Gabriel Erkoreka musikagilearen (Bilbo, 1969) Ilargi pieza laburra estreinatzeaz gain, «beste bi obra garrantzitsu» emango ditu gaur, 20:00etan, Christophe Desjardins biola jotzaileak (Caen, Frantzia, 1962), Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan, Hamabostaldiak musika garaikideari eskainitako zikloaren barruan: Emmanuel Nunes musikagile portugesaren (1941-2012) Improvisation II-Portrait eta Philippe Manouryren (Tulle, Frantzia, 1952) Partita I. Christophe Lebreton arduratuko da elektronikaren arloaz; Juanan Ros izango da soinu teknikaria, eta Musikeneko Elektroakustikako Laborategiko kideek ere parte hartuko dute emanaldian.
Erkorekaren Ilargi estreinatzea «oso pozgarria» izango da Desjardinsentzat. «Pieza laburra da, sei minutukoa, tresna tradizionala erabiliz jotzekoa, baina zati batzuk melodikoagoak ditu, beste batzuk erritmikoagoak. Pieza txiki ederra da, Euskal Herriko musikagile batek egina eta sakonki Euskal Herrikoak diren elementuz hornitua».
Nunesen piezak «Fedor Dostoievski idazlearengan oinarritutako unibertso poetiko bat» jasotzen du, Desjardinsek azaldu duenez. Manouryren obra, berriz, «pieza monumentala» da. «Ez bakarrik luzea delako, 45 minutukoa; baita musikaren zerbitzuan jarritako teknologiarik aurreratuenaren aukera guztiak aztertzen dituelako ere».
Hamabostaldian aritzen den lehen aldia izango du gaurkoa Desjardinsek. Oso estimu handian du Hamabostaldiak eta gisako jaialdiek musika garaikidearen zabalkundearen alde egiten duten lana. «Musika garaikidea entzun egin behar da, aurkikuntza egin behar da, aurkikuntzaren plazera dastatu, eta gero egingo ditu bakoitzak bere juzguak. Hamabostaldia bezalako jaialdietan, publikoak konfiantza du programatzailearengan, eta aurkikuntzaren plazera dastatzeko aukera dauka».
75. Musika Hamabostaldia. Christophe Desjardins. Biola jotzailea
«Musika entzun egin behar da, aurkikuntzaren plazera dastatu»
Erkorekaren 'Ilargi' «pieza txiki ederra» estreinatzeaz gain, Nunes eta Manouryren obrak emango ditu gaurko emanaldian Christophe Desjardinsek, musika garaikideari eskainitako zikloaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu