Olafur Arnalds. Musikaria

«Musika generoak hilda daude»

Soinu bandetarako egindako lanek eraman zuten Arnaldsen musika minimalista mundura, baina, dioenez, Islandiako eszenari zor dio generoak eta lan tresnak aurreiritzi handirik gabe uztartzeko joera. Abenduaren 12an izango da Bilboko Arriaga antzokian.

MAXIMILIAN KOENIG.
Inigo Astiz
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ezinbestez agertu da ibaiaren metafora solasaldiaren erdialdera. Gaur egun, nazioartean konpositore eta musikari ezaguna da Olafur Arnalds (Mosfellsbaer, Islandia, 1986), eta erraz errekonozitzeko modukoa da musika klasikoa eta musika elektroniko garaikidea uztartzen dituen haren proposamen minimalista malenkoniatsua. Errekastoenmoduan, sigi-saga egin du horrainoko bidea, ordea. Hardcore eta metal taldeetan bateria jotzen hasi zuen ibilbidea, egin zizkien intro eta outro bat Alemaniako Heaven Shall Burn metal taldekoei, entzun zituen abestiak diskoetxeko norbaitek, egin zioten mota horretako konposizio gehiago sortzeko proposamena, hasi zen soinu bandetarako musika ere sortzen, eta, besteak beste, Broadchurch telesailarentzat egindako lanari esker hedatu zen haren lana mundura 2010eko hamarkada erdialdean. 2020an kaleratu zuen Some Kind of Peace, bere seigarren estudioko diskoa, eta hura aurkezten izango da abenduaren 12an Bilbon. Bideo dei bidez aritu da BERRIArekin hizketan, Islandiako bere estudiotik.

Bira amaierako kontzertuetako bat izango da Bilbokoa. Zaren bezain ipurterrea izanik, hasi al zara kantez nekatzen?

Jarraitu nezake birarekin. Asko kostatzen da halako emanaldi bat prestatzea, argiak eta beste hamaika detaile zaindu behar direlako. Lehen emanalditik ongi joan da hau, baina uste dut 50. kontzertuaren bueltan heldu garela gailurrera. Jadanik ez dut egun osoa eman behar lanean, saioa ongi atera dadin. Arratsaldean agertokira igo, eta dena dago behar den lekuan. Eta, behin horra iritsitakoan, agian, geratzea da onena.

Dena kontrolpean izatea maite duzula dio azken diskoari buruzko promozio orriak. Hitz handiak erabili ohi dira halakoetan...

Bai, hala izaten da.

Baina bitxia da. 2009an zazpi egunez, egunero kanta bat sortu, grabatu eta sareratu zenuen, gero guztiak Found Songs diskoan sartzeko, eta metodo berarekin osatu zenuen 2011n Living Room Songs diskoa. Islandiako zazpi lekutan, zazpi astez zazpi sortzailerekin konposatu zenituen Island Songs diskorako kantak, leku bakoitzeko sortzaile bakoitzarekin bana, eta zure pianoarekiko erreakzioz notak txertatzen zituen software propio bat sortu zenuen Re: member diskorako 2018an. Kontrol egarri hori hackeatzeko modu bat izan daitezke horiek?

Izan daiteke halako zerbait. Oso interesgarria iruditu zait beti sorkuntza prozesua nola manipuladezakegun aztertzea. Egun bakoitzean abesti bat sortzeko proiektu horiek, esaterako, nire perfekzionismoa hackeatzeko modu bat izan ziren. Denbora gehiegi ematen nuen kanta bakoitzean, eta soka hori eten, eta zerbait sortu eta zuzenean plazaratzeko modu bat izan zen. Oso sentsazio ona utzi zidan horrek. Eta pianoak beren kasa txertatzeko sortutako software hori neure eskuak hackeatzeko modu bat izen zen: memoria muskularra erauzi nuen prozesutik. Gustuko ditut halakoak; bestela izango ez nituzkeen ideiak pizten dizkidate.

Era berean, sorkuntzari halako baldintzak ezarriz, irudi luke musika gertatu egin behar den zerbait dela zuretzat. Gertakari moduko bat dela sorkuntza.

Ez dut sekula sinetsi inspirazioan. Ez, behintzat, tradizionalki ulertu izan den moduan. Zugana etortzen diren kantei buruzko klixe hori, erabat inspiratuta zaudelako eta abar... Ez dut sekula sinetsi hori. Batzuetan nik neuk ere sentitzen dut kantak nigana etortzen direla, baina benetan gertatu dena ez da hori, prozesu baten parte da, aktiboki egin behar izan dudan zerbait. Ez da une batean gertatzen. Guk definitzen dugu kanta bat zer den, baina prozesua etengabe gertatuz doan zerbait da, eta, gero, etengabe gertatuz doan horretatik puskatxoak hartuz goaz, eta kanta deitzen ditugu, baina sorkuntza prozesua da lerro bat, gertatuz doana.

Ibai baten moduan?

Ibai baten moduan. Hor doa, etengabe, eta harritxoak hartzen ditugu handik. Baina etengabe mantendu behar dugu jarioan, ez duelako bere kasa bakarrik jarraitzen.

Aurreiritzi handirik gabe nahasten dituzu bateko zein besteko joerak zure kantetan. Zer iritzi duzu musika generoei buruz?

Generoak hilda daude. Niretzat,erabat hilda dago, eta, esango nuke, orokorrean ere, hiltzen ari dela. Ez ditugu behar. Musika jadanik ez dugu horren arabera entzuten. Spotify eta bestelakoek ere jadanik ez dute musika generoka antolatzen.

Gogaldiaren arabera antolatzen dute proposamena. «Triste zaudenerako kantak», eta halakoak erabiltzen dituzte.

Noski, horrek ere arazo asko sortzen dizkit, baina, hala eta guztiz ere, uste dut musika sailkatzeko modu hobea dela. Musikak zer sentiarazten digun hartzen du kontuan, eta zer egoeratan egon nahi dugun. Algoritmoak sortzen dituen playlist horiek mainstream-arentzako marketina baino ez dira, eta oso kitsch dira, «kafetegirako kantak», edo «euria egiten duenerako», baina beti pentsatu dut musika gogoaldiari lotuta dagoela, eta gehiago interesatzen zait niri eragiten didanaz aritzea, existitzen ez den kutxa itxi batean sartzen saiatzea baino.

Aipatu izan duzu inoiz Islandiako eszenak ere eragin duela musika ulertzeko modu horretan. Musikarien arteko harremana oso bizia delako, eta interes ezberdinak izanik ere asko lagunak zaretelako.

Besteak beste, horregatik izan da Islandia hain arragoa ona kreatibitatearentzat. Hemen sekula ez dugu generoekiko kezka handirik izan. Komunitateak sortzearekin lotuago egon da hemengo eszena.

Munduan zabiltza orain. Segitzen duzu eszena horri lotuta?

Ez dut hainbeste lanik egiten hemen, eta ez nago hain lotuta. Ez dut uste hemengo eszenaren parte naizenik, baina banaiz hemengo komunitatearen parte. Antzera pentsatzen dugun hainbat jenderekin egiten dut lan. Hemengo lagun asko ari dira zinemarako gidoigintzan edo musika indie tristea sortzen, egun euritsuetarako [barreak].

Zinemagintza aipatu duzu. Musikaren industria erori, eta soinu bandei esker lortu duzu zuk nazioarteko hedapena. Soinu bandak dira akaso CD berria?

Ez nintzen hasi soinu bandak sortzen, baina 2013an, 2014an eta 2015ean oso proiektu arrakastatsuen parte izan nintzen, eta entzule berri askorengana heldu nintzen. Spotify egun den bezain handi bilakatu aurretik izan zen hori. CDa hil zen, baina ez genuen haren ordezko egokirik, eta oso lagungarri egin zitzaidan alor hori, baina ez nioke inori gomendatuko soinu bandena bere musika zabaltzeko estrategiatzat erabiltzea: sekulako lana da.

2020an kaleratu zenuen Some Kind of Peace diskoa, eta haren pianorako berrinterpretazioak biltzen dituen diskoa kaleratu duzu orain: Some Kind of Peace. Piano Re-Works. Noiz bukatzen da abesti bat?

Abestiak ez dira sekula amaitzen. Fotoa zer puntutan aterako diezun, horixe bakarrik aukeratu dezakezu. Estudioan etengabe aritzen naiz lanean, eta uneren batean pentsatzen dut zerbait gustatzen zaidala, eta niri une horretan zerbait esaten didala, eta, klik!, fotoa ateratzen diot orduan, eta hala joaten da diskora. Baina horren ondoren kantek jarraitu egiten dute beren bidea. Zuzenekoetan ere, eman dezagun, emanaldi bakoitzean gauza txiki bakar bat egiten dudala ezberdin, ehun saioren ondoren, kasik beste kanta bat da jadanik.

Eta hori egiten duzu?

Horixe gertatzen da, bai. Ez da aurrez erabakitako ezer, baina entzuten badituzu disko zaharretako kantak, kontzertuan erabat ezberdin entzungo dituzu. Hori da zuzeneko musika, zaudenlekura moldatu behar dituzu kantak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.