Mikel Unzurrunzaga, 'Makala'. Musikari eta DJa

«Musika beltza euskaraz egitea izugarria litzateke»

Musika talde baten babesa eta beroa sentitu nahi zituen bakarkako saioetara ohitutako musikari eta DJak. Makala Jazz Funk Band osatu, eta 'Xake' argitaratu du, estudioko bere hirugarren lana.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Zarautz
2015eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Esnatzen denerako itsasoaren orroa entzuten du: «Hori da nire eguneroko musika». Orrua izena dute bai haren lanak plazaratzen dituen zigiluak, bai lan berriko kantuetako batek. Itsasoa eta musika ditu bizitzaren bi ardatz Mikel Unzurrunzaga Makala-k (Zarautz, 1970). Xakea du beste bat. Sarri jokatu ohi du xakean Zarauzko malekoiko Katixa tabernan. Han egin dugu hitzordua, eta azaldu digu Xake izenburuak ingelesezko shake-ri keinu bat egiten diola, astindu esan nahi duela, beraz, eta, xake jokoan bezala, zurien eta beltzen arteko jolasa dagoela Xake-n: «Gu zuriak gara, eta beltz izatera jolastu gara».

Xake partida baten antza al du musika sortzeak?

Bai, nahiko konplexua izaten da prozesua. Jendeak emaitza ikusten duenean pentsatzen du erraz ateratakoa dela, erraza dela 10-12 kantu osatu eta biltzea... Eta hemen lan handia dago, benetan handia ere. Konplexua da. Gustatzen zait pixkanaka-pixkanaka joan. Ez zait gustatzen, buruan disko bat egin behar dudala eta, kolpetik sortzea. Lehenik EP bat atera, bitartean taldea eginez joan, landuz, zuzeneko emanaldiak eskainiz... Ezin gara kexatu, kontzertu mordoa eman baitugu hemen Euskal Herrian zehar, areto eta jaialdi garrantzitsuetan.

Xakea oso mentala da, eta shake-k, aldiz, gorputz mugimendua adierazten du. Musika barrenetik bizi duzu, erraietatik, ala buru ariketa modura?

Ez dakit ba, bihotzetik, arimatik... auskalo. Nik oxigenoa arnasten dut, baina baita musika ere. Musikak bizipoza ematen dit. Hondartza diskoan [estudioko haren estreinakoa, Metak, 2005] bazegoen kantu bat Bizi poza izenekoa. Zorte handia izan dut agertoki eder honetan, itsasoaren parean jaiotzeagatik, eta ez zait besterik ateratzen. Kasualitatea da, Anestesia ere oso gertukoa baita, eta hori bai tripetako musika! [barreak]. Gaztetan bizi izan nuen tripetako musika hori, rock indartsua, eta harreman oso ona daukat hori lantzen duten askorekin, baina hau da ateratzen zaidana.

Herriko musikariei deitu zenien proiektua gauzatzeko. Zer moduz egokitu dira?

Elkar ezagutzen genuen, eta oso ondo egokitu dira. Musikari txarrena neu naiz. Ni DJa naiz. Baxu bat daukat, eta hura jotzen saiatzen naiz... Besteak musikari apartak dira: Ander Ederra gitarrista, Antton Sarasua teklista... eta Juan Otegirena bitxia da. Proiektu honetan bateria jotzen du, baina batez ere gitarra jotzailea da. Nire lana izan zen musika afroamerikarrera hurbil zitezen, ez baitzeuden ohituak. Gero, nik emandako zirriborroetatik abiatuta, eurek nola itzultzen zuten ikusteko. Antton izan dut lemazaina, berak prestakuntza musikal handia baitauka; ni kaleko musikaria naiz, solfeoaz ideiarik ez duena. Lehen emaitza izan zen 2013ko EPa, Orrua. Hango bi kantu sartu ditugu lan luzean: Orrua bera eta Wack Wack, The Young Holt Unlimitedena, 1950eko hamarraldikoa. Hirukoa ziren haiek, eta gu laukotea.

Zure asmoa laukote izatea zen, baina bosgarren kidea azaldu zen, Oihan Lotepetegi, kantaria gainera...

Bai, istripu moduko bat izan zen. Getariako Balentziaga museotik deitu zidaten, modarekin zerikusia zuen kontu batean parte hartzeko musika jarriz. Pare bat kantu abestu behar zituen berak. Neuk jarri nion musika, eta ondo hartu genuen elkar. Entsegu batera joateko gonbita egin nion. Azaldu zen, probak egin genituen bere tinbrearekin, eta gustatu zitzaigun.

Taldearen izenean jazz eta funk terminoak azaltzen dira, baina hori baino zabalagoa da zuen erregistroa.

Bai, oinarrian musika afroamerikarra dago. Logikoena izango litzateke Makala Musika Beltza Band edo horrelako zerbait izatea. Jazzaren azpiestilo bat da rhythm &bluesa, eta funkarena soula, eta baita disco musika edota hip-hopa ere. Oihanen ahotsak berak eragin digu eremua zabaltzea. Nik nahiko argi nuen 1950, 60 eta 70eko doinu beltz horiei egingo geniela omenaldi moduko bat, baina gure ikuspegitik, hau da, hautatuz oso ezagunak ez diren kantu batzuk, guk DJok rare edits deitzen ditugunak...

Ikerketa lantxo bat eskatzen du horrek.

Bai. Errazena litzateke Aretha Franklinen Respect hartzea, James Brownen Sex Machine... DJ naizen aldetik, atsegin dut ikerketa eta bilduma lan hori egitea. Nahiko frikiak gara, zertarako ukatu. Ziur nago Japoniako frikiren bati iritsiko zaiola gure Wack Wack-en bertsioa eta emozionatu egingo dela [barreak]. Nik frikismo hori elikatu nahi nuen lan honetan.

Rara avis sentitzen zara musika hau Euskal Herrian eginez?

Geroz eta gutxiago, egia esan. Zorionez, gero eta musika kultura handiagoa dago, eta gero eta talde gehiago dago musika beltzaren inguruan; Priscilla Band eta Cherry Boppers Bilbo aldean, Triz3ps eta Elkano Browning Cream Donostian... Baina, agian, euskaraz egitea falta zaigu.

Akaso, hor dago erronka handiena...

Oraingoz, ingelesez egin ditugu, eta bat frantsesez, kantaria eroso sentitzen delako. Baina baditut zirriborro batzuk euskaraz eginda, eta ikusiko dugu zer ateratzen den. Badakit ingelesez eginez nazioartean talde bat gehiago garela, besterik ez, eta zergatik ez euskaraz egin! Beti esaten dut Afrikak Entzun diskoa egin zuenean 2004an aire berezi bat eman ziola euskal musikari. DJ moduan, esango nuke rare edit bat izan zela. Musika beltza, soul eta funky oinarriekin, euskaraz egitea izugarria litzateke.

Esan duzu sendotu dela musika kultura. Musika dantzagarri, elektronikoaren inguruan kosta egin da, hala ere.

Duela hamabost urte inguru saiatu ginen panorama astintzen. Hor zen Novophonic zigilua Javi Pezekin, Elektronikaldia, eta abar... Musika elektronikoa ulertzea kosta egiten zen artean. Drogekin, bakalaoarekin lotzen zen... Baina musika kultura sendotu egin da, eta jada, uste dut, jendeak badakiela zer den zer. Badaki bereizten. Jaialdi handiak hasi dira musika elektronikoa edo dantzagarria programatzen, eta baita areto txiki, taberna eta gaztetxeak ere. Nik gaur egun Bukwoskin jartzen dut musika sarri, eta hor dagoen aniztasuna handia da; rockzaleak, punkzaleak, musika beltza maite dugunok, oso ondo bizi gara elkarrekin. Nik uste ondo gabiltzala. Ezin dugu ahaztu herri txiki batean bizi garela eta urrats bakoitza asko kostatzen dela, baina ondo goaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.