Musikak hautatu ninduen ni». Kasualitatez iritsi zen musikagintzara Hamid Cheriet Idir, baina haren ahots goxoak arrasto sakona utzi du mundu osoan. Berbere musikaren ikurra izan dena 1970eko hamarkadan egin zen ezagun: A Vava Inouva kantuarekin irabazi zuen sona. Urte luzez Frantzian bizi izan zen, baina beti egon zen Kabiliari estu lotuta, eta erro horietatik sortutako musika nazioartean ezagun egin zuen. Hizkuntzari, herriari eta familiari abesten zion bere kantuetan, minetik eta askatasunetik. Kabiliako herri musikaren ahotsa izan zena larunbatean hil zen, Parisen, biriketako eritasun baten ondorioz. 70 urte zituen.
Idir 1949ko urriaren 25ean jaio zen, Aljeria iparraldeko Kabilia eskualdean, Ait Lahcene herrian. Lurralde menditsu hartan bizi dira Aljeriako berbere hiztun gehienak, eta inguru horri lotuta garatu zuen bere musikari jarduna bizitza osoan. Artzainen semea izatez, Geologia ikasketak egin zituen, baina gazte zelarik Aljeriako telebista saio batean eman zuen kontzertu bati esker ekin zion musikarako bideari, ia ohartu ere egin gabe.
1975ean Parisera lekualdatu zen, eta urtebete geroago argitaratu zuen bere aurreneko diskoa: A Vava Inouva, ospea eman zion kantuaren izen bera zuena. Arrakasta handia izan zuen lanak: nazioartean gehien saldu zen Afrika iparraldeko musikari baten diskoa izan zen lehen aldiz. Arrakasta hartaz umil hitz egiten zuen Idirrek, ordea: «Garai egokian iritsi nintzen, garai horretan behar ziren kantuekin».
Hamar urtez egon zen oholtzatik jaitsita, harik eta 1990eko hamarkadan musikari berriro ekin zion arte. Ia mende erdiko ibilian, zazpi disko kaleratu zituen guztira; zeresan handikoak guztiak ere. Kulturak eta hizkuntzak nahastea gustukoa zuen, eta kolaborazio ugari egin zituen mundu osoko askotariko musikariekin. Tartean, Manu Chao, Dan Ar Braz, Zebda eta Maxime Le Forestierrekin.
Amazig herriaren alde
Amazig herriaren eta bere identitatearen alde lan egin zuen beti Idirrek. Jarrera horrek nabarmen eragin zuen haren ibilbidean, Aljeriako Gobernuak jarritako oztopoengatik urte askoan izan baitzen sorterrira itzuli ezinik: 38 urtez, zehazki. 2018an joan ahal izan zen berriz ere, berbereen urte berriaren ospakizunetan. Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidentearen aurkako protestak ere babestu zituen, hedabideetan egindako adierazpenetan. Haren lanetan ere nabarmena da aktibismo hori: horren adierazgarri da 2007an argitaratutako La France des couleurs diskoa, esaterako. Hauteskunde garaian plazaratu zuen, Frantzian immigrazioaren eta identitatearen auziak ahoz aho zebiltzanean, hain justu.
Idirren heriotzak askotariko erreakzioak eragin ditu, hala kulturaren arloan nola arlo politikoan. Atsekabea erakutsi dutenen artean dira, besteak beste, Franck Riester Frantziako Kultura ministroa eta Abdelmajid Tebun Aljeriako egungo presidentea.
Hamid Cheriet 'Idir'
Musika berberearen ahots ezaguna
Kabiliaren ahotsa izan zen, baita amazig herriaren identitatearen aldeko ekintzailea ere. Bere kantuetan, hizkuntzari, herriari eta familiari abesten zion. 70 urterekin hil da, Parisen, atzean arrasto sakona utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu