Musika bikaina

Jaimie Branch tronpeta jole gaztearen 'Fly or Die II' diskoa iazko lan laudatuenetakoa izan da. Donostiako Viktoria Eugeniako Club aretoan aurkeztuko du gaur.

Jaimie Branchek bi disko atera ditu bere izenpean, baina beste hainbat musikarekin ere lan egin izan du. PETER GANNUSHKIN.
Antton Iturbe.
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Jazzaren, musika esperimentalaren eta poparen inguruan mugitzen diren aldizkari, blog eta argitalpen ospetsuenen urte bukaerako zerrenda ugaritan azaldu da Jaimie Branchen (New York, 1983) Fly or Die II diskoa. Ez da gutxiagorako. Chicagoko International Anthem diskoetxeak tronpeta jotzaileari plazaratu dizkion bi diskoak (2017ko Fly Or Die I eta iazko jarraipena, Fly Or Die II) ez baitira nolanahikoak. Branchek free-jazza ulertzeko eta sortzeko duen erak ez die latindar erritmo kutsakorrei, pop kutsuko doinuei eta hip-hoparen berehalakotasunari bizkarrik ematen. Kontrara, freskotasun txundigarriz, elementu horiek guztiak uztartzeko gai da, nortasun nabaria eta imitaezina adierazten duen bitartean. Branchen buruan, musika zail, esperimental eta konplexuaren eta dantzarako eta gozamenerako sortzen denaren artean ez dago mugarik. Sortzailearen eta entzulearen aldez aurretiko jarreran eta konpromisoan dago gakoa, eta bi disko horietan —behin akademizismoaren eta usadioaren zurruntasuna malgutu eta belarriak ondo irekita—, soinu plazer hutserako hamaika bide berri irekitzen zaizkio entzuleari.

Biziki maite duen Brooklynen, hots, New Yorken jaio eta bizi den arren, Chicagon (AEB) pasatutako urteak izan ziren Branchen ikuspegia moldatu, eta musikari bezala hezkuntza eta oinarria eman zizkiotenak. Posta elektronikoz bidalitako galderei erantzunez, hau adierazi dio Branchek BERRIAri hiriaz eta International Anthem zigiluaren arduradunei buruz galdetzean: «Scottie [McNiece] Chicagon bizi nintzenean ezagutu nuen. Une zehatza ez dut gogoratzen, baina 2016ko urtarrilean hasi ginen elkarlanean, New Yorken, Nick Mazzarella Trio-ren kontzertu bat antolatu nuenean. Ikaragarrizko lana egiten ari direla uste dut,eta azken urteetako nire disko kutunetako asko plazaratzeaz gain, oso pertsona atseginak dira biak, Scottie eta David [Allen]».

9 urte zituela joan zen BranchChicagora bizitzera, eta urte berean bertan hasi zen tronpeta jotzen. «Lehen urte haietan izugarri botatzen nuen faltan nire jaioterria, New York, eta batxilergoa amaitu bezain pronto hara bueltatuko nintzela esaten nion nire buruari». Chicagoko musikaren historian eta garaiko eszenan murgiltzen joan zen heinean, ordea, hasi zen ikusten bertan geratu beharra zuela, eta hala egin zuen azkenean. «Fred Anderson bikainak —erabateko heroi bat niretzat— ikaragarrizko laguntza eman zidan, 21 urte bete ez nituen arren, bere Velvet Lounge taberna mitikoan sartzen utzi zidanean. 'Ez ezazu ezer edan', izan zen esan zidan gauza bakarra, eta, horri esker, han ikusi eta gozatu ahal izan nituen kontzertuei esker, musikalki Chicagon hezi eta heldu nintzela esan daiteke. Beraz, bai, bertako komunitatearen parte naizela sentitzen dut».

Komunitatearen ahotsa

International Anthem diskoetxea 2014an sortu zuten McNiecek eta Allenek, Branchen izaera ulertzeko testuinguru egoki eta beharrezkoa ematen duen egitasmoa. Bertan plazaratu dituzten hainbat diskok eta haien sortzaileek harrotasunez eta konpromiso sakonez ematen baitiote jarraipena 1960ko hamarkadan AACM elkarteak (Association for the Advanced of Creative Musicians) eta Art Ensemble Of Chicago taldeak irekitako ildo abenturazaleari.Era horretan, komunitate berri baten kronikari bihurtu dira. Garai hartako prentsak eta gizarteak jazz musikaren eta, batik bat, musikari beltzen gainean ezartzen zituzten estereotipo eta topiko mugatzaile guztiak hankaz gora jarri zituzten musikari haiek, eta great black music izena eman zioten soinu berri hari. Great horrekin, soinu berriekin esperimentatzeko ausardia eta beharra adierazi nahi zuten; hizkuntza eta estilo musikalen estutasunak gaindituta eta afrikar arbasoen ezagutza arkaikoan oinarrituta. Bide batez, inguruko komunitateari erabateko bilakaera ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzeko erreminta boteretsu bat eskaini nahi zioten.

Orduan bezain beharrezko eta indarreko dirau kontzeptu hark, eta DIY (Do It Yourself) punk giroan hazitako McNiece eta Allen bezala, jatorri guztiz ezberdinetako musikari eta zaleak erakarri eta betirako liluratzeko botere izpirik ez du galdu. International Anthemek bere katalogora erakarri duen artista sorta bikaina indar betiereko horren adierazle ezin hobea da. Elkarren arteko kolaborazioa eta esperimentazioa sustatzen duen ekosistema aberats baten modura, besteak beste Angel Bat Dawid, Makaya MacCraven, Irreversible Entanglements eta Damon Locksen harribitxiez betetzen ari da diskoetxea egunetik egunera txundigarriagoa den bere eskaintza. «Talde buru diren eta banda ezberdinen artean mugitzen diren musikariez osatzen du bere katalogoa International Anthem-ek, baina, agian, hori ere ez da definizio zehatzena. Musika itzela egiten duten eta noizbehinka elkarri laguntzen dioten musikari bikainen lagun talde handi bat da berez», dio Branchek benetako funtsa adieraziz.

AACMen antzera, zigiluakkonpromiso politiko eta sozial ezkertiar erradikala sustatzen du bere argitalpen guztietan, eta Branch ez da salbuespena, azken diskoko Prayer for AmeriKKKa Parts I & IIabestietan erabat esplizituki adierazten duen moduan —aurreneko aldiz kantatu du pieza horietan—. Baina, agian, bere erro kolonbiarrak harrotasunez aitortu eta hango musikaren erritmo, kolore eta zaporeen aztarnak bere jazz bikainarenbarnean naturaltasun osoz txertatzen dituenean azaltzen du konpromiso hori modurik agerikoenean. «Egia esan, modu kontziente batean behintzat, nire azken disko hau grabatzen ari nintzenean hasi nintzen kolonbiar arbasoez eta, bereziki, 7 urte nituela hil zen amonaz pentsatzen. Orduan jabetu nintzen musika eta dantza hain errotuta dagoela latinoamerikar kulturan, zurekin geratzen dela betiko, eta berez nirekin egon dela hasieratik, musika egiteko garaian izugarrizko energia emanez beti».

Donostiako kontzertuan Fly Or Die II oso-osorik joko du tronpeta jotzaileak, eta Fly Or Die I-ren zati batzuk ere tartekatuko ditu. Edozein erara, «jazz» moduan sailkatuko dituzte askok Branchen diskoen iruzkinak eta kontzertuen kronika eta iragarkiak, eta horrekin hainbat entzule —ohiko aurreiritzien erosotasuneaneta konplexua, aspergarria eta astuna izango delakoan— uxatuko dituzte. Baina Branchena jazza da, eta, aldi berean, ez da. Askoz gauza zabalagoa da, guztiz gaurkoa eta bizia. Musika bikaina.

KONTZERTUA
Non: Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan.
Noiz: Gaur, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.