Aurten ere, Galdakaoko (Bizkaia) Kaiola musika esperimentaleko festibalak zaleentzako kartel erakargarria prestatu du larunbat honetarako. Bertan, Lea Bertucci, Ben Vida, Lucy Railton, Klara Lewis, Yuki Tsujii eta Jeremiah Chiuren ondoan, Felicia Atkinson artista frantziarra ariko da Christina Vantzou musikari estatubatuarrarekin batera egingo duen saio batean.
Felicia Atkinsonek (Paris, 1981) hiriko bizimodua utzi zuen 2000ko hamarkadaren hasieran, eta, orduz geroztik, Normandiako kostaldean bizi da, naturaz inguratutako etxe urrun batean, senarrarekin eta semearekin batera. Aldaketa horrek berebiziko garrantzia izan du haren ibilbide artistikoan, eta, zentzu askotan, bere diskurtso eta estetika guztia ere blaitu du. Handik, Shelter Press argitaletxearen bitartez nagusiki —Bartolome Sanson senarrarekin kudeatzen du—, bere soinu, literatura eta poesia lanak plazaratuz joan da urte hauetan guztietan. «Mundua guztiz ulergarria ez zaigula onartzeko erreminta da niretzat poesia. Mundua askotarikoa da, eta gauzen esanahia behin eta berriz bilatzen eta ulertzen aritu beharra dugu. Hori inspirazioa da niretzat». Bere musika hauskor horren atzean ezkutatzen den misterioa deskribatzeko modua da, zalantzarik gabe.
Normandiako itsasbazterreko arroken artean paseatuz, Internetek mundua aldatu aurreko garai batera bueltatzen saiatzen da askotan Atkinson. Orduan, informazioa bilatzera behartuta zegoen gizakia, bai liburuetan, bai diskoetan, baina baita naturako elementuen artean ere. Gauzek beren barnean gordetzen duten informazioa eta sekretu guztiak geure zain daudela dio Atkinsonek, geure arreta haiengana bideratzeko zain, hain zuzen ere: «Behin baino gehiagotan entzutea eskatzen duen eta beti bere baitara gauza berrien bila bueltatzeko aukera ematen duen musika dut gustuko». Halakoxea da bere musika ere, beti berrinterpretazio berriei irekia, ezagutza arrazionaletik haratago, pittin bat fantastikoak diren mundu eta paisaien arkitektoa eta margolaria baita musikaria. Ahots xuxurlatuz, ikuspegi berritzailez landua da Atkinsonen musika, eta iraganean ia gizonezkoek soilik ondutako musika askoren interpretazio feminista edota queer bat dela ere esan daiteke: «Nerabezaroan musika aurkitu nuenean —eta margolaritzekin ere gauza bera pasatu zitzaidan—, oso emakume gutxi aritzen ziren mundu horretan, eta gizonezkoen izen berberak entzuten nituen beti. Ahots bera zenbait pertsona eta generotan haragitu daitekeela pentsatzea gustatzen zait, aldakorra eta mugikorra dela azken batean».
«Ahots bera zenbait pertsona eta generotan haragitu daitekeela pentsatzea gustatzen zait, aldakorra eta mugikorra dela azken batean»
Hala ere, ez zaio batere erraza izan hona iristea. Indie estiloko talde batzuetan jotzen saiatu zen hasieran, arrakasta handirik gabe, eta urte luzez ezinezkoa izan zitzaion bere burua musikari moduan ikustea. Fluxus korronteko artisten jarreran aurkitu zuen bere bidea azkenean. Ikuspegi horri esker ahaldunduta, eta intuizioa beti teknikaren gainetik jarrita, ordutik aurrera akatsak egiteko aske eta musika bere erara eta berak nahi izan duen testuinguruan sortzeko gai sentitu da Atkinson.
Komunitatearen babesa
Baina, horretarako, inguruaren babesa aurkitzea ere beharrezkoa da, eta hor datza, Atkinsonen ikuspegi ezin zuzenagoan, musika esperimentalaren zaleek osatu eta ereiten duten komunitatearen funtsa: «Musika esperimentalak ez du inoiz artistaren errepresentazio egozentrikoa izan behar. Komertzialaren guztiz kontrakoa delako deitzen diogu esperimentala, alegia. Saiatzean, ikertzean, esperimentatzean eta arriskuak onartzean datza. Komunitate horren babesean, huts egitea posible da; horixe da eszenaren ezaugarririk preziatuena niretzat. Bata besteaz arduratzen da hemen, eta ez dugu hori inoiz ahaztu behar. Garai ilun hauetan itxaropena inoiz baino beharrezkoa dugula uste dut. Naturaren indarrean eta haren izaera misteriotsu eta azalezin horretan aurkitzen dut nik itxaropena».
Kaiolako komunitatearen kidetzan, esan bezala, Christina Vantzourekin batera arituko da. «Christina eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar. Bruselan bizi nintzenean ezagutu nuen, nire lagun Peter Brodericken bitartez. Musika, itsasoa, arrokak eta izarrak... inguru naturaleko elementuen arteko erlazioak liluratzen eta elkartzen gaitu biok».
Galdakaoko jaialdian izango diren beste artista guztien kide ere bada Atkinson, modu batean edo bestean. «Shelter Press gure diskoetxean, Lucy Railton eta Ben Vidaren diskoak plazaratu izan ditugu; Lea Bertucci, Klara Lewis eta Yuki Tsuji ezagutzen ditut, eta estimu handia diet denei; eta Jeremia Chiu entzuteko eta haren musika ezagutzeko irrikaz nago».
KAIOLA JAIALDIA
Artistak: Ben Vida & Lea Bertucci, Klara Lewis & Yuki Tsujii, Lucy Railton, Jeremiah Chiu, eta Felicia Atkinson & Christina Vantzou. Non: Galdakaoko Torrezabal kultur etxean.
Noiz: Larunbatean, 20:30ean.