EHMBE Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak hamar urte bete ditu aurten. Musika Industriaren Elkarteak, Musika Live elkarteak, Musikari elkarteak eta Musikagileak elkarteak osatzen dute, eta Euskal Herriko musikariei babesa, aholkularitza eta sustapena eskaintzeko helburuarekin sortu zen, 2015ean. Horixe du xede gaur egun ere: «Senti dezatela badagoela erakunde bat euren interesak defendatzen dituena». Gaur egingo dute hamargarren urteurrenaren ekitaldia, Bilborocken (19:00), eta marka berria ere aurkeztuko dute.
Zer moduz hasi duzue urtea? Eta zer moduz bukatu zenuten aurrekoa?
2024a trantsizio urtea izan zen Musika Bulegoarentzat. Hausnarketa prozesu batean egon da elkartea azkeneko bi urteetan, eta lantaldea ere berrantolatu egin da. Baina ontzat jotzen dugu egindakoa. Lantaldeari dagokionean, uste dugu oinarri bat ezarri genuela, etorkizunean gauzak ahalik eta egokion egiteko, eta lagungarria izango da aurrerantzean ditugun erronkei aurre egiteko. Berrantolaketa horrek helburu bakarra izan du oinarrian: sektorea erdigunean jartzea, haren beharrak zeintzuk diren jakinda eta gure eskaintza horretara egokituta.
Hamar urte igaro dira Musika Bulegoa sortu zenetik. Zer eman dio sektoreari?
Musika Bulegoa hausnarketa prozesu luze baten ondorioz sortu zen 2015ean. Sektore lankidetzarako proiektu estrategiko bat izan zen, musika jarduera sustatzea eta hobetzea helburu zuena. Hamar urte hauetan aldaketa ugari egon dira, baita barne aldaketak ere. Duela urtebete amaitu zen plan estrategikoaren lanketa, eta, adibidez, helburuak doitu eta eguneratu egin behar izan ditugu.
Orain arteko ibilbidea ondo joan da. Ibilbidea konplexua izan da, gurea bezalako beste erakunderik ez baitago munduan. Finean, sektore guztia batzen da Musika Bulegoan, eta alde horretatik badu bere konplexutasuna. Hala ere, oso prozesu aberatsa izaten ari da. Lan asko daukagu oraindik egiteko, baina norabide egokian goazela esango nuke.
Zuk urtebete inguru daramazu karguan. Zer balorazio egiten duzu?
Nire balorazioa ere oso ona da. Zuzendaritzarekin oso harreman ona daukat; lerrokatuta gaude, eta haien babesa sentitu dut hasieratik. Guztiok ohartu ginen aldaketa bat egitea beharrezkoa zela. Azkenerako aldaketa dezente egin genituen, eta orain emaitzak jasotzen ari gara. Lantaldeak ere ikusi ditu emaitzak, gure egitasmoak oihartzun handia izaten ari baitira. Adibidez, Musika Bulegoa sarietan inoiz baino proposamen gehiago jaso ditugu; ia 50 proposamen gehiago. Inoiz ez da halako alderik izan urte batetik bestera.
Duela bederatzi urte sortu zenituzten Musika Bulegoa sariak. Zer garrantzi dute sariok elkartearentzat?
Sarien bidez, Euskal Herrian ekoizten diren lanak gizarteari erakustea lortu nahi dugu. Musika sortzaileek egiten duten lan horri bultzada bat eman nahi diogu, jendea ohart dadin sortzaile asko daudela une oro sortzen ari direnak. Eta horrek sari bat merezi duela uste dugu.
Gaur-gaurkoz, nola dago sektorea?
Iaz Kulturaren Euskal Behatokiarekin ikerlan bat abiatu genuen, eta, dena ondo bidean, hemendik gutxira ikusiko dira azterketa horren emaitzak. Hala ere, aldaketa batzuk ikusi ditugu dagoeneko. Azkenaldian asko hitz egiten da azkenaldian makrojaialdien edo makroikuskizunen inguruan. Alde batetik, pozgarria da Euskal Herrian halakoak ikustea, batez ere euskaraz egiten direlako. Euskaraz egiten den musika erakargarria dela ikusten ari gara, eta haien atzean dagoen industria gai dela halako ekitaldi handiak egiteko. Hori oso berri pozgarria da.
Baina, beste aldetik, erronka handiak ditugula konturatu gara. Genero berdintasunari dagokionez, esaterako. Azterketan argi ikusi dugu oraindik ere alde nabaria dagoela emakumezkoen eta gizonezkoen lan baldintzen artean. Azken urteetan, zorionez, hainbat emakume agertu dira, eta gaur egun erreferentziatzat ditugu. Baina oraindik urrats asko egin behar ditugu alor horretan. Horrez gain, sektore guztiaren profesionalizazioa dugu jomugan, bereziki, musikariena. Haien baldintzak nahiko kaxkarrak dira, eta zailtasun handiak dituzte oraindik ere. Aurrerapauso batzuk egin diren arren, oraindik ez da nahikoa.
