Musika

Musika elektronikoaren «ametsean» murgildu da Dantz jaialdia

Zortzigarrenez, Dantz festibala egingo dute, larunbatera bitarte, Donostian. 'Ametsak' gaia hartu dute ardatz, eta, besteak beste, Xabier Erkiziaren 'Sonhar' kontzertua jaso dute egitarauan. Hitzaldiak eta tailerrak ere izango dira.

Dantz festibalaren aurkezpena, gaur, Donostiako Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU
Dantz festibalaren aurkezpena, gaur, Donostiako Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko uztailaren 16a
15:07
Entzun

Posible ote da musika elektronikoarekin lo egitea? Xabier Erkizia musikagileak eskainiko duen Sonhar kontzertuak erantzungo dio galdera horri, ostegunean, 22:00etan, Donostiako Tabakalerako Patioan. Ametsak eta musika nahastuko ditu entzute lokartua izendatu duten ariketan oinarrituta. Dantz jaialdiaren mamiarekin bat datorrela adierazi du Jokin Telleriak, festibaleko zuzendariak: «Ametsen ildoari jarraitzen diogu, elektronikak amets eginarazten digulako».

Musika elektronikoko eta abangoardiako nazioarteko jaialdia zortzigarrenez antolatu dute Dantz proiektuko kideek Donostian, larunbatera bitarte. Helburua da musika elektronikoaren eta artearen bitartez «amets» egiten duen hiria sortzea, antolatzaileen esanetan; horregatik, hiriko hainbat eremutara zabaldu dute festibala. Puntu nagusiak Sagues, Miramongo anfiteatroa eta Ilunbe izango dira asteburuan.

Ostiralean, Avalon Emerson, Dekmantel Soundsystem, Dubos, Pional, Courtesy eta Gela artisten musikak hartuko du anfiteatroa, 16:30etik 01:00etara. Larunbatean, Apparat, Palm Trax, Kittin eta LaMia Mari izango dira, besteak beste, Ilunbeko Donostia Arenan, 15:30etik 06:00etara. Azken hori Oihana Errazkin da, Donostian bizi den DJa, eta aurtengo jaialdia «berezia» izango dela aitortu du: «Bizi naizen hirian nazioarteko maila handiko artistekin eszenatokia partekatzea luxu hutsa da niretzat».

Egitarau osoa eta artisten inguruko informazioa jaialdiaren webgunean dago eskuragarri.

Musika elektronikotik harago

Halaber, aste osoan, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte jaialdiaren barruan. Horiek hiriko beste espazio batzuetan antolatuko dituzte: ostegunean, esaterako, binilo azoka eta mahai inguruak izango dira Donostiako Sakana disko dendan, 17:00etan. Ostiralean, Sound Minds ikerketa psikosoziala aurkeztuko dute Xavier Minguez EHUko irakasleak eta Telleriak berak, Egia auzoko The Social Hub espazioan, 16:00etan.

«Komunitate ireki bat irrikatzen dugu, ezberdinen arteko konexioa bilatuz; horregatik, ahalik eta eskaintzarik zabalena eskaini nahi izan dugu»

JOKIN TELLERIADantz jaialdiaren zuzendaria

Programazioa berritasunez betea datorrela jakinarazi du jaialdiaren zuzendariak: Dantz Radio irratia estreinatuko dute, besteak beste. Lander Agirreurreta Dantz Academyren arduradunak azaldu duenez, musika produkzioaren tailerrari buruzkoa izango da antolatu dituzten ikastaroetako bat. Iñigo Medinak, berriz, hitzaldia emango du, sintetizadoreetan arreta jarrita. Ikastaroetarako izena eman beharra dago —jaialdiaren webgunearen bitartez egin behar da—.

Era askotako parte hartzaileak espero dituzte antolatzaileek. «Komunitate ireki bat irrikatzen dugu, ezberdinen arteko konexioa bilatuz; horregatik, ahalik eta eskaintzarik zabalena eskaini nahi izan dugu, bai musikan, baita tailer eta hitzaldietan ere», esan du Telleriak. Sarreren salmentak erantzun «ona» izan duela nabarmendu, eta jakinarazi du eguneko azken sarrerak zein abonuak webgunean bertan eskuratu daitezkeela. Edonola ere, jaialdiaren guneetako leihatiletan sarrerak erosteko aukera ere izango da.

Miramongo anfiteatrora eta Ilunbera igotzeko autobusen ohiko lineak martxan egongo dira. Hirira itzultzeko, berriz, jaialdiak autobus zerbitzu berezia eskainiko du, eta doakoa izango da parte hartzaileentzat; anfiteatro ondoko Oriamendi-Pakea geralekutik Urbieta kalera, 00:30etik 01:30era izango dira, eta, Ilunbetik Bilbo plazara, 04:00etatik 07:00etara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.