MUSIKA. Argitaratu berriak.

2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
A. KUVEZIN & YAT-KHA

'POETS & LIGHTHOUSES'

CADIZ MUSIC

Bost urte igaro dira Tuvako (Siberia) kantariak azken diskoa kaleratu zuenetik. Hau ere Hunn Huur Tu taldea utzi eta orduz geroztik bidelagunduen Yat-Kha taldearekin batera egin du. Rock musika ulertzeko oso modu berezia du Kuvezinek, nahiz eta azken disko hau, agian, sosegatuagoa gertatu. Adierazgarria da Tuvako kantarien modu guturala eta haren txertatzea mendebaletik oso hurbil dauden melodietan. Sabelaren sakon-sakonetik datozen ahotsak dira, eta lan handia egin du Kuvezinek haien gaurkotzea aldarrikatzeko. Kantari eta baxu jotzaileak argi uzten du batzuetan merezi duela bosturtez itxarotea.. ANDONI TOLOSA

SUN KIL MOON

'ADMIRAL FELL PROMISES'

CALDO VERDE

Mark Kozelek-en bakarkako ibilbidea Red House Paintersena bezain erakargarria ez dela uste dugunon iritzia aldatzen hasteko arrazoi sendoak ematen ditu disko honek. Sun Kil Moonen aurreko April hura ez bezala, Admiral Fell Promises hau bakarka egin baitu Kozelekek, ohiko osagaiekin:ahots bero eta sarkorra eta gitarra akustikoa; tarteka gitarra klasikoa ere erabili du, eta haren arpegioez edertu ditu abestiak. Baina kantuak, ohi moduan luzeak, zuzenagoak atera zaizkio, balizko monotonia saihestuz. Adibideak: Alesund, Sam Wong Hotel, You are my sun edota izenburukoa. Itzali argiak eta sakatu play. Lasaigarria.JON ESKISABEL

THE THIRD EYE FOUNDATION

'THE DARK'

ICI D'AILLEURS / NUEVOS MEDIOS

Jantzi elektroniko guztiak erantzita, Matt Elliottek The Third Eye Foundationen ibilbidea itxita zuela ematen zuen. Inspirazio europarreko folkari atxikita, duela mende bat edo bi idatziak egon zitezkeen alkoholez beteriko kantuez osatu ditu azken hamarkadako diskoak. Lan mingarriak izan dira, Elliotten beraren ilunpeen barrunbean arakatzeko eskalpeloak. The Third Eye Foundationi berriro lotuta, ahotsak ezkutatu ditu, gaztaroko beat ilunak berreskuratzeko. Baina atsekabeak hortxe segitzen du, bost ataletan banatutako sinfonia beldurgarri honetan. MIKEL LIZARRALDE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.