eta negar egiten zuten han ez nengoelako...

Zenbatean behin ikusten zenituen?

Apaiz bihurtu arte apaiztegian pasatako 11 urteetan inoiz ez nintzen etxera itzuli. Inoiz ez. Familia joaten zitzaidan bisitan, baina tira, badakit haientzat mingarria zela...

Handik urte batzuetara, 1966an, Errenteriara heldu zinen. Andra Mari abesbatza sortu zenuen, baina zuk zeuk esan duzu horren helburua ez zela musika bere soilean. Zure ustez, «musikak eraldatu egiten du, eta jaso, fededun izan ala ez»?

Nire aitaren teoria da. Hark esaten zuen gazte guztiek ikasi beharko luketela musika, haien heziketaren oinarrizko atal gisa. Ni ere ahalegindu nintzen inguratzen nindutenen buruan musikarekin sentitzen nuen zaletasuna sartzen. Jendea abesbatzan kantatzera bultzatzen nuen, baina alderdi horretan oso zorrotza nintzen. Alegia, ezin nuen abesbatzarako edonor onartu. Hautatuek dohain batzuk eduki behar zituzten. Horregatik, pianoan garai hartako pieza bat jotzen nuen, etaabesbatzaren kide izan nahi zutenei egiten nien ahotsaren eta entzumenaren azterketa bat.

Eta musika ikasteak zein balio transmititzen dizkio pertsonari?

Hasteko, musika arte guztiz fina da. Eta musika ikasten tematzen denak, konturatu gabe ere izaera finagoa bereganatzen du, gizatiarragoa. Gero etorri izan dira mugimendu modernoak... Kontua ez da ados ez nagoela, baina ez dut bat egiten, esaterako, rockarekin. Hori, jada, ez da hain fina... Hori jada ez da gizakia fin hezteko modukoa... Beste gauza bat da arrakasta handia duela, milaka pertsona erakartzen dituela... Niretzat, benetako zoritxarra da.

Zer da benetako zoritxarra?

Rockarekin dagoen zaletasun ero hori. Zergatik ez dago beste arte fin batzuekiko horrenbeste zaletasuna? Pintura, literatura... Ez, ez, rockarekin bakarrik! Milaka eta milaka pertsona hor... Zer egingo diogu, ba!

Zergatik gertatzen da, zure ustez?

Ez naiz kapaza sakon aztertzeko... Dena dela, irakurri izan dut gazteriak, jaso dituen engainuei aurre egiteko, barrenak hor, rockean, husten dituela. Baina ez dakit...

Zure ibilbidean beste mugarri bat Eresbil da. Nolatan bururatu zitzaizun martxan jartzea? Zerk bultzatu zintuen?

Eresbil 1974an sortu genuen, eta 1973an Musikaste-rekin hasi ginen. Konturatu ginen urtero aste beteko musika jaialdi bat antolatu behar bagenuen, ezinezkoa zela hori egitea euskal konpositoreen piezen partituren funts handi bat eduki gabe.

Eta partitura horiek bilatzen, biltzen hasi zinen.

Bai, hori zen nire egitekoa. Seat 600 auto bat utzi zidaten, eta partitura horien bila abiatu nintzen baseliza, komentu, erakunde eta bestetara. Toki horietan euskal konpositore asko deskubritu nituen. Partitura horien fotokopiekin-eta, 1974ko ekainetik irailera 300 bat euskal konpositoreren partiturak bildu nituen.

38 urteren ondoren, eraikin dotore bat daukazue, eta artxibo bikain bat bildu duzue. Zer sentitzen duzu hori lortu duzuela ikusita?

Hasiera batean Errenteriako kaputxinoen komunitatean biltzen nituen partiturak. Baina txikia zen lokala. Orduko alkateak, Miguel Buenek, asko lagundu gintuen; tira, ondorengoek ere bai. Garai hartan Niessen fabrika handia zegoen hemen, baina itxi egin zuten. Buenek esan zuen Niessen-eko orubea Errenteriako kultur etxea bihurtu beharra geneukala. Auditorioa egingo zela, kontserbatorioa, eta baita Eresbilen egoitza ere. Lau solairutakoa! Behekoari purgatorioa deitzen diogu. Jendeak ekartzen ditu aitona-amonen-eta partiturak, ez baitakite haiekin zer egin.

Eresbileko artxibora etortzen zara egunero, eta zeure burua musikografotzat daukazu. Abesbatzen zuzendaria ere izan zara, artikulu eta liburu egilea, organo jotzailea... Horietako zereginen batean bestean baino erosoago sentitzen al zara? Edo ideia baten inguruan denak zaizkizu bateragarriak?

Orain, organo jotzaile bezala, ez daukat lehengo maila. Artrosia daukat belaunetan, eta dardarizoa esku batean... Baina ordenagailuari esker, artikulugintza garatu ahal izan dut [armairua ireki du, eta karpeta batzuk atera ditu. Han dauzka artikuluak ordenatuta].

Idazten sentitzen zara gustura, musikaz idazten. Zuretzako «terapeutikoa» da musika.

Musika, dudarik gabe, terapeutikoa da. Musika entzuten dut ia-ia uneoro. Etxean musika aparailu on bat daukat, eta disko eta CD asko pilatuta. Musika klasikoa entzuten dut, Johann Sebastian Bach edota Richard Wagner, esaterako, musika garaikidea ere bai...

Eta orain, 84 urterekin, zer geratzen zaizu egiteko?

Orain enkarguen zain egoten naiz, bestela ez daukat originaltasunik gauza berriak egiteko. Apenas idazten dudan nire ekimenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.