Hot Rhythm and Soul Festival. Hori dio Beltza Weekend jaialdiaren leloak. Laugarren aldirako, sei kontzertu antolatu dituzte bihartik larunbatera arte, «soula eta soul musikaren deklinazioak» zabaltzeko Iruñean. Izan ere, musika beltza plazaratu nahi dute antolatzaileek hirian zehar, nazioarteko eta bertako artistak gonbidatuta.
Hiru egunetan, zenbait balio eta kausa defendatzeko xedea dute antolatzaileek, zeintzuek festibalaren arima osatzen duten: «Musika beltzaren kultura, estetika eta soinuak eskaini nahi ditugu. Jaialdia 2017an sortu zen, Iruñeari programazio ezberdin bat emateko asmoarekin, underground-agoa. Argi da ez dela normalki jendeak aditzen duen musika, baina zaletasuna sumatzen dugu geroz eta gehiago», erran du Xabier Sagardia Beltza Weekend jaialdiaren zuzendaritzako kideak.
Afixa koloretsuak sei kontzertu nagusi iragartzen ditu aurten, eta orotara, 48 artista igoko dira oholtzara ortzegunetik larunbat arte. Lau musikari izanen dira Zentral espazioan: Alexis Evans (Bordele, Frantzia) soul «cool eta estilodunarekin», eta Tito Ramirez (Madril) latin soul, manbo eta R&B proposamenarekin ariko dira ortziralean. Larunbatean, berriz, Alpheus jatorri jamaikarreko Londresko musikariak joko du, rocksteady eta ska estiloan, eta Los Retrovisores (Bartzelona) taldeak «yeye espiritua», soul eta R&B musika uztartuko ditu oholtza gainean. Bitartean, bertze bi emanaldi ere izanen dira, dohainik: Free Lane Irun?eko blues taldea bihar arituko da Rockollection aretoan, eta Bartzelonako Shake taldeak soula & rock-and-rolla joko ditu Zaldi Zuriaren kafetegiaren terrazan.
Gabezia bat betetzea
Unibertsalismoaren aldarria ere egin dute antolatzaileek: «Ehun urbanoa aprobetxatuko dute artistek». Izan ere, DJ saioak ere antolatu dituzte egunero, 23:00etatik Keops eta Baccara tabernetan.
Umeendako proposamen bat ere izango du jaialdiak aurten: Soularen historia kontzertu didaktikoa eskainiko du Musas y Fusas taldeak, larunbatean, 12:00etan, Kondestablearen jauregian. Azkenik, Fernando Mirrors artistak Black or White erakusketa zabaldu du areto berean. Artistaren hitzetan, «pop distortsionatua» eta «kultur aniztasuna» adierazteko estanpak eta eskulturak dira erakusketan bildu dituenak.
Musika beltzaren zalea da Sagardia, aspalditik, eta, haren hitzetan, gabezia bat betetzeko hasi zen lanean: «Beti joan behar genuen kanpora zuzenean musika hori aditzera, eta heldu zen momentua ekartzeko, edo hobe esana, Iruñean gure musika beltzaren jaialdi propioa egiteko. Hemen egin eta zabaldu».
Musika beltzaren espektroa aski zabala da Sagardiaren arabera, baina Beltza Weekenden arima zehatz irudikatu dute: «Soula du ardatza, 1960ko hamarkadako soula batez ere. Festibala soinu zaharrei begira dago, ez hainbertze egun sortzen den soularen interpretazioari». Halere, dioenez, ez diete aterik ixten bertzelako proposamenei, eta musika beltza osatzen duten bertze hainbat estilo ere hartzen dituzte kontuan: rhythm & bluesa, Jamaikako ska, reggaea, doinu latinoak, funka, boogalooa, manboa...
Iruñerrian zaletasun gero eta handiagoa sumatu dute antolatzaileek, hiria «gune bereziki musikala» iruditzen baitzaie. «Oso proiektu interesgarriak loratzen ari dira, bizitasun handiarekin». Eta testuinguru honetan, musika beltzaren ekarpena sartzen da naturaltasun osoz. «Sinesten dugu Beltza Weekend proiektuak batzen dituela hainbat pertsona. Iraganari egiten diogu so, egia da, baina aurrera begiratu ahal izateko egiten dugu».
Aldarrikapena erdigunean
Sagardiak sinesten du musikaren eraginean, eta uste du soulak (edo musika beltzak) balio duela aldarrikapenak egiteko. «Soul musika, hasieran, belztasunaren harrotasuna adierazteko modua zen, baina 60ko hamarkadaren erdialdean, soulak hartu zuen ikuspegi politikoagoa». Eta talde asko sortu ziren orduan, AEBetan eskubide zibilen mugimendua areagotu zelarik, musika beltza garrantzitsu bihurtu baitzen. «Bozgorailua izan zen, aldarrikapen sozialak ozen egiteko».
Summer of soul dokumentala da horren adibide argietako bat. Harlemen (New York) 1967an ospatu zen musika beltzaren jaialdiari buruzkoak kontatzen ditu, eta horregatik proiektatu zuten filma jaialdian, joan den larunbatean.
Jaialdiak balio die antolatzaileei musika eta kultura beltza ezagutarazteko, zalea izan edo ez. «Biniloak kaxoitik ateratzeko gogoz gaude».
Musika beltza Iruñea zurian
Beltza Weekend jaialdia bihar abiatuko da Iruñean. 48 artista igoko dira oholtzara. Sei kontzertu eta bertze hainbat jarduera eskainiko dituzte musika beltza ezagutarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu