Institut Catala de les Empreses Culturalseko zuzendari izanda, kulturaren eta kultur politikaren gaineko kezka nabaritzen zaio Gorka Knorri (Tarragona, 1950). Kezka hori, ordea, aspalditik du, Euskal Herriko oholtzak, gitarra eskuan, askotan zapaltzen zituenetik. Orain Elkarrek haren abestirik esanguratsuenak bildu ditu bilduma batean (Ez dugu etsiko. Antologia), eta Donostiako Viktoria Eugenian kantatuko ditu etzi.
Musikari eta politikari. Euskal herritar eta katalan. Badirudi zure bizitza dualitateetan mugitzen dela. Bihotza erdibitua?
Katalana izatea amari zor diot: Terra Altakoa zen bera, eta ni ere han jaio nintzen, Tarragonan. Beraz, lotura hori beti izan dut. Noski, azken urteotan sendoagoa da, hara joan naizelako bizitzera, han ezkondu naizelako eta han nagoelako lanean. Inoiz egon naizen baino errotuago nago orain. Eta politikari eta musikari dagokionez, Donostiara etorri nintzen 20 urterekin, eta hemen egin nuen topo politikarekin eta musikarekin. Eduardo Moreno Bergaretxe[Pertur] nirekin ariko zen gitarrista ezagutu nuen; jazarpen giro gogorrarekin topo egin nuen, eta hemen ikasi nuen euskara. Beraz, niretzat politika ez da bizibide bat. Izan daiteke garai jakin batean, niretzat zazpi urtean izan den bezala, baina politika modu ia existentzial batean bizi izan dugu gure belaunaldikook. Garai batean, esaten genuen «ez dugu etsiko», herria altxatu behar genuelako, hizkuntzaren alde egin, ikastolak sortu eta abiarazi... Gaur egun, espiritu hori bera gorde ahal dugu.
Bateragarriak dira, berez...
Bai, batez ere gure garaian. Kantuetan hitz egiten genuelako borrokaz, amodioaz... erabiltzen genuelako gure folklorea... Musikan eragin handia zuen politikak. Gero, beharbada, gutxiago, baina nire kasuan, ez da burutapen bat egiten dudalako sortzen den zerbait, baizik eta horrela bizi izan dugulako.
Zuk esana da: «Gitarra batek eta bertso batzuek ahoan indar mediatiko handiagoa dute legebiltzarretako hitzaldiek eta eroaldi politikoek baino».
Legebiltzarrak bigarren plano batean gelditu izan dira, eta ez luke horrela izan behar.Katalunian gertatzen ari dena oso mugimendu soziala da, baina parlamentuak egin beharko du deialdi bat. Baina oraindik ere musika munduan edozein politikarik baino indar handiagoa duten pertsonak daude! Adibideak asko dira. Zorionez, gizarte mugimenduak, sindikatuak, patronalak, kultur elkarteak, zenbat eta indartsuagoak, orduan eta gizarte hobeagoak. Kritikoagoak eta jantziagoak.
Musika utzia zenuela ematen zuenean ere, beti itzuli zara. Badago behar bat?
Bai. Azken hamabi urteetan gehiago izan da musu-truk eta borondate hutsez egindakoa beste zerbait baino. Beti bizi izan baitut militantzia moduan. Ez naiz ari dirua egiteko. Musikariok nahi dugu jendearen aurrean jo edo zerbaiten alde aritu... Garai batean lanbidea izan zen niretzat, bizibide bat, eta gerora, beste zerbait.
Antologia oso kantu esanguratsu batekin hasten da, Txiki eta Otaegiren hilketa gogoratzen duen Irailak 27-rekin.
Gainera, zuzenean egindako grabazio bat da, kantu hura ezin izan bainuen estudioan grabatu. Herri Irratiak antolatutako 24 Ordu Euskaraz jaialdian grabatu zen, 1976an. Eta grabazio horrek transmititzen du ez bakarrik kantuaren testua, baita giroa ere. Bazen garai hartan berotasun hori, gero galduz joan zena.
Antologia-n hainbat garaitako kantuak bildu dituzu. Zein izan duzu irizpide nagusia?
