Kritika. Musika

Musika hauspotu eta ospatzeko beharrak

Marta Garcia
2025eko urtarrilaren 4a
05:05
Entzun

EUSKAL HERRIKO GAZTE ORKESTRa

 

Zuzendari gonbidatua: Iker Sanchez-Silva. Narratzailea: Kepa Errasti. Egitaraua: B. Brittenen Gazteentzako orkestra gida,op. 34 eta L. V. Beethovenen 7. sinfonia. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: urtarrilaren 2a.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak «argia eta alaitasuna darion programa» eskaini nahi izan du neguko topaketan, urtaro hotzak ekar lezakeen iluntasunari eta tristeziari aurre egiteko asmoarekin.

Benjamin Brittenen Gazteentzako orkestra gida inoiz idatzi den obra didaktiko finenetarikoa dela esan daiteke. Jatorrian heziketarako film dokumental baterako enkargua izan bazen ere, azkenik orkestra-obra gisa osatu zen, baina izaera pedagogikoa galdu gabe. Brittenek honela garatzen du: Henry Purcell konpositore ingelesaren Abdelazer obratik melodia bat hartu eta orkestrako sekzio eta instrumentu guztiei ematen die, eta hura moldatu eta antzaldatu egiten du bariazio askotarikoak sortuz eta instrumentuen berariazko tinbreak nabarmenduz. Entzumena trebatzeko obra bikaina da, betiere ondo gidatzen bada, eta esan behar dut hemen egon zela hanka-sartzerik sakonena. EGOren proposamenak, Errastiren ahots bizian, instrumentuak festa egiteko biltzen den familia bateko kideekin parekatu zituen. Hala, guztiz saihesgarriak bezain desegokiak diren topiko eta klixez bete zen aurkezpena: kontrabaxuak, jakinduriaren ahots baxua omen den aitona; biolinak, soprano ahotsarekin «beti gauza beraz hitz egiten duten» izebak; harpa, lehengusuaren neska-lagun berria, «guztiok txunditu gaituena»; metalak, azken hitza izan nahi duten osabak; zuzendaria, familia osoa gobernatzen duen amona. Hau ez da espazioa horrek guztiak genero ikuspegitik dituen inplikazioak azaltzeko. Labur: ez dio onik egiten ez obrari, ez musikariei, ez familiei, ez entzuleei.

Bigarren zatian musika jarri zen erdigunean, eta gazteen lanaz gozatzeko aukera bilakatu zen aise, baita Sanchez-Silvaren esku zehatzak estimatzeko ere, tempoak ihes egiten zuenean azkar batean berreskuratzen baitzuten. Allegretto-an hariek dinamikak zabaldu ahal izan zituzten, zurezko haizeek soinu samurra oparitu zuten une oro, metalak nahiko fin aritu ziren eta perkusioa doi. Hori bai ospakizuna, musika ona eta zentzuzko lana oinarri direnean bermatzen baita festa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.