Kutxa Fundazioa-Gordailua beka aurkeztu dute aurten bigarrenez Kutxa fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Kultura ondarearen kontserbazioa, ikerketa, berrikuntza eta sozializazioa sustatzea» da bekaren helburu nagusia, eta bihar amaitzen da izena emateko epea. Proiektua Gipuzkoako Gordailuan hasi eta bukatzeaz gain, Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroan sei hilabeteko egonaldia eskaintzen du bekak. Horretan ari da, zehazki, Goizane Aizpurua (Deba, Gipuzkoa, 1984) prebentzio alorreko kontserbatzaile eta iazko irabazlea. «Nire jakintzak eta proiektuak besteen eskura jartzen eman ditut azken zazpi urteak; nik neuk jakintza berriak eskuratzeko abagunea izan zitekeela pentsatu nuen».
Arte Ederrak ikasi zituen Aizpuruak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta arte biltegietan lan egiten eman ditu azken urteak. Kutxa Fundazioa-Gordailua bekak zaharberritze jasangarriaren arloaren kanpoko egoera ezagutzeko aukera eman dio. «Europan erreferentziazkoa den zentro batean ikasteko aukera oso ona izaten ari da». Horregatik erabaki du, hain zuzen, bere bizitza profesionalean «parentesi bat» egitea. «Hiru ikerketa bide nituen, eta garraio, biltegiratze eta erakusketetarako kultura ondasunen egokitzapenari aplikaturiko jasangarritasunaren ingurukoa hautatu nuen». Helburua? Artelanei ahalik eta bizialdirik luzeena bermatuko dieten kontserbazio material jasangarriak aurkitu, moldatu eta erabilgarri egitea.
Bekaldia hasi eta lehenengo hiru hilabeteak Gordailuan eman zituen, «biltegietako eguneroko lana zein den ikasten». Aurretik ere biltegi desberdinetan aritu zenez, ez zitzaion «arrotza» egin. Suitzara joan zen ondoren, eta han jarraitzen du oraindik ere. «Lehen hilabete eta erdia Museo Nazionaleko Bilduma Zentroko egunerokotasuna ezagutzen eman dut». Departamentuak zeintzuk diren, profesionalek zer egiten duten edota berak zer eman dezakeen aztertzeko denbora izan da. Orain, bere proiektua ere bada museoko egunerokotasunaren parte, eta artelanak kontserbatzeko materialak ikertzen hasi da. «Artelanak kontserbatzeko, plastikoekin egiten dugu lan maiz, eta erabilera bakarra ematen diegu. Hori ez da batere jasangarria».
Museo Nazionaletik bueltan, bestelako zeregina izango du kontserbatzaileak: «Ondorioak ateratzeko ordua izango da». Gipuzkoako Gordailuaren eta Suitzako Museo Nazionaleko Bilduma Zentroaren artean antzekotasunak eta aurkakotasunak aurkituko dituela badaki, baina azpimarratu du bakoitzaren ñabardurak kontuan hartzea ere oso garrantzitsua dela. «Tamaina, funtzionamendua, jasotzen dituzten diru iturri publiko eta pribatuak... Beti egongo dira moldatu beharreko gauzak».
«Konexioen» beharra
Lan egiteko era desberdina da biltegi bietan. «Suitzako Zentroan departamentu desberdinak dituzte, eta 50 bat langile dira guztira». Dinamikak eta prozesuak errazten ditu horrek eta, ondorioz, «inertziak» bultzatzen du egin beharreko lana. Departamentuek, gainera, elkarrekin egiten dute lan, eta Aizpuruaren proiektuan ehungintza sailak eta ikerketa sailak hartzen dute garrantzi berezia. «Kolaborazio bat da. Zer behar dute? Non jarri nahi dute indarra?».
Suitzako Bilduma Zentroak, zehazki, hiru museoko ondare eta artelanak biltzen ditu. Gordailuak, berriz, Gipuzkoako ondasun higigarriak besterik ez ditu gordetzen. Aizpuruaren ustetan, Gipuzkoan eta, oro har Euskal Herrian, «konexio» gehiago beharko lirateke. «Elkarren arteko proiektuak garatzeko harreman gehiago izan beharko lituzke Gordailuak museoekin, unibertsitateekin edota galeriekin». Europako museo askotan, esaterako, praktiketan dauden ikasleak hartzen dituzte, ez bakarrik lan egiteko, baizik eta gradu eta master amaierako lanak garatzeko ere bai. «Hartu-eman bat dago; museoek badakite ikasleetatik zer jaso dezaketen eta ikasleei zer eman ahal dieten».
Beste arlo askotan bezala, artearen mundu profesionalean sartzea ez da erraza. «Itsu-itsuan» ematen dituzte askok lehen pausoak, Aizpuruak bezala. Horregatik dira, haren iritziz, beharrezkoak zentro horietan lan egiteko aukera ematen duten bekak: «Gipuzkoako Gordailuko zaharberritze tailerrean lan egiteko lortu nuen beka izan zen niretzako garrantzitsuena». Prebentzio alorreko kontserbazioa beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera eman baitzion. «Gordailuak izugarrizko lana egiten du horrelako aukerak eman ahal izateko. Eta oso eskertzekoa da». Kutxa Fundazioa-Gordailua bekak, hain zuzen, 30.000 euro eta 12.000 franko suitzar emango dizkio hurrengo bekadunari, Aizpuruak bezala haren proiektua garatu dezan.
Goizane Aizpurua. Prebentzio alorreko kontserbatzailea
«Museoek badakite ikasleetatik zer jaso, eta ikasleei zer eman»
Kutxa Fundazioa-Gordailua beka irabazi zuen iaz Goizane Aizpuruak. Artelanak kontserbatzeko materialak jasangarri bihurtzeko proiektua garatzen ari da orain, Suitzako Museo Nazionaleko Bilduma Zentroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu