Musika elektronikoa ardatz

Apirila bitarte hamalau kontzertu emango dituzte Musikagileak musika garaikideko zirkuituan

Karmele Barandiaran, Miren Iñarga, Jagoba Astiazaran eta Maria Jose Telleria, zirkuituaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU.
Urko Iridoy Alzelai
Donostia
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hamalau kontzertu hamalaugarren edizioan. Horrela aurkeztu zuten atzo Musikagileak elkartearen aurtengo Musika garaikidearen zirkuitua. Elkarteak hamalaugarren urtez antolatuko ditu musika garaikidean oinarritutako kontzertuak. 2009an eman zioten hasiera zirkuituari, eta azken urteetan euskal musika garaikide berriaren erakusleiho nagusia bihurtu da. Hego Euskal Herriko hiru hiriburutan garatuko da zirkuitua: Donostian, Bilbon eta Gasteizen.Irailaren 21ean izan zen lehenengo emanaldia, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, Bilboko Campos Eliseos antzokian, eta apirila bitarte iraungo du zirkuituak.

«Aurten protagonismo handia izango du musika elektronikoak. Urriaren 24an, adibidez, Musikenen,Alfonso Garcia de la Torre musikaria omenduko du Ensemble Sinkro taldeak, bere ibilbideko hiru obra aurkeztuz», adierazi du Miren Iñarga Musikeneko zuzendariak.

Gelditzen diren hamahiru kontzertuetatik hamar Donostian egingo dira, bi Gasteizen, eta bat Bilbon. «Euskal Herriko hiru hiriburutan egongo gara, baina bereziki Donostian hartuko dugu pausalekua», esan zuen Jagoba Astiazaran Musikagileak elkarteko kideak.

Gipuzkoako hiriburuko emanaldiak udaletxean, Easo abesbatzaren egoitzan, Viktoria Eugenia antzokian, Tabakaleran eta, gehienbat, Musikenen eta San Telmo museoan eskainiko dituzte. Karmele Barandiaran San Telmo museoko kideak «eskerrak» eman zizkien zirkuituko eragile kultural guztiei: «Musika garaikidea eta kultur ondarearen ikuspuntu berriak sortzeko aukera paregabea da Musikagileak-en zirkuituak eskaintzen duena».

Zirkuituan, guztira, 82 pieza interpretatuko dituzte. «82 piezetatik 47 euskal konpositoreek sortutakoak dira, eta hamahiru estreinaldiak izango dira», zehaztu zuen Astiazaranek. Emanaldietan formazio askotarikoak ikusiko dira, hala nola banda sinfonikoak, bakarlariak eta ganbera musikako taldeak.

Euskal musika garaikideaz gozatzeko «momentu bakarrenetariko bat» da zirkuitu hau, Astiazaranen ustez. «Musikagileak elkartean ehun pertsona inguru gaude. Konpositore askok osatzen dugu elkartea, baina, tamalez, euskal konpositoreak gehiago entzuten dira Europan zehar Euskal Herrian baino».

Jardunaldiak prest

Kontzertuez gain, zirkuituan jada ohikoak bilakatu diren jardunaldiak emango dituzte San Telmo museoan eta Musikenen. «Euskal konpositore gazte eta ez hain gazteei bideratutako ikastaroak izango dira hauek. Profesionalek emandako klaseak izango dira, eta euskal musika garaikideaz ikasteko aukera paregabea izango da», azaldu zuen Astiazaranek. San Telmo museoan, azaroaren 4an, 11n eta 15ean, Naia Membrillera perkusio jolearen eskutik artearen eta soinuaren arteko harremana ikertzen duten bi tailer izango dira. Luis Codera musikari katalanak konposizio ikastaroa emango du azaroaren 27an eta 28an, Musikenen. Haize Lizarazuk, berriz, eskola magistral bat emango du goi mailako musika ikastetxean, otsailaren 21ean.

Bestalde, aurten, Musikagileak elkarteak hitzaldi ziklo bat jarriko du abian. Musi-Meet izena du zikloak, eta azaroaren 25ean egingo da. Hitzaldi horietan, elkarteko bazkideek euskal musika garaikideari buruzko hainbat gai jorratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.