Maria Eugenia Luc (Argentina,1958) musikaria eta Ensemble Kuraiako zuzendari artistikoa pozik dago taldearen ibilbidearekin. 15 urte bete berri ditu Kuraiak, eta, urte hauetan guztietan musika garaikidearen hedakuntzan aritu dira bertoko kideak: musika interpretatuz, batetik, eta musikarien heziketaren bidez, bestetik. Ensembleak KLEM-Kuraia musika garaikideko jaialdia antolatu izan du 2003tik aurrera. Urte zaila izan dute aurtengoa, krisiak asko eragin baitie aurrekontuei, baina kalitateari eutsi diote, jaialdian parte hartuko duten talde eta banakako adituen «konpromiso artistikoari esker». Ostiralean hasiko da aurtengo jaialdia; azaroaren 10ra arte, besteak beste, zenbait kontzertu eta hitzaldi eta sinposio batuko dituzte Bilbon.
«Aurten oso zaila izaten ari da, hamaika jarduera ditugu, eta oso bitarteko gutxi», azaldu du. «Hemen oso konpromiso artistiko handia izan da; niri bihotzera heldu zait. Hasiera-hasieratik, taldeei esan genien ez daukagula dirurik ikuskizun guztiak programatzeko. Bost egiteko baino ez daukagu, eta guztiek baietz esan ziguten, beraiek ere parte hartuko zutela. Horrek erakusten du zer-nolako engaiamendu artistikoa duten. Eta lehen mailako artisten inguruan ari gara: Taller Sonorok, adibidez, Cesar Camareroren disko bat grabatu berri du, Madrilgo Auditorium Nazionalean jo du, Bartzelonako auditoriumean ere bai… Sigma Project, berriz, Erromatik datorren taldea da, Donostiako Musika Hamabostaldian egona da…Ensemble Sillages, Barcelona 2016... oso talde garrantzitsuak dira. Musika eta teknologia berrien topaketetara, lehen mailako teknikariak, konpositoreak eta musikologoak datoz, eta haietako guztiak egoeraz jabeturik».
Ensemble Kuraiak ere leku nabarmena izango du jaialdian, eta kontzertu bi emango ditu. Horietako batean Mikel Chamizo konpositore gaztearen Danzas privadas (Dantza pribatuak) obra estreinatuko du. «Kuraia enkargu politika batekin hasi zen, aurreko urtean. Orduz geroztik, bost lan enkargatu ditu, konpositore bakoitzaren konposizio denborak errespetatuz», azaldu du. «Obra hauekin errepertorioa egiten ari gara, euskal konpositoreen obrak mundu osoan erakusteko».
Munduan asko bidaiatu dute Ensembleko kideek, eta euskal konpositoreen musika atzerrira eraman izan dute. Luc-ek dioenez, oso harrera ona izan dute beti: «Euskal musikagileen maila bikaina da, eta ez naiz gezurretan ari, beraien maila zirraragarria da», jarraitu du. «Asko daude, eta kalitate handia dago, eta, gainera, musikari gazteak dira, 30 eta 50 urte artekoak. Konpositore gazte asko daude, bai gizonezkoak, bai emakumezkoak, eta ospe handikoak, gainera. Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka, Zuriñe Gerenabarrena, Antonio Lauzirika, Isabel Urrutia eta Joseba Torres, kasu. Asko dira, eta guk haietako asko programatu ditugu».
Egitate bihurtu arte
Egun musika klasiko garaikidea Euskal Herrian «egitate» bihurtzea eta leku izatea lortu duen arren, oraintsuko lorpena da Luc-en iritziz. Hala, pozik dago Ensemble Kuraiak eta KLEM Kuraia Musika Elektroakustikako Laborategiak hondar ale batzuk jarri izan dituztelako bide horretan. «Uste dut musika garaikidea egitate bat dela egun, eta ez adituentzako bitxikeria bat, azaroan soilik gertatzen dena. Egitate konstantea da, gutxi gorabehera egunerokoa», azaldu du te kikara esku artean duela.
Lasai hitz egiten du, irribarretsu beti. «Taldearen istorioa kontatuko dizut», eta 1996. urteko amaierara egin du atzera. Garai hartan musika klasiko garaikideak leku eskasa zuen Bilboko musika egitarauan, «zegoen gauza bakarra zera zen, BBK-k azaroan antolatzen zituen zortzi kontzertu, baina urte osoan ez zegoen besterik; dena zen Verdi eta Traviatta… baina musika garaikidea, bizirik dauden musikagileena... ez zegoen ezer», gogoratu du. Egoerari aurre egiteko Bilboko Orkestra Sinfonikoko, Bilboko Bandako eta kontserbatorioko musikariek Kuraia Ensemblea sortzea erabaki zuten. «Bilbok musika klasiko garaikidearen inguruko mugimendu gehiago behar zuela uste genuen, ezer ez zegoelako. Hala, 1997ko ekainean, hutsune hori betetzeko asmoz, Ensemble Kuraiak haren ibilbideari ekin zion».
2000. urtean, berriz, zerbait falta zitzaiela ohartu ziren, eta 2001ean KLEM Kuraia Musika Elektroakustikako Laborategia jarri zuten abian, musika elektroakustikoaren inguruan eta beste arte adierazpideekin duen harremana aztertzeko. «KLEM laborategiko lana diziplina artekoa da. Musika oinarritzat hartzen da. Batzuetan, musika emanaldi soilak egiten dira; baina besteetan,musika bideoarekin edota dantzarekin uztartzen da, baita lanean ari den artista plastikoarekin ere.».
Helburuak betez
Oro har, balantze ona egiten du Ensemble Kuraiaren eta KLEM-en ibilbideez, eta hasierako helburuak betez joan direla dio: «Jendea gero eta kontzienteago da musika hau existitzen dena, batez ere publikoa. Laborategian gauza indartsuak egin ditugu, adibidez, bideo instalazio handi bat egin genuen Renfeko tren geltokiko sarreran. Hiru pantaila erraldoi kokatu genituen, dantza eta zuzeneko musikarekin. Publikoa berton zebilen jendea zen. Haietako batzuk amaierara arte geratzen ziren, eta ordenagailu baten bitartezesku hartzen zuten performer eta musikariekin».
Gauza gutxiren falta sumatzen dut, baina horietako bat da mezenasek luzerako konpromisoa izatea: «Beti esaten dizute 'aurten honekin lagunduko dizuegu', baina beti da aurten, inoiz ere ez digute hamar urterako hitzarmenik proposatzen. Horrek guri lasaitasun apur bat emango liguke, eta espero dezagun egunen baten hala gerta dadila», esan du baikor.
Maria Eugenia Luc. Kuraia Ensembleko zuzendaria
«Musika garaikidea egitate bat da egun, eta ez adituentzako bitxikeria bat»
Ensemble Kuraia Bilboko musika garaikideko taldeak 15 urte bete ditu aurten. Denbora luze horretan, musikariek Euskal Herrian musika garaikidea hedatzen lagundu dute .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu