Marta Zabaleta. Pianista

«Musika ikasketen maila izugarri igo da Euskal Herrian»

Musika Hamabostaldiko Ganbera Zikloari amaiera emango dion kontzertuan izango da gaur Zabaleta, San Telmoko klaustroan. Bera pianoan arituko da, eta Nataxa Txitx, berriz, biolan.

MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Donostia
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
XIX. eta XX. mendeetako bost konpositore entzutetsuren obrak joko dituzte Marta Zabaletak (pianoa) eta Nataxa Txitxek (biola) gaur 20:30ean, San Telmo museoko klaustroan, Donostiako Musika Hamabostaldian. Besteak beste, Arvo Parten, Johannes Brahmsen eta Cesar Francken lanak izango dira entzungai Ganbera Zikloari amaiera emango dion ikuskizunean.

Nolakoa izango da gaurko kontzertua?

Oso ederra izango da. Biola jotzen duen lagun batekin arituko naiz, Nataxa Txitxekin, eta biolaren soinua izugarri gustatzen zait. Biolinaren eta biolontxeloaren arteko tesitura du, eta soinua oso adierazgarria da. Biolinarentzat idatzita dauden bi obra aukeratu ditugu, eta Nataxak biolarako egokitu ditu gero. Gainontzekoak biolarekin jotzekoak dira: XIX. mendeko Brahmsen eta Cesar Francken lanak joko ditugu. Part, Hersant eta Garcia Ascot, berriz, XX. mendekoak dira. Azken horri omenaldi txiki bat egingo diogu. Obrak ez dira oso luzeak: hamar minutuko lau obra motz eta Cesar Francken 30 minutuko sonata.

Nola aukeratu dituzu obrak?

Bion artean aukeratu ditugu. Brahmsekin hasi nahi genuen, oso sutsua baita haren Scherzo obra. Sarrera moduan egokia da, erritmo handia baitu, eta pasioz idatzita dago, gainera. Publikoaren atentzioa lortzeko obra da; horrekin hasita, besteak errazago entzuten dira. Hiru konpositorek egindako sonata baten zati bat da: Dietrichek, Schumannek eta Brahmsek idatzi zuten.

Parten eta Hersanden obrak Nataxak aukeratu ditu. Bi konpositoreak oso mistikoak dira, Part batez ere. Horrek 1977an idatzitako Fratres obra joko dugu, eta kontzertuko giroa aldatuko du erabat. Oso obra espirituala da. Irudia dauka haren musikak; zerbait ikusten dut entzuten dudanean. Obra lasaia da, baina kontraste handikoa.

Zer moduz egin duzu lan Nataxa Txitxekin?

Ez da berarekin jotzen dudan lehenengo aldia. Madrilen, adibidez, Brahms eta Schuman jo genituen. Norbaitekin jotzen baduzu, funtsezkoa da musikalki hizkuntza bera hitz egitea. Entseatzen dugunean, gauza beraren atzetik goaz biok. Giro ona izatea eta bakoitzaren iritzia errespetatzea beharrezkoa da.

Zer esan nahi du zuretzat Musika Hamabostaldian aritzeak?

Poza. Bakarlari gisa, ganberako musika egiten eta orkestran ere aritu naiz jaialdian. Lehenengo aldiz 18 urte nituela izan nintzen. Jaialdiaren aberastasunaren erakusle da hau, ziklo asko baitauzka. Pianistok errepertorio zabaladugu, eta Hamabostaldian denetik jotzea gustatzen zait.

San Telmoko klaustroan izango da kontzertua; jo al duzu lehenago bertan?

Duela urte batzuk, elizan jo nuen. Klaustroan lagunek egindako kontzertu batzuk ikusi ditut, eta oso ondo entzuten da. Oso soinu ederra sortzen da, eta giroa ere baketsua da. Klaustroa ederra da.

Zure ibilbideari erreparatuta, orkestra sinfoniko askorekin jo duzu. Zer eman dizu hainbat orkestrekin aritzeak?

Orkestra baten aurrean egotea beti da ardura handia. Pianoarekin zein orkestrarekin jotzeko kontzertuak oso ondo idatzita egon ohi dira. Orkestraren zeregina da, nolabait, harmonikoki izara bat ematea eta niri laguntzea. Ganberako musika egin dudanean, aspertu arte entseatzeko aukera izan dugu. Orkestrekin, berriz, ez da posible, eta prest egon behar duzu bi saiotan dena elkartzeko eta moldatzeko.

Musikeneko irakaslea eta Bartzelonako Marshall akademiako zuzendaria zara. Garrantzitsua al da hurrengo belaunaldiei musika irakastea?

Asko gustatzen zait ikasleek eskatutako aholkuak ematea, teknika berriak erakustea, musikaren esplikazio berri bat ematea edota partitura berri bat ezagutaraztea. Horrela, ikasleek askatasun handiagoa dute, baina betiere eskaera batekin. Harremana zoragarria da. Ez dago desberdintasun handirik kontzertu batera irten eta zure lana jende guztiarekin partekatzearen edo ikasle gazte bati eskola ematearen artean. Niri irakastea asko gustatzen zait, eta ez nuke inoiz utziko.

Zer presentzia du pianoak goi mailako musika ikasketetan?

Presentzia handia du. Musikeneko zerrendetan jende asko geratzen da kanpoan, zoritxarrez. Pianoa polifonikoa eta ikasteko beste instrumentu batzuk baino errazagoa denez, gazte askori interesatzen zaio. Azken urteetan, gainera, Euskal Herrian musika ikasketen maila izugarri igo da.

Nolako eragina izan du pandemiak zure proiektuetan?

Bertan behera geratu dira kontzertu asko, eta beste batzuk atzeratu egin dira. Irailean eta urrian emango ditut ekainean egin behar nituen kontzertuak. Gehienak Espainian izango dira. Parisera ere banoa irailean. Sydneyra [Australia] joatekoa nintzen, eta ez dakit azkenean noiz egingo den hango emanaldia. Nik ere ez dut bidaia handirik egin nahi; nahiago dut etxetik gertu egon.

Kontzertuez gain, diskoak ere grabatu dituzu. Ba al duzu disko berririk ateratzeko asmorik?

Diskoaren inguruan badauzkat zenbait ideia. Zerbait berezia egin nahi nuke, eta ondo pentsatu behar dut. Disko batekin nolabait ere hor uzten duzu zure lana. Zuzeneko kontzertuak Madrilen, Parisen eta Valentzian ditut, adibidez; Madrilen, Asier Polorekin joko dut ganberako kontzertu bat. Portugalen ere emanaldi bat daukat. Nire eskolekin ere jarraituko dut. Oraingoz, gauza asko baldintzatuta daude. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.