Musika

Musika garaikidearen soinu berriak entzungo dira Bernaola zikloan, urriaren 26tik otsailaren 1era

Musika garaikidearen nazioarteko jaialdiaren 21. aldia egingo dute Gasteizen, Araian eta Bilbon. Hamahiru kontzertu emango dituzte, horietako batzuk dantza eta teknologia berriekin uztartuta.

Quartetto Maurice taldea. BERRIA
Quartetto Maurice taldea. BERRIA
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko urriaren 9a
15:49
Entzun

Musika garaikidearen soinu berriak entzungai izango dira beste behin Bernaola zikloan. Urriaren 26tik otsailaren 1era egingo dute jaialdiaren 21. aldia, eta, denera, hamahiru kontzertu emango dituzte; gehienak Gasteizen izango dira, baina Araiara (Araba) eta Bilbora ere zabalduko dute egitaraua.

Nazioarteko konpositoreen, interpreteen eta publikoaren arteko topagune izango dira kontzertuak, eta doan emango dituzte. Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Kultura zinegotziak jakinarazi du nazioarteko «lehen mailako» artistak izango direla jaialdian. Italia, Japonia eta Thailandiakoak egongo dira, besteak beste, baina Euskal Herriko sortzaileak ere ez dira faltako. Aurreko aldietako formatuari eutsi egingo diote oraingoan ere, musika dantzarekin eta teknologia berriekin uztartuta.

Gasteizen egingo dituzten kontzertu gehienak Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango dira. Ensemble Kuraia taldeak irekiko du zikloa, hilaren 26an, eta kontserbatorioan egingo du emanaldia. Azaroaren 9an, berriz, dantzak protagonismoa hartuko du Artium museoan, Guillermo Weickert eta Zuriñe Benaventeren El grito del elefante obrari esker.

Azaroan beste bi ikuskizun izango dira: hilaren 16an, Akusma argi eta soinuzko ikuskizun berezia ikusteko aukera egongo da, eta hilaren 23an, Quartetto Maurice talde gazteak XX. eta XXI. mendeetako musika interpretatuko du. Kontzertu biak Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango dira.

Euskal Herriko artistak ere bai

Abenduaren 7an, Bun Leng Project Thailandiako taldearen txanda izango da: ganbera musikaren ikerketa eta interpretazioa uztartuko ditu, Jesus Guridi kontserbatorioan. Euskal Herriko musika nagusi izango da azaroaren 10ean, 14an eta 15ean: Guridi Garaikidea izeneko emanaldia eskainiko dute Euskal Herriko hainbat gazte konpositorek eta interpretatzailek azaroaren 10ean, eta Dazs Ahotsak abesbatzak bi kontzertu joko ditu; azaroaren 14an, Jesus Guridin, eta azaroaren 15ean, Araiako San Pedro elizan.

Ryoko Aoki eta Aldo Mata japoniarren emankizuna, berriz, abenduaren 21ean izango da: biek ala biek Noh kantu tradizionala eta Mendebaldeko tresnak uztartuko dituzte Jesus Guridi kontserbatorioan. Urtarrilean, berriz, Jabi Alonso perkusionistak bi emanaldi eskainiko ditu: hilaren 11n Gasteizen, eta hilaren 13an Bilboko Arriaga kontserbatorioan.

Gasteizko Jesus Guridin izango dira azken bi emanaldiak: John Butcherrek eta Thomas Lehnek inprobisazio askearen erakustaldia emango dute urtarrilaren 18an, eta Ensemble Icarus Italiako taldeak itxiko du jaialdia, otsailaren 1ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.