«Garai guztietarako euskal musika editatzea, berreskuratzea eta ezagutaraztea da gure helburua. Proiektu zirkularra da hau, eta bere 360 graduetan ulertu behar da. Partiturak editatzea ezinbesteko oinarria da guretzat, baina, behin hori eginda, piezok entzungai jarri behar dira». OndarE Oficina egitasmoaren funtsa, Josu Okiñena pianista, ikerlari eta irakaslearen arabera. Bera da egitasmoaren sortzailea, eta, Koldo Mitxelena kulturunean atzo emandako prentsaurrekoan adierazi zuenez, zirkulartasun horren barruan kokatu behar da Ondare Music, papereratutako piezak grabatzeko sortu duten zigilua.
Eta zirkulua biribiltzeko, piezok jendeurrean interpretatzeko kontzertuak programatzen dituzte. Emanaldiotan, euskal egileen lanak nazioarteko izen handienen ondoan kokatzen saiatzen dira. «Gure musikaren balio benetan unibertsala ezagutaraztea baita proiektu honen azken helburua. Oraindik ez gara jabetzen herri honek eman digun musikari mailaren norainokoaz. Gu bitartekariak gara».
Okiñenak atzoko agerraldian erantsi zuenez, musika arlokoez haragoko jakintzak eta lanak ere kudeatu behar izaten dituzte, piezak argitaratzeko eskubideen inguruko kontu guztiak ere zehaztu egin behar direlako. «Osagarri asko hartu behar dira kontuan, beraz. Eta oinordekoen baimena ezinbestekoa da. Guk zerbitzu bat eskaintzen diegu, kudeatzen dituzten obrak argitaratzeko, grabatzeko eta programatzeko».
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa da ekimenaren zirkulua marrazten hasteko ezinbesteko puntu bat, bertan «milaka eta milaka» pieza gordetzen baitituzte, aztertuak, sailkatuak, argitaratuak izateko zain. «Eresbil egiten ari den lan eskerga horretatik abiatuta da posible duela hainbat urte sortu zitzaidan beharrari erantzutea».
Hastapena
Euskal konpositoreen piezak editzea, horixe Okiñenak ikusi zuen beharra; atzerrian euskal musikarien piezak jo eta piezon partiturak eskatzen hasi zitzaizkionean. «AEBetako, Latinoamerikako, Japoniako musikariek nahi zituzten, jotzeko, eta orduan konturatu nintzen ez zeudela eskura, ez zegoela aukerarik gure musika ondarea zabaltzeko».
Gabezia horren kontzientzia izan zen OndarE Oficina abiarazteko akuilua, bada. «Lan kolektiboa da gaur egun. Ikerlariak eta zenbait eragile ari dira bertan». Horren berresteko, Enrique Azurza prentsaurreko mahaian izan zen atzo, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen izenean. «Proiektu hau ez da erronka erraza; beharrezkoa da, baina».
Tomas Garbizuren (Lezo, Gipuzkoa, 1901 - Donostia, 1989), Aita Donostiaren (Donostia, 1886 - 1956), Pascual Aldaberen (Lesaka, Nafarroa, 1924 - Donostia, 2013) zein Gabriel Erkorekaren (Bilbo, 1969) hainbat konposizio editatu dituzte dagoeneko; guztira, hogeitik gora.
Ondare Music zigiluarekin, berriz, Aita Donostia. Gabon kantak diskoa aurkeztu zuten joan den hilean. Okiñenak berak eta Gillen Mungia tenorrak interpretatutako 38 pieza bildu zituzten lan horretan —horietatik 25, argitaragabeak—. Abian dauden proiektuen artean, berriz, bi nabarmentzen dira: Aldaberen obra osoa editatu nahi dute haren jaiotza mendeurrenerako —«Akelarre obra editatzen bukatzen ari gara oraintxe bertan»—; eta Garbizuren lan osoa ere argitaratzeko asmoa dute, Jon Makuso ikerlari eta biolinista haren obraren inguruan egiten ari den ikerketa oinarri hartuta.
Entzuleen artean zegoen Makuso atzo, eta baita Erkoreka konpositorea, Koldo Saragueta kaputxinoa —Aita Donostiaren ordezkari gisa— eta Pascual Aldaberen eta Tomas Garbizuren oinordekoak ere. «Oinordeko guztiei esker bereziak eman nahi dizkiet, proiektuarekin izan duten konfiantzagatik», azpimarratu zuen Okiñenak.
Eusko Jaurlaritzari ere esker bereziak eman zizkion, Kultura Sailaren deialdi publikora aurkeztu ostean jasotako laguntzagatik. «Bizia behar du izan ondareak. Okiñena maisuaren eskutik aurkezten dugun proiektu hau horren erakusgarri on bat dela uste dut. Musika sisteman, tresna ezinbestekoa da, gure musika historiako lanak berreskuratu eta hemen bertan eta mundura zabaldu ahal izateko. Jaurlaritzari honelakoak laguntzea dagokio», erantzun zion Bingen Zupiria Kultura sailburuak.
Musika altxorrak gizarteratzeko egitasmo «zirkularra», abian
OndarE Oficina proiektuak hogeitik gora konposizioren edizio kritikoak eta disko bat argitaratu ditu dagoeneko. Josu Okiñena pianista eta ikerlaria da egitasmoaren sortzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu