MUSIKA. Artista nerabearen erretratua

2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bob Dylanen altxorren kutxa ez da inoiz agortzen. Bootleg (pirata) saileko bederatzigarren eskaintza honetan artistaren irudi berezia eskaintzen da, nerabe batena edo. Hogei urterekin heldu zen New Yorkera1961eko otsailean, gitarra eskuan eta harmonika poltsikoan; urrian bazuen Columbiarekin grabatzeko kontratu bat. Eta bide batez kantu argitaletxe batekin hasi zen lanean; modu ezin hobea bere kantuak beste artistei saltzeko. Entrepresa honek, Witmark-ek, estudio txikia zeukan oinarrizko maketak egiteko eta gela horretan aritu zen etorri berria. Gela honetan grabatutako leloak dira bilduma honen langaia. Kantu batzuk han hemenka agertu dira aurretik (Walkin' down the line, Don't think twice, it's all right, When the ship come in, The times they are a-changin'), baina bertsio gehienak lehenengo aldiz entzungo ditugu, gainera horietako hamabost berri-berriak direla.

Zer topatuko dugu disko bikoitz honetan? Hogeita bat urteko mutilbaten 40ren bat kantu, era kronologikoan ezarrita. Gezurra dirudi, baina hortxe daude hitz eta melodia historikoak: Blowin' in the wind, zazpi minutuko A hard rain..., Tomorrow is a long time, Talkin' John Birch paranoid blues, Masters of war, Don't think twice..., I shall be free, Girl from the north country, The times..., Mr. Tambourine man eta abar. Kantu gehienak gitarra batez eginda daude, batzuetan zapatek egindako perkusioa entzuten da, beste batzuetan Dylanen komentarioak edo afinazioak heltzen zaizkigu (All over you, Boots of Spanish leather), lelo baten bat moztuta topatzen dugu hasieran, artistaren eztula ere ez da falta (Whatcha gonna do?)... Gutxitan entzuten dira harmonika (bigarren diskoan batipat) eta pianoa. Ez dago reverb-ik edo bestelako efekturik, eta zintaren kalitatea ez da beti onena. Baina hauxe da artista nerabe eta emankorraren argazki bikainena. Aipatu beharra ditugu ere Colin Escott kritikariaren barruko azalpenak, orduko egoera hobeto ulertzearren. Argazkiak eta bestelako material osagarria irizpide ederraz aukeratu dituzte. Musika prozesuaren zalea bazara, primeran; Dylanen kantuak gustukoak badituzu izugarri poztuko zara. Bestela ez duzu ulertuko hemen eskaintzen den altxorra.



BOB DYLAN

Diskoa: 'The Witmark Demos. 1962-1964. The Bootleg Series. Vol. 9'.

Diskoetxea: Legacy Columbia / Sony.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.