Hegaldia (1984) diskoko abestirik ezin izan dugu sartu eskubide arrazoiengatik, baina gainerakoak ordezkatuta daude. Esango nuke Txalaparta dela ordezkatuena. Azken batean, nire diskorik arrakastatsuena izan zen.
Bildumako kanturik zaharrena Araba izango da. Zer da zuretzat?
Garai hartan, euskararen inguruko mugimendua, eta kantagintzaren ingurukoa edota artearen ingurukoa oso gipuzkoarra zen. Eta nik, kantatzen nuen bakoitzean, egin behar nuen nire herrialdearen erreibindikazioa. Disko bat egiteko aukera izan nuenean, Arabako kantu zaharrak berreskuratu nituen, eta bi berri sortu: Araba eta Trebiño. Adierazi nahi nuen gu ere bizi ginela! Gipuzkoa zen zentroa, Bizkaia han zegoen, Iparraldeaz asko hitz egiten zen, Nafarroaz ere bai, baina Arabaz... herrialde arrotza ematen zuen. Geure burua erreibindikatu behar genuen, eta ez nik bakarrik: Amets taldeak, Patxi Billamorrek, gerora Mirotzek... eta gero Hertzainak taldeak eta abarrek! Zorionez, oso denbora gutxian loratu zen oso jende garrantzitsua, ni baino askoz garrantzitsuagoa. Musikaren alorrean nabarmendu dira, baina beti hizkuntzaren alde.
Kontzertua duzu larunbatean Donostian. Viktoria Eugenian.
Bai, eta bildumako kantuak joko ditut. Batzuk, bakarka, Natxo anaiarekin, eta beste parte handi bat, Xabi San Sebastianen taldearekin. Lekuak ilusio berezia egiten dit; batetik, garai bateko girora eramaten nauelako, eta bestetik, antzoki gisa oso berezia delako. Publikoa oso gertu dago, eta horrek asko laguntzen du.
Eroso sentitzen zara garai jakin bati lotutako kantu batzuk abesten?
Bai, ez dut arazorik. Adibidez, nik 70eko hamarkada erdialde hartan indarkeriaren kontrako jarrera ezaguna nuen; pentsatzen nuen indarkeriaren bidez ez gindoazela inora. Horrek disgusturen bat edo beste ekarri zidan, hori esatea zeure baitan estigma bat eramatea baitzen garai hartan. Baina Txiki eta Otaegi eta FRAPekoak fusilatu zituztenean bidegabekeria izugarria egin zuten. Eta indarkeriaren alde edo kontra egoteak ez zuen inporta. Gertaera hura oso gogorra izan zen. Hitzak negarrez ari nintzela idatzi nituen, eta ez dut inoiz ahaztuko nola sentitu nintzen, nola kantua sortu nuen... Banituen ETAn lagunak eta senideak, baina hori ez zen kontua garai hartan.
Kantu berriak egiten segitzen duzu?
Ez dut uste gai izango nintzatekeenik kantu berriak egiteko, batez ere, bizitzen ari garen garai honetaz. Ikusten duzunean familia bat nola bota dezaketen etxetik... bidegabekeria horiez idazteko tentazioa izaten dut, oso era panfletarioan idatzi eta kantatzekoa, baina utzi diezaiegun gaur egun gazteei.
Zerk gehiagok kezkatzen zaitu?
Kulturaren egoerak, adibidez. Orain horretan ari naiz lanean, eta pentsatzen dut kulturak gizartean bere lekua izan dezan izugarrizko presioa egin behar dugula. Espainiako Gobernuak hartutako neurriekin eta diskurtsoarekin ez goaz toki onera. Kultura eta entretenimendua lotzea perbertsoa da. Sormena, espiritu kritikoa zaindu behar dira, eta kultura da gizarte batek duen altxorrik handiena, egunero egiten den kulturgintza. Eta gure politikariek ez dute garbi hori.
Gorka Knorr. Kantaria
«Musika beti bizi izan dut militantzia moduan»
70eko hamarkadatik hona sortutako kanturik esanguratsuenak bilduma batean jaso, eta zuzenean aurkeztuko ditu Gorka Knorrek etzi, larunbatarekin, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu