Musika Bulegoak LGTBIQ topaketak egingo ditu bihar eta etzi

Euskal Herriko eta atzerriko adituek eta sortzaileek parte hartuko dute jardunaldietan; Donostian egingo dira. Kontzertu bat ere izango da

Erredakzioa
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
LGTBIQ kolektiboaren, musikaren eta berdintasunaren arteko bidegurutzeez ariko dira sektoreko hainbat profesional, bihar eta etzi, Donostiako Tabakaleran. Euskal Herriko Musika Bulegoak antolatu ditu topaketak, eta horietan, besteak beste, sorkuntza egitasmoak, LGTBIQ zirkuituak, ibilbide profesionala garatzeko erronkak, musika industrian duten presentzia, zentsura, autozentsura, gune seguruak eta bestelako gaiak jorratuko dituzte

Hori guztia bi ardatzetan oinarrituta antolatu dute. Batetik, alderdi akademikoa landuko dute hainbat profesionalek, eta, bestetik, mahai inguruak eta solasaldiak izango dira LGTBIQ kolektiboko artistekin.

Bihar hasiko dira jardunaldiak, eta han izango da, besteak beste, Darryl W. Bullock ikerlari ingelesa. David Bowie made Me Gay: 100 Years of LGTB Music eta beste hainbat saiakeraren egilea da Bullock. Piro Subratek, berriz, musikari espainiarrek LGTBIQ kolektiboaren aldarrikapen sozialetan nola parte hartu duten aztertuko du. Ainara Legardon, Rocio Saiz, Amaia Ispizua eta Myriam Mirandaren arteko solasaldia ere izango da.

Ostiralean, Mikel Chamizok antzerkian eta operan identitate ez-normatiboek izan duten presentziaz hitz egingo du; plaza seguruen inguruan ariko dira Gehitu, Ehieran eta beste elkarte batzuetako ordezkariak, eta musikak askapenerako ematen dituen baliabideez jardungo dute Bullockek, Subratek eta Chamizok berak.

Alex Hai zinemagileak Veni Etiam film laburra aurkeztuko du bihar bertan, Mikel Zumetak LGTBIQ+ kolektiboa Euskal Herriko musika sektorean hitzaldia emango du, eta kontzertua izango da Eneritz Furyak, Euskoprincess, Algora eta Futurachicapop-ekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.