«Genero berdintasunari dagokionean, oraindik ere alde nabaria dago emakumezkoen eta gizonezkoen lan baldintzen artean. Oraindik urrats asko egin behar ditugu alor horretan»
Beste ondoriorik atera duzue?
Bai, diru laguntzen kontuari buruz batez ere. Musika garaikidea oso ondo egituratuta dago Euskal Herrian, baina Musikagileak elkarteak adierazi digu erakunde publikoen beharra ezinbestekoa dela. Erakunde publikoek diru laguntzak ematen dituzte, baina, beste sektore batzuekin alderatuta, oso txikiak dira. Sortzaile asko ari dira Euskal Herriko marka beste herrialde batzuetara eramaten, eta baldintzak ez dira egokienak. Erakunde publikoek lagundu egin behar dute. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak oso txikiak dira, eta alde horretatik ere badaukagu zereginik.
Makrokontzertuen kontsumoak balio al du sektorearen neurgailu gisa?
Adierazgarria da, eta balio du ikusteko kontsumo ohiturak aldatzen ari direla. Iazko gure datuen arabera, kontzertu gehiago egin ziren, eta sarreren salmentak ere gora egin zuen. Baina ondo aztertu beharko genuke bakoitzaren errealitatea. Interesgarriena da Euskal Herrian musikari bat baino gehiago dagoela euskaraz abesten duena eta gaitasuna duena hainbeste jende erakartzeko. Orain dela 30 urte hori esan baligute, poz-pozik egongo ginatekeen. Baina beste ikuspegi batetik, interesgarria litzateke Euskal Herrian 30 areto izatea, eta asteburuero euskarazko musika kontsumitzea hainbat herri eta hiritan. Kontsumo ohituren kontua da.
Kontsumo ohiturari lotuta, zer moduzkoa da aretoen egoera?
Aretoen egoera txarra da. Ikuskizun handiak oso ondo daude, baina aretoak gutxitu egin dira. Aretoetan astero programatzen dira kontzertuak, eta beste entzule batzuengana iristeko ezinbestekoak dira aretoak. Ezinbestekoa da areto horiek irautea, eta ikertu egin behar dugu, bilakaera okerrera baitoa.
«Interesgarriena da Euskal Herriko musikari bat baino gehiago dagoela euskaraz abesten duena eta gaitasuna duena hainbeste jende erakartzeko»
Euskaraz egiten den musika aipatu duzu. Zer garrantzi ematen dio Musika Bulegoak euskarari?
Guretzat, garrantzi handia dauka euskarak. Gure lau helburu estrategikoen artean, laugarrena euskarazko musika indartzea eta sustatzea da. Argi daukagu sektore guztia babesten dugula: euskaraz aritzen direnak eta beste hizkuntzak erabiltzen dituztenak. Baina euskarazko musika sustatzeko ekimen ugari ditugu, adibidez, DA! PRO topaketa profesionala. Eta Musika Bulegoa sarietan ere euskarazko musika bultzatzea da irizpideetako bat. Barrura begira ere, euskararen presentzia erabatekoa da gure egunerokoan. Euskaraz egiten dugu lan, eta gure txostenak ere euskaraz egiten ditugu.
Hiru administraziorekin egiten du lan Musika Bulegoak. Hori da zuen lanaren zailtasunik handiena?
Bai, hala da. Gure bazkideak Euskal Herrikoak dira, eta administrazio batekin baino gehiagorekin egin behar dugu lan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioarekin erraztasun gehiago izaten dugu, lotura zuzena baitaukagu haiekin. Baina Nafarroan eta Iparraldean konplexuagoa da lana.
Musika Bulegoa lau elkartek osatzen dute, eta euren interesak ez dira beti berdinak izango. Nola kudeatzen duzue hori?
Hala da, bai. Eta horregatik elkartean eztabaida eta hausnarketa prozesu asko egin behar izaten ditugu. Azken finean, elkarte bakoitzak bere bazkideen interesak defendatzen ditu, eta beste batzuen interesarekin kontrajarriak daude askotan. Lau elkarteak gure parte dira, eta ahal den heinean elkarri lagundu behar diogu. Gure balioetako bat lankidetza da; argi daukagu bakarrik baino hobeto lan egingo dugula taldean. Eta gure proiektua horren ondorio ere bada. Musika Bulegoa sendotuta dago, eta orain guri dagokigu zubi lana egitea elkarte bakoitzarekin.
Hamar urte bete dituzuen honetan, zer erronka dituzue gaur egun?
Gure erronka nagusia da sektorea benetan erdigunean jartzea, eta sektoreko kideek gu tresna egokitzat hartzea euren lana ahalik eta modu egokienean egiteko. Alegia, senti dezatela badagoela erakunde bat euren interesak defendatzen dituena, eta erakundeekin bitartekari lanak egiten dituena.